Inbertsioekin udal aurrekontuak gora egin du

Guaixe 2024ko eka. 17a, 09:01

Uharte igerilekua hutsik eta taberna. UDALA

Eskola birgaitu eginen da eta igerilekuan legedira egokitzeko lanak eginen dituzte. Udalak haur eskolarako bigarren unitatea eskatu du. Bitartean turbina argindar sarera lotzeko zain dago. Eta gazte alokairuko etxebizitza egitasmoa lantzen segitzen du.

Uharte Arakilgo Udalak aurtengo aurrekontuan 4.105.202,60 euroko sarrerak aurreikusi ditu, joan den urtean baino 76.203,61 euro gehiago. Udal kontuek, berriz, 4.104.779,62 euroko irteerak jaso dituzte, 2023an baino 136.643,23 euro gehiago. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu du aurrekontuan hiru proiektu sartzeak eragin duela aurrekontuaren hazkundea. Batetik, "Erreka kaleko sareak eta zorua berritzeko lanekin aurten aurrera edo atzera egin behar dugu. Lan horrekin ziurtasunak baino zalantza gehiago ditugu", jakinarazi du alkateak. 

Beste proiektua da legeak esaten duena betetzeko igerilekuan egin beharreko lanak. Uda pasa ondoren eginen litzateke obra, hiru hilabeteko epean. Lanak 206.216,34 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Alkateak azaldu duenez, igerileku handia ez da moldatuko eta 310 metro karratuko azalera izaten segituko du. Baina haren ura biltzeko kanala eta hondartzak bai berrituko direla. Kanala kaltetuta dago, eta horrek sistemaren funtzionamendu egokiari eragiten dio. Bestalde, igerilekua inguratzen duen hondartzak ez du malda egokirik (%2) urak bainu eremuaren kanpoalderantz husteko, eta bainu eremua inguratzen duten babes-hesiek ez dute betetzen erortzeko arriskuaren aurrean segurtasunari buruz indarrean dagoen araudia. Gainera, igerilekurako bi sarbideetan irisgarriak diren bi dutxa jarriko dira. 

Bestetik, umeak plisti-plasta ibiltzeko bi igerileku daude gaur egun (81,77 eta 17,5 m2-koak). Biak kendu eta berri bat eginen da, 78,6 m2-ko azalera izanen duena eta legean jasotako neurriak eta ezaugarriak izanen dituena. Babes hesia eta hondartza berriak eginen dira ere. Sarbidean dutxa irisgarria izanen da. 

Ikastetxe publikoa
Eskolaren birgaitze integrala eginen du udalak. "Dagoeneko emanak ditugu eguzki plakak jartzeko, argiteria berritzeko eta biomasako galdara jartzeko lanak. Eskolaren inguratzaile termikoa ematea besterik ez zaigu falta", jakinarazi du alkateak. Lanek 850.000 euro baino gehiago balio dute. Udalak Europako Next Generation dirulaguntzen barruan Dus 5000 programako dirulaguntza jaso du eta inbertsioaren %85 bide horretatik estaliko du. "Lanak 2025eko azarorako despedituta egon behar dute", zehaztu du Uhartek. 


Uharte Arakilgo eskolaren parean arteak landatu dituzte. ARTXIBOA

Ikastetxe berak haur eskola hartzen du, eta udalak unitate bat gehiago jartzeko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuari, "bigarren kontzertu bat. Zerbitzua emateko, jendea kalean ez uzteko egin dugu eskaera. Ikasturte berrirako lortu nahi genuke", azaldu du alkateak. Gaineratu duenez, "ikastetxean ez da lan handirik egin behar bigarren unitatea hartzeko; bi gauza egokitu besterik ez, oso obra xumea eskatzen du". 

Bestetik, argiteria publikoa berritzeko eta LED argiak jartzeko lanen fase berri bat ere eginen du Uharte Arakilgo Udalak. Felipe Gorriti eta San Migel kaleen txanda izanen da oraingoan. Lan horretarako 35.000 euro inguru bideratu ditu udalak. Alkateak azaldu duenez, azken fasea Erreka kalekoak aldatuko lirateke. Aurten eginen den beste lan bat da Itsesiko aterpea. Zehazki, lanen aurreneko fasea: amiantoa kendu, azpiegiturak hobetu eta zorua botako da. 

Zain 
Ganbeletako iturburutik heldu den goi hornidurako hodian argindarra sortzeko turbina jarri zuen udalak, Itsasgainen, ur biltegiaren ondoan. "Lanak duela urte bat egin ziren eta oraindik ere Iberdrolakoak etortzea eta turbina sarera lotzeko zain gaude", azaldu du Uhartek. Atzerapenagatik kezka azaldu du, "lanak aurten justifikatu behar baititugu". Turbinak sortuko duen elektrizitatearekin igerilekua hornituko da, eta sobera dagoena udalaren jabetzako hainbat kontsumoren artean partekatuko da. Lanak 85.000 euroko aurrekontua izan zuen, eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuan jasoa dago EH Bilduren emendakin bati esker. 


Bide ertzean turbina hartzen duen eraikuntza. ARTXIBOA

Bestetik, udalak San Joan kalearen 7. zenbakian dagoen Lakuntzaenea etxean gazte alokairurako bi etxebizitza egin nahi zituen. "Proiektua eginda dago. Etxebizitza Departamentuan aurkeztu genuen, eta gai tekniko batengatik atzera bota ziguten. Ikuspegi desberdinak ditugu horretan. Ideia berriro lantzen ari gara, eta aurrekontuan lan horretarako ez dago dirurik", argitu du alkateak. 

Aldi berean, Nafarroako Gobernuaren hurrengo toki Azpiegitura Planaren zain dago Uharte Arakilgo Udala. Aurrekoan erreserban gelditu ziren bi lan aurkeztuko ditu berriro: Itxesia kaleko hornidura sarea berritu nahi du, mikrozementuzko hodia ordezkatzeko, eta, bestetik, Itxesi eta Errekabitarte kaleetako sareak berritu nahi ditu. Lan horiek 400.000 eurotik gorako aurrekontua dute. 

Bestetik, udalak ere begiz jota du Errekabitarte kalean dagoen bere eraikin bat, garai batean mojek erabili zutena. "Hura zaharberritzea aurrekontu handia eskatzen du, 800.000 eurotik gertu. Dirulaguntza eskatu genuen eta atzera bota ziguten. Etorkizunean eginen den lan bat da", azaldu du alkateak. Barga aldean, Auzasoroburun dagoen harrobi zaharra berreskuratzeko proiektua lantzen ari da udala. "Ondoren ikusiko dugu hura larrea, angioa edo baso bilakatuko den". 

Ordenantza
Herriko bide eta pisten erabilera arautzen duen ordenantza onartu zuen Uharte Arakilgo Udalak joan den urtean, "erabiltzaile guztiek modu harmoniatsuan erabil ditzaten ahalbidetzeko, natura babesteko eta egoera onean mantentzeko". Beste gauza askoren artean, udalaren bide eta pistetan ibilgailu motordunekin zirkulatzeko debeku orokorra egonen da. Aldi berean, haietara askatasunez sartzeko baimena zeinek eska dezakeen eta hura eskatzeko prozedura zehaztu ditu. Alkateak azaldu duenez, "ordenantza aurten indarrean jartzeko asmoa dugu. Aurretik, esaterako, seinaleak jarri eta baimen txartelak banatu beharko dira".