Sakanerrian:
Hirigintza aldaketagatik batzarrerako deia arakildarrei. Hiriberriko partzela baten hirigintza antolaketan aldaketa egin aurretik, herritarrek parte hartzeko prozesua eginen da. Batzarra Hiriberri Arakilgo Kontzeju etxean izanen da maiatzaren 8an, ostegunean, 19:00etan. Arakildarrak batzarrera deitu ditu Arakilgo Udalak. Hiriberri Arakilen Eskolarantz eta Goialde kaleen artean dagoen partzela baten hirigintza antolaketa aldatu nahi du udalak, eta horrek berarekin herritarrak parte hartzeko bidea ematea dakar berarekin. Horregatik gaurko batzar deialdia. Aipatu partzela kontzeju etxearen eta markesinaren artean dago eta udalak erosi egin zuen etxeak eraikitzeko aukera izateko. Izan ere, etxebizitza premia nabaria da bai Hiriberri Arakilen bai ibar osoan. Partzelak 7.127,26 m2-ko azalera du. Indarrean dagoen hirigintza arauaren arabera 18 etxe elkarri atxikiak eraiki daitezke (hiruko sei eraikin) edo 20 etxebizitza (hiru etxe elkarri atxikitako lau eraikin eta lau pisuko bi eraikin). Eraikinek behe solairua eta beste bi izanen lituzkete. Alternatibak. Ondoko partzelatan aurreikusitako etxebizitzak, berdegune eta kalerako espazioak, etxebizitzen orientazioa, aparkalekuak eta bestelako ezaugarriak kontuan izanik, udalak batzarrera sei aukera eramanen ditu. Ez dira aukera itxiak, oraindik ere haien gainean moldaketak egin daitezkeela gaztigatu dute udaletik.
Bake epaile eta ordezkoaren bila. Udaletxean eskabideak aurkezteko aukera dago. Urdiaingo Udalak jakinarazi du bake epaile titularraren eta haren ordezkoaren karguak hutsik daudela. Hori dela eta, hutsik dauden bi kargu horiek betetzeko deialdia egin du udalak. Ardura bere gain hartu nahi duenak eskabidea udaletxean maiatzaren 26rako aurkeztu beharko du.
Enpresak kontsumo bonuen kanpainan izena emateko epea zabalik dago. Bete beharreko inprimakia altsasu.eus webgunean dago. Altsasuko Udalak eta Altsasuko Dendarien Elkarteak (ADE) herriko establezimenduak deskontuak eskaintzen dituzten bonuen kanpaina eginen dute aurten ere. Bertan parte har dezakete ADEko kide diren eta ez diren txikizkako merkataritzako Altsasuko establezimendu guztiek. Beti ere, baldin eta 300m2 baino gutxiagoko salmenta azalera badute. Salbuespena altzariak saltzen dituzten establezimenduak dira, horietan ez baita aplikatuko adierazitako salmenta azaleraren muga. Kanpainarekin bat egin nahi duten merkataritza eta zerbitzu establezimenduek 16ra egin dezakete, udalaren webgunean dagoen inprimakia betez.
Trenbideko lanek tren zerbitzuari eraginen diote asteburuan. Zuasti eta Uharte Arakil artean obrak egiten ari direlako, Renfek 35 autobus-zerbitzu antolatu ditu, larunbatean eta igandean bidaiarien mugikortasuna bermatzeko. Arakil ibaiak gainezka egin zuen irailean eta Sakana Iruñearekin lotzen duen trenbidean kaletak eragin zituen bi kilometroko tartean. Hori konpontzeaz tren azpiegituren mantentze lanetan aritzen den Adif enpresa arduratzen da. Adif egiten ari den obren ondorioz, maiatzaren 10ean eta 11n, larunbatean eta igandean, tren zerbitzua eten beharko da Zuasti eta Uharte Arakil artean. Adifek balastoa berrituko du, eta drainatzeko eta ezpondari eusteko obrak ere egingo ditu. Jarduketa horiei esker, gainera, abiadura-muga kendu ahal izango da inguru horretan. Lanek distantzia luzeko eta ertaineko zerbitzuetan izango dute eragina. Bidaiarien mugikortasuna bermatzeko asmoz, Renfek errepide bidezko garraio plana abian jarriko du kaltetutako ibilbide eta egunetako tren guztietarako. 23 autobus-zerbitzu antolatuko dira distantzia ertaineko bidaiarien mugikortasuna bermatzeko; eta 12 autobus zerbitzu, distantzia luzeko bidaiariendako. Hala, distantzia ertaineko trenetako bidaiariek errepidez egingo dute Iruña eta Uharte-Arakil arteko tartea. Distantzia luzeko Bartzelona-Vigo / A Coruña-Salamancako zerbitzuak Logroñotik desbideratuko dira. Bestalde, maiatzaren 10ean eta 11n, Donostia eta Bartzelona arteko trenetako bidaiariek errepidez egingo dute Donostia eta Iruña arteko tartea, baita Bartzelonatik Donostiarako trenetakoek maiatzaren 9an eta Donostiatik Bartzelonarako trenetakoek maiatzaren 12an ere. Ordutegiak renfe.com webgunean egongo dira ikusgai.
Kirolak:
Pilotan, Irurtzun Pilota Txapelketan, final zortzirenetako azken partidak. Biaizpe pilotalekuak jardunaldi bikoitza hartuko du maiatzeko bigarren asteburuan. Irurtzungo Olaetxea, Azpiroz eta Santesteban ariko dira lehian. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehen mailan 24 bikote ari dira lehian, eta bigarren mailan 18 bikote, afizionatuen mailako onenak. Partida guztiak kanporaketa zuzenak dira. Egun, txapelketa final zortzirenetan murgilduta dago. Maiatzaren 7ko emaitzak. Maiatzaren 7an, asteazkena, final zortzirenetako bi partida hartu zituen Biaizpe pilotalekuak. Bigarren mailan Tolosak eta Legarretak (Tolosa-Hernani) 22-7 hartu zituzten mendean Salaberria (Irurtzun) eta Agirre (Oberena). Beraz, bidean geratu da etxeko klubeko pilotarietako bat, Salaberria. Lehen mailan, ordea, aurrera egin zuten Azketak (Tartaloetxe) eta Bergera arruazuarrak (Irurtzun), Arribillagari eta Peñalverri (Lagunak) 22-13 irabazi eta gero. Final zortzirenetako azken partidak: Asteburuan lehen mailako final zortzirenetako azken partidak jokatuko dira. Jardunaldi bikoitza hartuko du Biaizpe pilotalekuak.
Areto Futbola, Osasuna Magna Xota, helburua lortzera. Talde irurtzundarra play-offetara sailkatuko da Anaitasunan Illes Balears Palma Futsal mendean hartzen badu. UEFA Futsal Champions Leagueko geldialdia eta gero, bueltan da lehen mailako areto futboleko liga. Osasuna Magna Xotak, hain zuzen ere, Champions Leagueko txapelduna, Illes Balears Palma Futsal taldea hartuko du maiatzaren 9an, ostirala, 19:30ean Anaitasunan. Talde berdeak ohorezko pasilloa egingo dio aldi berean lehen mailako liderra den Palma Futsali. Halako arerioa izanda, Miguel Hernandezek ez dute partida erraza aurretik, baina Xota ez da kikilduko eta hiru puntuak lortzera aterako da, saria ederra baita: lehen mailako ligako tituluaren borrokan, play-offetan sartzea. Ligako lehen zortzi taldeek jokatuko dute play-offa, eta ligako bi jardunaldiren faltan Osasuna Magna Xota zortzigarren da (38 puntu). Palma Futsalen kontra irabaziko balu, automatikoki lortuko luke play-offetan egotea. Bestela, azken jardunaldiak erabakiko luke. Talde irurtzundarrak zaleei babesa eskatu die, Juninho jokalariak berriki azaldu duen moduan, “etxean jokatzen dugunean, ezberdintasuna nabaritzen delako”. Talde berdea Palma Futsal hartzeko “oso gogotsu” dago. Hala azaldu du Ion Cerviño irurtzundarrak. “Egiten ari garena hobetzeko jarrera positiboarekin gaude, eta Europako txapeldunari harrera egiteko oso gogotsu”.
Futbola, Lagun Artea, bi igoera faseetan murgilduta. Klub lakuntzarreko kadete urdinek eta jubenilek igoera faseari ekingo diote. Lakuntzako Lagun Artea Kirol Elkarteko bi talde igoera fasean murgilduko dira asteburuan. Kadeteen bigarren mailako Lagun Artea talde urdinak Ademarren kontra jokatuko du etxean, maiatzaren 10ean, larunbata, 16:00etan, Zelai Berri belar naturaleko zelaian. Itzuliko partida datorren asteburuan jokatuko dute, Sarrigurenen (Maristak).
Jubenilen bigarren mailako Lagun Artea taldea igoera fasean hasiko da baita ere. Maiatzaren 10ean, larunbata, 19:45ean Rotxapea izango du aurkari, Iruñeko El Iratin. Itzuliko partida astebete beranduago jokatuko da, Lakuntzako Itxesalde zelaian.