Sakanerrian:
Haurrendako aisialdi programarako begiraleak behar ditu Lakuntzako udalak. Udala beharrean Dindaia fundazioa arduratuko da. Lakuntzako Udalak haurrendako Udan Euskaraz aisialdi eskaintza prestatzen ari da. Jakinarazi duenez, aurten Dindaia fundazioaren bidez eskainiko da. Begirale gisa lan egin nahi dutenek beraien curriculuma zuzenean Dindaia fundazioari aurkeztu beharko diote zerbitzuak@dindaia.eus posta elektronikoaren bide. Aisialdi begirale titulua, magisteritza eta euskarazko C1 maila izanen dira lehenetsiko diren irizpideak. Curriculumak bidaltzeko azken eguna garagarrilaren 11n izanen da.
Urdiainek baso aprobetxamendua salduko du. Hiru lotez osatutakoa da. Urdiaingo Udalak 31.243,51 euro eskatzen ditu saldu nahi duen baso aprobetxamenduagatik. Hiru loteetatik aurrena beheko basoan dago eta 320,10 m3-ko pago enbor txikiz osatuta dago. Haren balioa 1.280,34 eurokoa. Hurrengo lotea bargan dago, 1.340,3 m3-ko pago enbor txikiz osatuta dago eta 8.041,85 eurotan baloratu du udalak. Atzeneko lotea ere bargan dago eta pago enbor txikiz osatuta dago, 2740,2 m3-ko bolumena eta 21.921,32 euroko balioa du. Eskaintzak aurkezteko epea garagarrilaren 12an despedituko da.
Industriak Altsasun, Kapitansoron, jarduera ekonomikoen eremu berri bat jartzeko azterketa bultzatu du. Helburu horrekin, lehen lan-bilera egin zuten atzo Foru Exekutiboko eta Udaleko arduradunek. Enpresa Sustapeneko zuzendari nagusia den Iñigo Arrutik talde teknikoaren bilera zuzendu zuen atzo. Talde horretan gobernuko eta udaleko kiedak daude. Altsasuko herrian, zehazki Kapitansoron, jarduera ekonomikoen eremu berria jartzeko proiektuaren bideragarritasuna aztertzeaz arduratuko dena.
Kiroletan:
Areto Futbolean, Marea berdea, play-offetarako gogotsu eta prest. Play-offetako final laurdenetan Osasuna Magna Xotak Palma Futsal du aurkari. Joaneko partida gaur jokatuko da Mallorcan. Gogotsu eta prest daude Miguel Hernandezen mutilak, marea berdea baita ere. Toni Escribanok Xota utziko duela azaldu du. Osasuna Magna Xotan mugimendu handiko egunak izan dira hauek. Gaur, maiatzaren 29an, hasiko dira titulua erabakitzeko play-offak, eta erronkari aurre egiteko prest dago talde irurtzundarra. Play-offak ligan lehen zortzi postuetan sailkatu diren taldeek jokatzen dute: Servigroup Peñiscola (64 puntu), Palma Futsal (62 puntu), Barça (62 puntu), Movistar Inter (59 puntu), Jimbee Cartagena (51 puntu), Jaen Paraiso Interior (44 puntu), Osasuna Magna Xota (44 puntu) eta El Pozo Murcia (42 puntu). Play-offetako final laurdenetan, Peñiscolak (1.) El Pozo Murcia (8.) izango du aurkari, Palma Futsalek (2.), Osasuna Magna Xota (7.), Barçak (3.) Jaen Paraiso Interior (6.) eta Movistar Interrek (4.) Cartagena (5.). Kanporaketak oso berdinduak izango direla aurreikusten da. Joaneko partidak gaur, maiatzaren 29an, ostegunarekin jokatuko dira. Osasuna Magna Xotak 19:30ean jokatuko du, Mallorcan, Palma Futsalen kontra. Itzulerakoa ekainaren 1ean, 12:00etan, erabakiko da, Anaitasunan. Berdinduz gero, hirugarren partida ekainaren 4an jokatuko litzateke, sailkapenean hobekien klasifikatuta dagoen taldearen etxean, hau da, Mallorcan. % 200ean. Osasuna Magna Xota gogotsu abiatu da Mallorcara. Ligako azken aurreko jardunaldian Palma Futsal mendean hartu zuten, eta horrek konfiantza handia eman die. “Gu bezalako talde umil bat play-offetan dago berriro ere, eta oso hunkigarria da. Taldearendako erronka itzela da, badakigu noren kontra jokatzen dugun, eta erronkarako prest gaude, aurretik halakoak ere gainditu ditugulako. Berdeak gara, nafarrak gara, nahiko burugogorrak. Emozio handiz bizi dugu. % 200 emango dugu” nabarmendu zuen Miguel Hernandezek, Palmara abiatu baino lehen. Marea berdea. Igandean Anaitasunan jokatuko den partidarako 2.000 kamiseta berde oparituko ditu Xotak, Lacturale esneak eta Talleres Goñi babesleen laguntzari esker. “Anaitasuna gotorleku izatea nahi dugu, marea berdea”. Toni Escribanoren agurra. Toni Escribanok agur esango dio Xotari, talde berdean bost denboraldi egin eta gero. Mostolesko jokalariak ziklo bat bete duela uste du, eta “beste abentura bat bizitzeko gogoa” du. Une honetan, nolanahi ere, play-offetan zentratuta dagoela nabarmendu zuen jokalariak. “Xotarendako soilik hitz onak dituk, eskerrik beroenak eman nahi dizkiet klubeko kide guztiei, etxean sentitu naiz. Alde horretatik pixka bat triste nago, baina bestetik oso kontentu guztion artean play-offetan egotea lortu dugulako”. Jokalari madrildarrak “Xotan zentratuta” jarraitzen duela nabarmendu du. “Orain garrantzitsuena play-offak dira. Nire taldekideekin erronkari erantzuteko prest nago”.
Txirrindularitzan, Isaac Del Torok ez du azkeneko hitza esan. Bezperan San Valentinon ahulezia erakutsi ondoren, Mortirolon nagusi izan zen UAE Emirates taldeko liderra eta garaipen handia lortu zuen. Carapaz da bere arerio nagusia Giroan. Alpeetako goi mendietako lehen etapa garrantzitsuan Isaac Del Torok maglia arrosari eutsi zion baina neke zantzuak nabaritu zitzaizkion. Krisialdia UAE Emirates taldean, Juan Ayusok eskuin belaunean dituen arazoengatik pott egin zuela gaineratuta. Askok akabatuta ikusi zuten, baina inola ere ez. Atzo, Mortirolo mitikoa gainditu zuten proban sendo aritu zen UAE Emirates taldeko zezena eta etapa garaipenarekin kolpea eman zuen mahai gainean, Giroa irabazteko hautagaien artean dagoela erakusteko. 4 segundo atera zizkion Richard Carapaz (Education First) bere arerio nagusiari, eta 15 segundo Simon Yates-i (Visma). Igor Arrieta 46. postuan iritsi zen, 12:29ra. Sailkapen orokorrean Del Torok jarraitzen du maglia arrosarekin (65:30:34), 41 segundora Carapaz eta 51 segundora Yates dituela. Igor Arrieta 34. postuan dago, (1:25:41), talde lan bikaina eginda. Gaur, maiatzak 29, Giroko hemezortzigarren etapa jokatuko da, Morbegno eta Cesano Maderno artean (144 km). Trantsizio etapa da, gorabeheratsua, lehen zatian hirugarren mailako hiru portu, eta azken 44 km-ak lauak dituena, ihesaldietarako edo geratzen diren esprinterrendako aproposa.
Irurtzungo Pilota txapelketan, Igoa-Arbizu eta Armendariz-Lazkoz aurrera. Afizionatuen mailako txapelketa ezaguna aurki finalerdietan sartuko da. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketako final laurdenen azken saioa jokatu zen atzo Irurtzunen. Sakandarrei dagokienez, bigarren mailan Irurtzun klubeko Armendariz eta Lazkoz bikoak egin zuen aurrera, eta lehen mailan, Irurtzun klubeko Igoak eta Arbizuk bidean utzi zuten Irurtzungo Ongay eta Hernaniko Lizeaga. Txapelketa aurki finalerdietan sartuko da. Finalak Trinitate