Udalak eta biok euskaraz dinamikaren barruan, Altsasuko Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragileak hainbat herritarren eskaerak jaso eta udaletxean aurkeztu ditu. Eskaera horietan altsasuarrek udalarekin harremana euskaraz nahi dutela adierazi diote. EHEko kideak lehen eskaerak aurkeztu ondoren, udaleko euskara zinegotziarekin eta euskara teknikariarekin bildu ziren eta euskaltzaleei jakinarazi zieten eskaerak betetzeko lanean ari direla udalean. Aldeek elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu zuten.
Sinadura eman duten altsasuarrekin ostiralean bildu ziren EHEko kideak eta orain arte emandako urratsen berri eman zieten. EHEko kideek, aldi berean, Altsasuko euskaltzaleak kanpainarekin bat egitera animatu dituzte. Udalarekin harremana euskaraz nahi dutela dioen eskaera orria Iortia kultur gunean bete daiteke eta han dagoen postontzian sartzea nahiko da. Udalean aurkezteaz EHEko kideak arduratuko dira.