Sakanarako bide-orria

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Ibarreko biztanleen ekarpenak eskatu dituzte Sakana 2020 Plan Estrategikoa osatzeko.

Lau lan-taldetan banatuta, sei hilabetez esperientzia eta ezagutza zabaleko 51 pertsona eta 8 dinamizatzaile Sakana 2020 Plan Estrategikoa (SPE) lantzen aritu dira. Ibarreko aditu eta arituez talde horrek osatutako diagnositik abiatuta  gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren iraunkortasunean  oinarrituriko  lanpostuak sortzea erraztuko duten etorkizunerako apustu eta ekimen zehatzak  proposatu dituzte. SPEk lau esparru estrategikotan 13 ardatz, 54 lan ildo eta 147 ekintza jasotzen ditu.

Etorkizuneko Sakana eraikitzeko ibarreko biztanle guztien parte hartzea eskatzen duela iritzita, SPE dokumentua www.sakanagaratzen.com web orrian ikusgai dago. Atari berean prozesu parte-hartzailean zehar lan-talde bakoitzean egin diren diagnostiko osoak eta AMIA taulak kontsulta daitezke.Hiru herri handienetan ere planaren aurkezpen bana eginen da.

Hura aberasteko sakandarrei ekarpenak egitea eskatu dute. Apirilaren 3ra arteko epea izanen da horretarako. garapena@sakana-mank.com helbidera bidali behar dira ekarpenak. Haiek lan batzordeak aztertu eta Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiak apirilaren 12rako azken oniritzia emanen dio planari. Udaletan mozioak aurkeztuko dira SPEri oniritzia emateko.

Plan estrategikoa Sakanak pairatzen duen langabezia tasa altuari eta krisiari aurre egiteko bitarteko bat izan nahi du. Sakanako Mankomunitateak eskatutako eskualde mailako hausnarketa prozesuaren ondorioa da. Cederna-Garalur, Sakanako Garapen Agentzia eta Sakantzen Sareak sustatutako Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren bidez egin du aurrera planak, bidean ibarreko eragileen arteko elkarlana aktibatuz.

Planaren kudeaketa
Sakana 2020 Plan Estrategikoa aurrera eramateko euskarri instituzionala, parte hartze zabala, adostasuna, eraginkortasuna eta birmoldatze  aldiroko hausnarketa bilatzea aurreikusi dira. Haren kudeaketan eragile eta funtzioen lokairua lau mailetan finkatzen da. Maila instituzionalean udalak, Mank, Nafarroako Gobernua, Ministerioak eta Europako Batasuna daude. Maila operatiboa, planaren inplementazioaren erdigunea, Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur izanen dira, bestelako eragileen laguntzaz.

Planaren ebaluatze mailan, batzorde bat sortuko da, han besteak beste egonen dira Sakanako Garapen Agentzia, Garalur, AES, SNE, FP, Sakantzen, SPEko lantalde bakoitzeko bina ordezkari eta udaletako eta Mank-ekoak. Azkenik, hausnarketa maila dago, instituzio eta Sakanako Sozio-ekonomia Behatokiaren markoan egikarituko da.


Plan estrategikoaren aurkezpenak
Altsasun, martxoaren 24an, astelehenean, 19:00etan Iortia kultur gunean.
Irurtzunen, martxoaren 25ean, asteartean, 19:00etan udaletxean.
Etxarri Aranatzen, martxoaren 26an, asteazkenean, 19:00etan, kultur etxean.


Lau esparru estrategikoak
Elikadura: lehen sektorea eta elikagaien industria
Industria: industria eta enpresa-zerbitzuak.
Energia: basogintza, energia berriztagarriak eta eraikuntza.
Turismoa: turismoaren sektorea.