Uharte Arakilgo sutearen 60. urteurrena

Garren arteko memoria

Alfredo Alvaro Igoa 2021ko ira. 20a, 14:51

Suteak Erreka kaleko arkitekturan arrastoa utzi zuen. Lehen etxe berriaren tokian okindegia zegoen.

Imajina ezazu gaur 04:00etan esnatu zaituztela ‘sua, sua’ oihuek. Suak zure etxea di-da erre duela. Kalean atorra hutsean gelditu zara. Pentsatu orain etxerik, arroparik, ondasunik, aziendarik… ezer gabe gelditu zarela. Duela 60 urte, hori gertatu zitzaien Uharte Arakilgo 19 familiari 

Igandea zen 1961eko irailaren 17a. Infiñe etxeko Peio Gorriti Gorritik azaldu duenez, “baziren egun batzuk bero handia egiten zuena, hego haizea zebilena. Gauez ez zuen ezer ere freskatzen. Etxeak oso bero zeuden”. Igande hartan “sekulako hego haizea zebilen” esan du Amparo Mendinueta Arañak. “Goatzean ere ezin egon”, gaineratu du Urdin etxeko Joxe Gorriti Olasagarrek. 

Orduko etxebizitzen inguruko azalpenak eman ditu Amparok: “ezkaratza, sukaldea eta estrabia zeuden behean. Gainean, gelak eta ganboikoa. Azken horretara igo eta aurreragoko etxea ere ikusten zenuen, etxeen arteko erdibitzaileak ohol batzuk zirelako. Tarteak zeuden eta batetik bestera pasa zintezkeen”. Peiok zehaztu duenez, guztia egurrez egina zegoen eta etxeetako ganboikoak edo safeiak “belarrez eta agotzez beteta zeuden”. Gau haizetsu, bero eta lasai hartako panorama hori zen. 

Sutea
Txirkillo etxeko alaba Rosa Mari Martiarena Gorritik bezala gainontzeko elkarrizketatuek argitu dute, sutea Erreka kalean zegoen okindegiak eragin zuela. “Su bizia-edo eginen zuten, txispak atera ziren. Orduan etxeak ez zeuden erabat itxita. Safeiak zabalik zeuden. Txispa bat etxe batean sartu zen. Sartu zen safeian ez zuten bazkarik pilaturik. Su hartu zuen”. Peiok argitu duenez, “lehen belarra ez zen orain bezala fardotan biltzen. Belarra solte zegoen, eta fardoa erretzea baino errazagoa da. Eta guztia egurrezko egiturarekin, ba…” Rosa Marik gaineratu duenez, 20 etxe “papera bezala erre ziren”. Amparok esan duenez, “okinak lanean ariko ziren eta ez ziren konturatuko erretzen ari zela. Okindegiaren aldameneko etxea ez, hurrengoa, altuagoa zen, eta ttonttorrean agertu zen sua”. Zein ordu zen ez dute gogoratzen. “Gauez zen. Ikaragarria izan zen” Amparok. Baina 03:00ak edo 04:00ak izanen zirela uste dute. 


Amparo Mendinueta Araña Erreka kalean egin ziren etxeen parean.

Amparo erre ziren etxeen parean bizi zen, egungo Mendinueta harategiaren eraikinean. Haren amak balkoia erabat itxi gabe zuen gau hartan. “Ez zuen ongi lo egiten, argia ikusi, altxatu eta sua ikusi zuen. Amak guztiok esnatu gintuen: sua dagoela! Guztiok altxatu ginen. Anaiak pantaloia jartzen zuela, ahizpok kamisoiarekin-edo, horrela atera ginen”. Rosa Marik esan duenez, “denda eta taberna zen Zibile itxe zegoen Mendikoa kalean eta hango andrearekin musean jolastera asko joaten ziren. Larunbata zenez, presarik ez. Kalean zeudela, ikusi zuten nola piztu zen sua, eta garraxika hasi ziren”. 

Haiek entzunda, Rosa Mari “kalera atera eta sute hasi berria ikusi nuen, lehenengo etxeak erretzen hasiak ziren. Begira gelditu nintzen, baina indar ikaragarriarekin aurrera egiten zuela ikusi eta pentsatu nuen: ‘hau etxera iritsiko da’. Etxera lasterkan etorri nintzen. Gurasoak ordurako esnatuta zeuden. Baina ama tontotuta, geldirik gelditu zen, ezin ezer egin. Anaia txikiak altxatu eta etxetik atera nituen. Senide batzuen etxera eraman nituen, eta lasterkan bueltatu nintzen”. 


Peio Gorriti Gorriti etxeko atean.

Peioren etxean denak lo zeuden. “Aldamena oihuka eta ate joka ibili zen eta horrela esnatu gintuen. Justu atera ginen gurasoak, anaia, arreba eta ni. Eta, gainera, lasterka; jantzita genuenarekin. Emakumezko harengatik ez balitz familia guztia erreko ginateke”. Amparoren ahizpa “kalean beherantz atera zen lasterka, ni gorantz. Felipe Gorriti kalerantz jo genuen ‘sua, sua’ garraxika. Kalean ez zen inor ikusten. Lasterka etorri ginen. Jendea berehala atera zen kalera. Bueltatzean Mendikoa kaleko etxe bateko teilatu bat nola erortzen zen ikusi nuen. Hura guztia suz beteta zegoen. Suak indar handia zuen”. 

Felipe Gorriti kalean bizi zen Joxe, eta haren aita ohartu zen suteaz, “soinuak-edo, ez dakit”. Ziurrenik Mendinueta ahizpetako baten garraxiak entzunen zituen. “Aitak abisatu gintuen. Hamar ginen etxean, gazteenak hiru urte zituen bakarrik”. Ez Amparok ez Rosa Marik ez dute gogoratzen su ezkilarik jo ote zuten. Azkenak esan duenez, “segur aski joko zituzten, ta-ta-ta-ta-ta presaka jotzen da sutea dagoela esateko”. 

Kalean 
Amparok gogoan duenez, “teilatua behera egin zuenerako safeian zegoena erreta egonen zen, bestela ez da hain azkar erortzen teiladura bat. Ezin zen sartu. Etxe ilara hau horrela erre zen eta, hurrengoan, gauza bera. Oso azkar. Suteak ez zuen bizpahiru ordu iraun; minututan ez, segundotan zabaldu zen sua bi etxe ilaratan”. Gaineratu duenez, “batzuek zutenarekin besterik ezin izan zuten etxetik atera, hain azkar izan zen dena; ez zuten aukerarik izan”. 


Rosa Mari Martiarena Gorriti etxe parean.

Anaia txikiak senideen etxean utzi ondoren, 16 urte zituen Rosa Mari etxera bueltatu zen: “neska gaztea izanda, beste gauza batzuetan pentsatzen duzu, eta nire arropen bila joan nintzen. Armairua zabaldu eta guztia hartu, atera eta lasterka parean bizi zen izebaren etxera eraman nituen. Hura ere etorri zen laguntzera, eta zerbait ateratzen lagundu zigun. Atzera bueltatu nintzenerako gora ezin zen igo, safeia erretzen ari zen. Jaitsi behar, eta behean sukaldetik zerbait atera genuen. Baina ez zigun ezertarako betarik eman”. 

Joxe gelatik jaitsi eta beheko leihotik “beste etxeetako txispak-eta nola etortzen ziren” ikusi zuen. “Haize nahasia zegoen. Beste izkina hartara joan eta erdia erreta zegoen. Sua etxe ilara batetik bestera, behera pasatu zen eta lau edo bost minututan dena erreta zegoen”

Peioren esanetan, “dena garra zen”. Okindegian hasi zen sua “hego haizeagatik, Mendikoa kalera pasa zen. Mendikoako etxeak azkarrago erre ziren. Zergatik? Erreka kaleko eta etxeen bertako garren menpe gelditu zirelako”. Peioren familiak bi etxe zituen Mendikoa kalean eta biak erre ziren. Bizi ziren etxea hamar urte lehenago berritua zuten. Ondasunak ez erretzeko ahaleginak egin zituzten, Peio: “gora zeramaten eskailerak jaisten ari ginen eskaileren gainera erori ziren. Zeuden idiak eta behi batzuk askatu genituen. Txerriei atea zabaldu genien, baina gehienak erre ziren. Bi-edo salbatu ziren. Han hil ziren txerrikumeak, eta txerrikumeak zituzten txerramak”. 


Joxe Gorriti Olasagarre sutea jasan zuten etxeen pareko eraikin baten aurrean.

Baratzak, soroak eta azienda ziren garaiko uhartearren elikaduraren oinarria. Rosa Mariren etxean azienda “oso gutxi” zuten. “Txerriak, oiloak, untxiak, behia eta idiak. Behi hura atera zuten, gainontzekoak, zorionez, mendian zeuden”. Joxek azaldu duenez, “etxe guztietan azienda zegoen. Ezin atera. Errerik ere bai. Osaba egon zen azienda ateratzen, txekor bat etxe horretatik. Akordatzen naiz nola zuen soka lasa jarrita, atera zuen eta hankaz gora bota zuen, kar, kar, kar. Orduan ez zegoen azienda asko, mendian egoten dira. Baina beti behi edo idi batzuk zeuden. Orduan idiekin ibiltzen zen, traktorerik ez zegoen. Bakarren bat egonen zen, baina gutxi”. 

Erreka kalean bi etxe ilara erre ziren eta Mendikoan ere. Ondoren ubeldea dago, eta txipuak. “Badaude 30-40 metro! Eta guztiak erre ziren” ziurtatu du Peiok. 


Mendikoa kalea, Ziliben itxe zegoen aldetik ikusita. Parean Burgoa etxe zena hartzen duen eraikina.

Ahalegina 
Mendikoa kalean sua itzaltzen ahaleginik ez zutela egin esan du Peiok. “Sua piztu zen Erreka kaleko etxe ilarari eta su hartzen hasi zen beste ilarari punparekin ura botatzen aritu ziren, etxe batzuk freskatu eta su har ez zezaten eta besteetako sua itzaltzen ahalegintzeko”. Peiok kontatu duenez, “ Erreka kalearen alde honetan (ekialdea) jendea teilatuetara igo zen eta mantak jarri zituzten eta ura botatzen zieten teilatuek surik ez hartzeko. Tenperatura, orduan, bueno… Ni egon nintzen hor, ura eramaten”. 

18 urte zituen Amparo hark gauza bera ikusi zuen: “badaezpada ura bota zieten sutearen pareko etxeei, suak har ez zitzan”. Haien artean berea zegoen. Rosamarik esan duenez, “suhiltzaileak etorri bitartean, hasieran herriko punparekin hasi omen ziren. Nahikoa handia zen. Baina, ezer ez; ur pitxera baten pare zen”. Argibide gehiago eman ditu Joxek: “herriko punparekin egoten ziren hamar edo hamabost mutiko. Batzuetan praktikak egiten zituzten. Ura suteetako ur hargunetik hartzen zuten”. 

Eta suhiltzaileak iritsi ziren, Iruñetik eta Gasteiztik. Rosamarik gogoratzen duenez, “montona zeuden. Eta sirenak. Denbora askoan sirena entzun eta daldalketan hasten nintzen. Batzuk sua itzaltzen aritu ziren eta beste batzuk prebentzio lanetan”. Gaineratu duenez, “Erreka kalean erretzen ari ziren etxeen odorrak erortzen zirenean sugarrak kalearen bestaldeko odorretaraino joaten ziren. Suhiltzaileak pareko etxeetako paretak bustitzen aritu ziren, ez zezaten su hartu, arrisku handia baitzuten. Haize handia zebilen, txispak non nahi zeuden”. Gaineratu duenez, “jende guztia kalean, begira. Kalea suhiltzaileen mahukez beteta zegoen. Garrekin gaua baino eguna zirudien. Eta denak pentsatzen: Erreka kalearen bestaldeko etxeak ez daitezela erre!”


Udaletxeko ezkaratzean dagoen ur punpa.

Joxek esan duenez, “mahukekin-eta hasi ziren, saiatzen. Oso serio. Hala ere, ezin zen. Ezinezkoa zen”. Peiok azaldu duenez, “ezin guztiari erantzun zeuden. Ubeldetik hartu zuten ura”. Aldameneko herrietatik Uharte Arakilera jendea joan zen. Hala esan du Peiok. Amparok irintarrak ditu gogoan. Joxek esan duenez, “Arbizutik beraien punparekin etorri ziren. Ondoko herrietatik laguntzera beti joaten zen aldameneko herrietatik”. Rosa Marik gogoratzen duenez, “festetan baino jende gehiago zegoen, ikusten. Ezin zen ezer egin. Eta egunetara ere ikustera etorri ziren”. Peiok jakinarazi duenez, “ondoren udalak suhiltzaileek zutenaren moduko motordun punpa erosi zuen”. 

Sugarren azkartasunaren ideia azpimarratu du atzera Rosamarik: “ezin izan genuen ezer egin. Ondoren, parean gelditu nintzen etxea nola erretzen zen ikusten. Indargabe. Dena erre zen. Ilusioz gordea nuen lehen ikasketa ziurtagiria, baina horretaz guztiz ahaztuta nengoen. Gainera, ez zen betarik egon”. Beste lasaitasun batekin bizi izan zuen sutea Joxek sua etxetik “urruti” zuelako. “Urruti, beno! Beste etxe bat zegoen tartean. Erreka kalean paralelo dagoena, hori bai. Zurak-eta botatzen zituenean… txispak alde honetara; baina, nola! Batzuk etxetik atera ziren beheiti horretatik. Beldurra, badakizu!”

Zortea 
Zoria alde izan zuten uharterrek. Joxek dioenez, “suak hartzen badu eskola aldetik, herri guztia erretzen da. Akabo herria!” Ideia berretsi du Peiok. Sutea tragedia handiagoa bihurtu zezakeen gertakari bat saihestea ere lortu zen. Rosa Marik kontatu duenez, “Mendikoa kalean tarteka bizi zen bikote bat zegoen. Egun hartan herrian zeuden. Gizonak kamioi handia zuen eta erregairen bat eramaten zuen. Behean bizi ziren. Kalea garrak hartuta zegoen. Eta kamioia atera zuen. Ez dakit gizon hura nola atera zen. Ez badu ateratzen, buah!” 

Peiok gaztigatu duenez, “azetilenozko botilez betetako kamioi handi bat atera zuen. Gizon hura kamioia ateratzen atrebittu zen. Hark su hartu balu, herri erdia desagertuko litzateke. Zoritxar guzti haren erdian zortea izan zen. Zorionez ez zen ez zauriturik ez hildakorik izan”. 


Mendikoa kalea. Eskuinean jasotako etxe berriak. Ezkerrean Erreka kaleko etxeren baten estrabia ikus daiteke.

Kale gorrian 
Gau erdian etxerik gabe gelditu ziren Uharte Arakilgo 19 familia. Aterpe bila Peioren familiak senideengana jo zuen. “Lehenengo gauak amaren lehengusu batzuen etxean pasa genituen, errepide ondoan. Ondoren, aitaren anaia batek hutsik zegoen etxe bat zuen, eta etxe hau egin arte, han egon ginen. Pare bat urte izanen ziren”. Arropa eta guzti utzi behar izan zieten, sutean guzti-guztia galdu baitzuten. 

Etxerik gabe gelditu zen Rosa Mari. “Aste bat-edo senideen etxeetan banatuta egon ginen. Pisu bat utzi ziguten eta hara joan ginen familiako bederatziak bizitzera. Gainontzeko kaltetuak ere antzeko ibili ziren, batean edo bestean kokatu ginen. Pisuan urteren bat eman genuen eta, ondoren, etxe berria egin zuten senide batzuen etxera pasa ginen. Hiru bat urte egon ginen besteen etxeetan bizitzen”. 

Amparoren etxea sutearen parean zegoen, “eta kezkatuta geunden, baina besteak laguntzeko kezka ere bagenuen. Nahasmena zegoen, baina herriko jende guztiak ahal zuen guztia lagundu zuen”. Haien etxean ez zuten inor hartu, baina “kalean ez zen inor ere gelditu” azpimarratu du. Joxeren aitak etxera hiru urteko neskato bat eta bere amona eraman zituen. “Nire aita bere aitaren oso laguna zen, eta badakizu… Atorra hutsean etorri ziren eta nire amak jantzi zituen etxekoen arropekin. Arreba gaztenak esaten zuen: ‘amatxo ez jarri hori nirea da-eta!’ Badakizu, umeen gauzak. Gau hura pasatu zuten etxean”. Gaineratu duenez, “jendea ahal zuen tokian bizi izan zen, etxe zaharretan, besteen etxeetan, pisuetan eta horrela”. 


Uharte Arakilgo Alde Zaharra 1956 edo 1957 urtean. NAFARROAKO GOBERNUA

Hurrengo egunak
Amparok uste du irailaren 17 hartan “inor ez ginela gau hartan goatzera berriro sartu. Guztiak pixka bat ikaratuta geunden”. Hurrengo egunean etxetik “hondamendia” ikusi zuen: “etxeak ikustera ohituta, parean ezer ez, eta ia Arruazuraino ikusten zen. Dena libre gelditu zen eta baserriak ikusten genituen”. Peiok atzetik: “bitxia zen hau guztia hutsik ikustea”. Eguna esnatzerakoan 14 urte zituen Joxe harendako ikusitakoa “harritzekoa, oso tristea zen hura!” 

Rosa Marik azaldu duenez, “suhiltzaileek lana despeditzeko bizpahiru egun ziren, erretzez guztiz bukatu arte”. Gogoratzen du ke asko ateratzen zela ondorengo egunetan. Joxek berretsi duenez, “egun askotara, hasten zen berriz sua hartzen. Egoten zen brigada bat, gizon batzuk hor, itzaltzeko. Zibilen itxen egoten ziren, begiratzen, punparekin prest, sua hasten bazen, berriz itzaltzeko”. Peiok sute garaian ez, baina hondakinak kentzeko garaian bai lan egin zuen. “Jendea laguntzera joaten zen. Habeak-eta jaso zituzten beste norabait eramateko” azaldu du Amparok. 

Rosa Mariren etxea ilarako Erreka kaleko izkinan zegoen. “Aurreko aldea urak asko hondatu zuen. Baina gauza batzuk ez ziren erre. Teilatuak lurrean eta paretak zutik zeuden. Oso gutxi egon zen horrela”. Kontatzekoa ere badu: “gure etxearen aurreko aldean jangela genuen eta han ontziak gordetzeko altzaria genuen. Nik han erosi nuen aurreneko erlojua gordea nuen. Suhiltzaile bat handik zebilen eta erlojuarena aipatu eta atera egin zidan. Funtzionatzen zuen!” 

Berreraikitzea
Paretak zutik gelditu ziren eta haien artean teilatuak zeuden. Rosa Marik azaldu duenez, “soldaduskan ari ziren soldaduak etorri ziren, tartean goñedua izanen zena. Pareta guztiak bota zituzten, oso hondatuta zeudelako”. Joxek dioenez, hilabetera-edo joan ziren soldaduak herrira: “soketatik tira egin eta botatzen zituzten paretak”. Hondakinak Enizko zuloan bota zituzten, betetzeko (hilerritik ekialdera). “Gaur egun autobia da, Iruñeko noranzkoan” zehaztu du Peiok. Haren iritziz, “hondakinak kentzerakoan behar bada bota beharko ez ziren gauzak bota ziren. Bazeuden harrizko pareta ederrak…” Rosa Marik azaldu duenez, “harlanduzko arkuak zituzten etxeak zeuden erretakoen artean. Depositario etxekoek harrizko balkoiak zituzten”. 

Rosa Marik gogoratzen duenez, etxeak egiteko “adostasuna lortzea kostatu zen”. Joxek azaldu zuenez, “etxeak nola izanen ziren Francisco Franco etxebizitza patronatuak eta udalak erabaki zuten. Etxeengatik ordaindu behar izan genuen, baina uste dut merkeago izan zela”. Argibide gehiago Rosa Marik: “etxebizitza txikiak eta handiak eraiki ziren. Atzeko paretan lurzorua utzi zuten eta denak abeltzainak ginenez, estrabiak egin genituen: behean azienda eta goian haiendako bazka gordetzeko. Sutearen aurretik Zibilen itxe ondoan plaza bat zegoen, espazio handia. Etxea orduan ibaitik gertuago zegoen. Etxeak herrira gerturatu, eta akabo plaza”. 

1961eko irailaren 17ko eguna Artzain Eguna antolatu zen lehen aldia gisa pasa behar zuen Uharte Arakilgo historia txikira. Suteak egunaren edukia betirako aldatu zuen. Baina Aralar Mendi elkarteak lekukoari heldu zion 1968an. Sutea eta hiru bat urte pasa ondoren Peiok eta Rosa Marik etxe berria mustu zuten. Azken horrek azaldu duenez, “Diputaziotik etorri ziren. Dantzaldia egin zen. Gure bajeran jarri zuten”. Ironikoki, mustutze egunean euri asko egin zuen. Rosa Marik: “hona etorrita, bizitza berria hastera”.  

Baina uhartearrak berehalaxe bueltatu behar izan zieten mesedea arbizuarrei. Izan ere, sei egun pasa ondoren, 1961eko irailaren 23an, Antonio Yabar, Felipe Razkin eta Martin Mendinuetaren etxeak erre ziren Tellerian kalean. Ez zen kalte pertsonalik izan. 


Erretako etxeen izenak 
Erreka kalea 

  • Simonena (okindegia)
  • Baratxarte
  • Depositario
  • Txirkillo
  • Burgo
  • Aguado
  • Ezkurre
  • Marko
  • Zanzuri

Mendikoa kalea

  • Extrutx
  • Etxetxiki
  • Ezkur
  • Benarda
  • Herrero
  • Infiñe
  • Paulo
  • Burgo


Kaltetutakoak

  • Felipe Dominguez de Vidaurreta
  • Francisco Fernandino Lacunza
  • Angel Fernandino Huarte
  • Laureano Irañeta
  • Josefa Aranguren
  • Marcos Oscoz
  • Pascual Ansa
  • Domingo Huarte
  • Urbana Gorriti
  • Angel Huarte
  • Juan Miguel Huarte
  • Cecilia Esain
  • Miguel gorriti
  • Trinidad Martiarena
  • Juan Martiarena
  • Jose Lacunza
  • Miguel Gorriti
  • Jose Gorriti Razquin
  • Benito Goicoa
  • Jesus Gorriti