Udala da herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa eta baditu hizkuntza politika egiteko konpetentziak. Hori kontuan izanda, Euskal Herrian Euskarazek (EHE) Udala eta biok euskaraz dinamika jarri du martxan. Eragile euskaltzaleko kideek aurkezpenean aurreratu dutenez, “udalari euskaraz bizitzeko dugun nahia errespetatu eta honekiko harremanak euskaraz izateko dugun eskubidea bermatzeko eskaria bideratuko diogu”.
Horretarako, EHEk sakandarrak aktibatu nahi ditu: “euren eskari zuzen eta borondatetik abiatuta, aldaketak eragin eta norbanakook herriko etxe zein udalekiko ditugun harremanak euskaraz izan daitezen”. Hala, herritar bakoitzak bere udalari euskarazko harremana nahi duela adieraziz idatzi sinatuak aurkezteko eskatu du EHEk; idatzi ereduak ere prestatu ditu. Udalak euskarazko harremanetan dituen hutsuneak detektatu eta haiek zuzentzeko eskatuko dute. Eskaera jakinen atzean eragile euskaltzaleak pertsona talde zabala elkartu nahi du.
Lakuntza, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Altsasuko herritarrak aurki eskaerak aurkezten hasiko direla aurreratu dute EHEtik. Euren nahia, hala ere, Sakanako 15 udaletara iristea izanen da eta horretarako lanean ari dira. EHEko kideek euren ekimena horrela laburbildu dute: “euskararen herrian bizi gara. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu eta euskaraz bizi nahi dugu. Udal administrazioarekiko harremana euskaraz nahi dugu”.