Gastuak estaltzeko aurrekontua

Guaixe 2020ko mar. 9a, 10:24
Urritzolako ikuspegia Ergatik.

Urritzolarrek lan asko auzolanean egiten dituzte. Azkenetakoa LED argiak jartzea, horrela argindar faktura erdira murriztea lortu dute.

Urritzolako Kontzejuak aurten 7.748,44 euroko diru-sarrerak eta 4.415 euroko gastuak izanen ditu. 3.333,44 euroko aldea diru-zaintzako poltsan geldituko dira. Izan ere, gastuak betikoak ditu kontzejuak: herri-argiteria, festak, kontzeju-etxea eta elkartea den eraikinaren mantentzea eta gutxi gehiago. Hala azaldu digu kontzejuko presidente Fermin Mariñelarena Iraizozek. “Aurrekontuetan soilik ohiko gastuak sartzen ditugu. Gero gertatu daiteke joan den urtean bezala erabilera askeko dirulaguntza ematen digutela eta inbertsioren bat egin dezakegula”. 

Horrela, jarri zituzten babes-hesiak Etxarrenerako bide bazterrean eta konpondu zuten Izurdiagara eramaten duen bideko Arakil gaineko zubia 2019an. “Lanek 23.000 euroko aurrekontua zuten eta laguntza 20.545ekoa zen”. Halako beste laguntzaren bat jasoz gero Izurdiagarako bidean dagoen Larraun gaineko zubia konpondu nahiko luke Urritzolako Kontzejuak. Bestetik, 25 erreguko edo 22.500 metro karratu inguruko lur-sail bat badu bi ibaiak elkartzen diren tokian. “Izurdiagako txipuditik du sarbidea zubi batekin eta hura ere konpontzeko dugu”. Azken horren aurrekontua txikiagoa litzateke, 1.500 bat euro. Halako kopuru bat jaso zuen joan den urtean kontzejuak udalak egindako banaketatik. 

Auzolanak 
Arakilgo Udalak udan kontratatuko langileek lan txiki ugari egin izan dituzte ibarreko herrietan. Baita Urritzolan: herri ingurunea garbitu, eliz ondoko landareak kimatu… Krisi garaian jendea erraz kontratatzen zuen udalak, baina azken deialdietan langileak lortzeko zailtasunak izaten ari da udala. Kontzejuetan horren jakitun dira, horregatik, Mariñelarenak esan digu “agian auzolan gehiago egin beharko ditugu”. 

Azkenetako bat herriko 12 bat faroletako bonbillak LED argiengatik ordezkatzeko egin zuten igande goiz batez. “LED bakoitzak ez zituen 15 euro ere balioko. Guk aldatu genituen eta argindar faktura erdira jaitsi da”. Aurreikusita dute baso itxitura bat berritzea. “Elkarterako egurra behar bada edo beste zerbait egin behar bada lanerako daudenak deituko ditugu. Bestela, batzuk hizketatu eta egiten dugu”. Hilerria horrela garbitu zuten. Hala ere, Mariñelarenak aitortu digu auzolanak egiteko jende gutxi daudela, 55 urtetik gorakoak gehienak. 

Trafikoa 
Etxarrenera eta Ekaira daraman bidea aldapa behera da Urritzolatik atera berritan. Itzalean egoten da neguan eta izotz tokia da. Horregatik, beheko bihurgunearen ondoan babes-hesiak jarri zituen kontzejuak joan den urtean, ibilgailu bat baino gehiago erreka-zulotik atera behar izan baitute. “Gaur egun badago trafikoa, Erroztik gasolindegira joaten dena, Ekaiko ehiza-barrutira doazen ehiztariak, eta nora doazen ez dakigun ibilgailuak ere”. Mariñelarenak gaztigatu duenez, “nekeza da dermioko bidean aurreratzea. Gurpila ateratzen baduzu, agian ez duzu berriro sartzen. Bidea ezagutzen dugunok badakigu non gelditu ibilgailuak behar bezala gurutzatzeko. Baina ezagutzen ez dutenekin okerragoa da”. Txirrindulari asko pasatzen dira ere. “Herrirako aldapa igo ondoren, Etxarrenera joatean aldapa behera gehiegizko abiadan jaisten direnak”. 

Etxarrengo lurretan egiten ari diren industrialdeak momentuz ez dute trafiko igoerarik eragin. “Fabrika zabaltzean ea zer gertatzen den”. Urritzolako sarrerarekin du kezka kontzeju-buruak: “Etxarrendik heldu diren ibilgailuek aldapa ziztu bizian igoko dute eta gerta liteke Urritzolatik ateratzen den batekin topo egitea…”

Ospakizunak 
Urritzolako festak garagartzaroaren 27an, larunbatarekin, izanen dira. Festa txikiak Santa Luzia egunean ospatzen dituzte, abenduaren 13an. Garai batean elkartean bazkaria egiten zuten. Baina horren ordez txango edo irteera bat egitea erabaki zuten. Joan den urtean ez ziren ados jarri nora joan eta udaberrian egiteko utzi zuten.