Sakanako Plan Estrategikoa herritartzen

Guaixe 2014ko martxoaren 25a

Apirilaren 3ra arte aurkeztu daitezke ekarpenak garapena@sakana-mank.com helbidean

Atzo hasi zuten Iker Manterolak (Sakanako Garapen Agentzia), Susana Mendinuetak (Cederna-Garalur) eta Joseba Garmendiak (Sakantzen Sarea) Sakana 2020 Plan Estrategikoa (SPE) aurkezteko erronda. Altsasun 25 bat pertsonaren aurrean eman zuten planaren berri. Gaur, Irurtzungo udaletxean izanen dira eta bihar, berriz, Etxarri Aranazko kultur etxean. Bietan 19:00etan hasiko dute planaren aurkezpena.

Manterolak planaren aurrekarien inguruan azalpenak eman zituen. Garmendiak hartu zion lekukoa planaren lau esparruen ardatz nagusiak azkar batean errepasatzeko. Mendinuetak, berriz, planaren kudeaketaren nondik norakoak azaldu zituen. Azalpen guztien jarraipen egokia egiteko Sak-in kontsulting-eko kideek argibideak jasotzen zituen liburuxka banatu zieten parte-hartzaileei sarreran. Galde-erantzunen txanda zabaldu zen ondoren eta planaren finantziazioa, emakumearen parte hartzea, elkarlana eta beste izan ziren hizpide.

SPE www.sakanagaratzen.com web orrian kontsultatu daiteke. Atari berean prozesu parte-hartzailean zehar lan-talde bakoitzean egin diren diagnostiko osoak eta AMIA taulak kontsulta daitezke. Plana aberasteko sakandarrei ekarpenak egitea eskatu diete eta horretarako epea apirilaren 3ra arte dago zabalik. garapena@sakana-mank.com helbidera bidali behar dira ekarpenak. Lan batzordeak aztertu eta Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak apirilaren 12rako azken oniritzia emanen dio planari. Udaletan mozioak aurkeztuko dira SPEri oniritzia emateko.