Eskuin muturreko edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko indarkeriaren biktimak aitortzea eta erreparatzea helburu duen 16/2019 Foru Legearen Batzordeak 21 aitortza berro ebatzi ditu. Hala jakinarazi dute Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen sareak. Aitortza jaso dutenen artean bost sakandar daude.
Bost aitortzak
Santi eta Juanjo Agirre Galartza anai iturmendiarrak. Espainiako Polizia Nazionalak anaia bakoitza bi aldiz torturatua 1980ko otsailean eta lastailean, eta beste behin Guardia Zibilak 1980an eta 1981ean, hurrenez hurren.
Manuel Azkagorta Agirre olaztiarra, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 1981ean eta 1984an.
Iban Verdugo Markotegi etxarriarra, Guardia Civilak torturatua 1997an.
Xabier Flores Bengoetxea, Espainiako Polizia Nazionalak torturatua 2005ean.
Adierazpenak
Egiaren garaia da Inklusio memoria Nafarroarendako dinamikako kideek “positiboki” hartu dituzte aitortza ofizial berri horiek. “Izan ere, Nafarroan inongo bazterketarik gabe estatuaren biktima guztien egiarekin eta justiziarekin konprometituko den elkarbizitzarako esparru bat eraikitzeko bidean aurrera pausoak direla uste dugu, eta, baita, estatuaren eta eskuin muturreko taldeen aldetik sei hamarkadatan izandako indarkeria politikoa argitzeko pausoak ere”.
Azpimarratu dutenez, “Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aitortutako kasuek berriro erakusten dutela Nafarroako torturaren errealitatea lazgarria dela, eta botere publikoek erantzukizunez heldu behar diotela gaiari”. Gaineratu dutenez, “erantzukizun publikoak nork bere gain hartu behar ditu, eta uste dugu Nafarroako Gobernuak, honi dagokionez, aurrera egin behar duela. Hilaren 26a, Torturaren Biktimak Babesteko Nazio Batuen Nazioarteko Eguna, data egokia izan liteke horretarako”.
Adierazi dutenez, “21 kasu berri horiek gure herrian torturaren aplikazioak izan duen irismenaren lagin txiki bat baino ez dira, eta Batzordeak orain arte aitortutako kasuen kopuruak argi eta garbi erakusten du hamarkadetan zehar salatu dugun zerbait: tortura sistematikoki aplikatu dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan. Hainbat eragileren ukazioa eta kontakizun interesatua bezain sistematikoa”. Horiek “ezinbestean aztertu beharreko gertaerak” direla azaldu dute. “Zergatik torturatu gintuzten ezagutarazi eta tortura ahalbidetu zuen testuinguru politikoaren arrazoiak mahai gaineratu behar diren bezalaxe. Hori baita berriro ere ez errepikatzeko bermerik eraginkorrena”.
Nabarmendu dutenez, “tortura kasuak ez dira zenbaki hutsak, pertsonak baizik. Eta senideak eta lagunak. Hamarkadetan zehar, pertsona askok isilean sufritu ditugu torturaren ondorioak, gure bizitzak eta gure hurbilekoenak markatu dituzten esperientzia traumatikoen pisua geurekin eramanez”. Horregatik, “bada garaia torturak gure herrian duen tamaina, dentsitatea eta intentsitatea jasotzeko. Oraindik ez baitira ezagutzen bere osotasunean”.
Aitortza jaso duten pertsonak 1980 eta 2011 urteen artean torturatuak izan direla azpimarratu dute. “beraz, tortura ahalbidetu eta erabiltzeko prestaturiko egitura oso baten existentzia egiaztatzen dute. ‘Zuzenbide-estatuaren’ lege-babesa izan duten gertakariak, oraindik bere osotasunean ezagutu gabe jarraitzen dutenak eta tratu hori jasan dugun pertsonak berriro biktimizatzen gaituztenak. Guzti horrek argi erakusten duelarik tortura ‘zuzenbide-estatu’ baten lege-babespean aplikatu dela”.
Deia
Dinamikako kideek nabarmendu dutenez, “garrantzitsua da Estatuak hamarkadetan Nafarroan eragindako indarkeria agerian uzten jarraitzea”. Dagoeneko 76 pertsonek jaso dute aitortza, eta guztira 170 eskaera erregistratu direla. Eta “Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak animatu nahi ditugu aitortza eskaerak aurkeztera”. 2027ko garilarara arte egonen da epea zabalik. Dinamikako kideek azaldu dutenez, izapideak egiten laguntzeko prest daude hala eskatzen duten pertsona guztiei. Horretarako, info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 948 307 715 telefono zenbakira hots egin behar da.