Energia arloko ardatz estrategikoak

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Sakana 2020 Plan Estrategikoaren energiari buruzko atalean jasotakoa.

Energiari buruzko politikak haren zentzuzko erabilera sustatzera bideratu behar dira, baita efizientzia energetikoa bultzatu eta energia berriztagarriak sustatzera ere. Proposamen horiek, gako estrategiko moduan hartuz gero, bertako ekonomiarendako eta ingurumenarendako onuragarriak izan daitezke, faktura energetikoa murrizten delako eta horrekin, gizartearen intentsitate energetikoa ere jaisten delako. Bestalde, erregai fosilek sortzen duten kutsadura emisioa gutxituko litzateke.

Horrela, arlo energetikoan garatu beharreko tokiko estrategia, energiaren aurrezpena, efizientzia energetikoa eta energia berriztagarriak gailentzera bideratuko litzateke. Batik bat, ingurumenarekiko onuragarriak izango zitezkeelako eta horrela antolatuz gero tokiko ekonomian sortuko luken eragin positiboa izugarria izanen litzatekeelako.
Errealitate horren aurrean, sektore energetikoa enplegu berriak sortzeko eta enpresa jarduera berriak sortzeko sektore bideragarria da. Gainera beste hainbat sektoretan eraldaketa sortuz, hala nola, industria eta eraikuntza batik bat, energia berriztagarriak sortzera eta efizientzia energetikoarekin harremana eduki lezaketen aktibitateak sortzera bideratu litzateke.

Sakanan gero eta pertsona, ekintzaile eta enpresa gehiago dira sektore honetan lanean hasi edota beraien enpresak, energiaren sektorerantz eraldaketa bat jasan dutenak.
Europak energia arloan 20-20-20 helburuak zehaztu ditu 2020rako: energia berriztagarrien %20 kuota, energia azken kontsumo gordinean; %20 kontsumo murrizketa oinarrizko energian eta %20 murrizketa berotegi-efektuko gasen isurketan.

Ardatzak
Energia arloa Sakanan garatzeko bi lan ardatz zehaztu dira. Horiek garatzeko hiru jarduera lerro eta 15 ekintza aurreikusi dira.

Aurreneko ardatza industria enpresen kokapen estrategikoa hobetzea da. Energia ardatz hori industriako aurreneko ardatzarekin batera partekatuta garatuko da.

Energia arloa Sakanan garatzeko bigarren ardatz estrategikoa proiektu berde eta proiektu enpresarial energetikoen sustapena eta sorkuntza da. Hiru jarduera lerro aurreikusi dira. Lehenik, ekintzailetasuna sustatzea. Bigarrenik, proiektu berde eta enpresa proiektu energetikoen sustapena eta sorkuntza. Eta, hirugarrenik, inbertsioak erakartzeko kudeaketa pro-aktiboa egitea. 15 ekintza aurreikusi dira. Ardatz honetako zenbait jarduera ) industria eta enpresendako zerbitzuen sektorearekin batera garatuko dira.