EHEk deituta dozena bat altsasuar bildu ziren atzo udaletxe aurrean. Guztiek udalari eskaera pertsonala aurkeztuko diote bi eskarirekin. Batetik, etxean eta kalean zein udalean altsasuarrek jasoko dituzten paper, ohar, bando, inprimaki, publizitate euskarri, lanpostu deialdi eta bestelako guztiak euskaraz izatea eskatu dute. Horrekin batera, 012 telefonoko informazioa euskaraz izatea eskatu dute. Bakarren batek bestelako eskaerarik balu hura gehitzeko aukera izanen luke.
Horrela abiatu dute Altsasun Udalak eta biok euskaraz dinamika. Euskal Herrian Euskarazek (EHE) altsasuarren eskaera pertsonalak jasoko ditu martxoan zehar gerora udalari aurkezteko. Itziar Claverrek azaldu digunez, eskaera orri ereduak Iortia kultur gunean, Intxostiapunta gazte gunean eta gaztetxean jarri dituzte. Altsasuarrek haiek betetzera animatu dituzte. Martxoaren 21ean Gure Etxea eraikinean jarriko dira EHEko kideak eta eskaera orriak osatuta orduan aurkeztea proposatu dute. Eskaera guztiak batera aurkeztu nahi dituzte eta haien jarraipena eginen dute.