Ekainaren 10eko albistegia

Guaixe 2025ko eka. 10a, 10:58

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Lakuntzan, Larreta Madrilen saritua. Etxeko Indarkeriaren eta Genero-indarkeriaren kontrako Behatokiaren XIX. edizioko saria jaso du. Urtero moduan Etxeko Indarkeriaren eta Genero-indarkeriaren kontrako Behatokiaren sariak banatu dira Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren egoitzan. XIX. edizioan Emma Larreta Alegre lakuntzarrak genero-indarkeria desagerrarazteko pertsona nabarmenena aitortzeko saria jaso du. Isabel Perello Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidenteak esan duenez, Larreta “genero indarkeriari fisikoki eta psikologikoki aurre egiteko erakutsitako indar, kemen eta jarrera positiboa” aitortu nahi izan diote sariarekin. Lakuntzarrak Bidean eta InVISIBLES hezkuntza eta sentsibilizazio proiektuak garatu dituela ere azpimarratu dute.

Garziandia lakuntzarrak Carlos III .aren Gurutzea jaso du.  Nafarroako Gobernuaren aitortza lehendakariaren eskutik jaso du, beste bost nafarrekin batera. Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoak Carlos III .aren Gurutzeak banatzeko ekitaldia hartu du gaur. Maria Chivite Navascues Nafarroako presidentea sarituez esan du "gaur egungo Nafarroa erreala ordezkatzen duzue. Nafarroa industrializatua, bere nekazaritza-sustraiak galdu ez dituena, talentuaren eta kulturaren transmisioagatik nabarmentzen dena eta elkartasuna eta berdintasuna dituena bere DNAn ". Jose Julian Garziandia Chivitek "Sakanan erreferente" izatea goraipatu du, "Lacunza Kalor Groupen gidaritzan egindako ibilbideagatik, baina baita bere komunitatearen garapenean izan duen inplikazioagatik ere. Jose Julian erreferente bat zara, ez bakarrik zure enpresa-alderdiagatik, baizik eta zure konpromisoagatik. Eskerrik asko".

Altsasun, Sodena enpresa publikoak Sunsundeguiri 2009 eta 2024 urteen artean eginiko finantza ekarpenak aztertu ditu Nafarroako Kontu Ganberak. Aurkeztutako ondorioak entzungai albistegian. 

Kiroletan:

Irurtzungo Pilota Txapelketak baditu finalistak. Atzo, ekainak 9, bigarren finalerdiak jokatu ziren, eta Oxoa-Lizarragak (Irurtzun) eta Rekalde (Txumuluxueta)-Cuairanek (Irurtzun) egin zuten aurrera. 33. Irurtzungo Pilota Txapelketako final handiak ekainaren 14an, larunbata, jokatuko dira, Irurtzungo Trinitate festetan. Pilotari afizionatu onenek sekulako ikuskizuna eman dute txapelketan barna, eta finalak “pilotaren festa” izatea espero du antolatzaileak, Irurtzun Pilota klubak. Atzo bigarren finalerdiak jokatu ziren. Bigarren mailan oso lehia estua izan zuten Irurtzun klubeko bi bikotek, Armendariz-Lazkoz eta Otxoa-Lizarraga bikoteek. Azkenean Otxoa eta Lizarraga sailkatu ziren finalerako, bi tanto eskasen aldearekin, 20-22. Lehen mailan, aldiz, alde gehiagorekin nagusitu ziren Rekalde (Txumuluxueta) eta Cuairan (Irurtzun). 15-22 hartu zituzten mendean Eñaut Lizeaga (Mundarro) eta Santesteban (Irurtzun).