Mendia gaur agurtuko dute

Guaixe 2015ko urr. 12a, 12:29

Benigno, loreekin, Sakandarren Eguneko antolatzaileek omendu zuten egunean.

Larunbatean hil zen Benigno Mendia Goikoetxea. Gaur, 17:00etan, izanen da hileta elizkizuna.

“Auzolana, elkar-lana, parte-hartzea, proiektuarekiko konpromiso irmoa erakutsiz, eta hori guztia umorean jantzita, giro alaian egina, koadrila giroan, eta ez betebeharrez, baizik eta bihotzez hala behar duela sentitu eta uste dutelako”. Benigno Mendia Goikoetxea eta bere lantaldea hitz horiekin omendu zituen Nafarroa Oinezek Zangozan joan den urtean. Ikastolen festa bezala, beste hainbat herri ekimen lagundu du Mendia buru eta bihotz zuen lantalde horrek, herri bazkari eta afariak antolatuz, herrigintza eta eragileak elikatuz.

Iñigo Aritza ikastolako urteroko festa Urdiaini antolatzea tokatu zitzaion 2005ean. Guraso urdiaindarrek eurek bazkaria prestatzea erabaki zuten. Tintiniturri elkartea eta ikastolaren inguruan taldea sortu zen eta Guaixen egindako elkarrizketan Mendiak berak gogoratzen zuenez, “lehen bazkari hartan 200 lagun bildu ginen. Urte hartan bertan gure Oineza genuen eta 500 lagunendako bazkaria egitera ausartu ginen”. Ondorengo Oinez guztietan izan da taldea, olaztiarren eta makina bat sakandarren laguntzarekin handitu zena.

Lantaldeaz
Mendia azpiegiturez eta erosketaz arduratzen zen. Sukaldari ere aritzen zen, baina beste batzuen ardura zen hura. Mendiak gidatutako lan taldea Nafarroa Oinez eta herri-bazkarien artean banatzen zen. Data jakin batzuetan bi taldeek bat egiten zuten lanean. Izan ere, Sakanan eta kanpoan, makina bat kolektibo eta eragile lagundu ditu Mendiak gidatutako taldeak. Guaixeko elkarrizketa hartan Mendiak esan zuenez, “herri bazkariaren helburua dirua ateratzea bada, enpresa bati enkargatuta ez da ezer ateratzen”. Lantaldea gidatuz laguntza handia eman die eragile askori. Gainera, azpiegitura handia lortu du taldeak, hura alokatuz lortutako dirua azpiegituran bertan inbertitzea zen bidea. Urdiainen ere, Aitziber eta Titiniturri elkarteetan esaterako, makina bat lan egina da Mendia.

Egindako lanak Sakanan ere izan zuen aitortza. 2012an Sakandarren Eguneko antolatzaileek Urrezko Aitzurra eman zioten. Sariak herrigintzan lanean aritzen diren pertsonen lana aitortzen zuen. Orduan antolakuntzako Gorka Ovejerok azaldu zuenez, urdiaindarra “bizitza guztia darama herriko festa, euskararen aldeko ekimen edo Altsasuko ikastolaren aldeko lan isil eta agerikoa ez dena egiten”. Mendiak lekukoa gure esku utzi du.