Elikadura arloko ardatz estrategikoak

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Sakana 2020 Plan Estrategikoan elikadura arloari buruz jasotakoa.

Azken hamarkadetan kontsumo portaeratan eta kontsumo ohituretan aldaketak ematen ari dira. Fase berri batera pausua eman da, non landa, elikagai eta lehengai ekoizle hutsa izatetik, kalitatera eta naturara lotutako produktuen ekoizle izatera pasa den. Indarra hartu duten baloreak izan dira: kalitatea, naturarekiko lotura, ekologia… Gertakari horrek, aldi berean, gizartea nekazaritza landara hurbiltzea ekarri du, kontsumo eta aisialdi ohitura berriek krisian dagoen sektoreari berreskuratze aukera bat emanez.

Aldi berean, landa eremuen despopulatze arazoari eta lur sailen uzteari aurre egiteko aukera ematen du. Joera honek, lehen sektorean edo elikaduraren sektorean aktibitatea sortzea edo hedatzea ahalbidetzen du, gainera bertako produktuei balio erantsia emanez eta eskualdean aberastasuna sortuz.

Tokian tokiko ekoizpen sistemen erabilerak, non errekurtso propioei balioa erantsia ematen zaien, lehiakortasunean abantaila bat ematen du eta gainera produktua eskualdera lotuta geratzen da. Horrela, produktuak dibertsifikatzeko ahalmenak eta aukerak sortzen dira, produktuei balio erantsi handiagoa emanez, lurraldeari aberastasun handiagoa ekarriz eta kontsumo portaera berriei egokitutako aktibitate ekonomiko berriak edo daudenak handitzeko aukera emanez.

Plan Estrategikoaren prozesuan zehar, Sakana baliabide naturalez eta merkatuan ondo kokatutako produktuez osatutako ibarra dela azpimarratu da, produktuen kalitateari dagokionez. Gainera, produktu elaboratuen irudi ona eta kontsumo eremuen hurbiltasuna gehituz, tokian tokiko produkzioan apustu egin daitekeela ondorioztatu da, horrek aktibitate ekonomiko berriak sor ditzakeelako edo daudenak handitu.

Ardatzak
Lehen sektorerako SPEk 4 lan ardatz, 16 jarduera lerro eta 45 ekintza deskribatu ditu, bakoitzari dagozkion parte-hartzaileak zehaztuz.

Lehen ardatza, ekonomia, gizarte eta ingurumenari dagokienez, abeltegiak ustiatze eredu iraunkor baterantz zuzentzea da. Horretarako aurreikusitako jarduera lerroen artean daude: abeltzainen arteko topaguneak bultzatzea; produktuaren dibertsifikazioan eta eraldatze zikloetan laguntzea; abeltegien titularren gaitasuna eta prestakuntza garatzea eta merkataritza eta turismoa elkarri lotzea. Lehen ardatz hori garatzeko 11 ekintza jaso dira.

Elikadura sektoreko bigarren ardatza baliabide publikoen kudeaketa da. Horren barruan hiru jarduera lerro daude. Batetik, herri-lurrak Kudeatzeko Plana sortzea, intsumoekiko mendekotasuna murrizten laguntzeko eta instalazio berriak bultzatzeko.Bestetik, jabetza publikoko lurrak optimizatzea eta balioztatzea eta, azkenik, eraldatzea eta salmenta xede dituzten azpiegiturak optimizatzea eta balioztatzea. Jarduera horiek aurrera eramateko 8 ekintza zehaztu dira.

Sei lan lerro eta 18 ekintza ditu lehen sektoreko 3. ardatzak, tokiko elikadura sistemak bulkatzeaz ari dena. Adostutako jarduera lerroen artean dago kontsumitzaileen kontzientzia eta prestakuntza handitzea, tokiko produktuak, kalitatekoak, ekologikoak... kontsumitzeak dakartzan onuren gainean (gizartean sektorearen irudia hobetzea). Horrekin batera, Sakanan egindako produktuak sustapena egitea aurreikusten da.

Ekoizle txikiei merkaturatzean eta marketinean laguntzea ere jasoa dago SPEn. Baita ekoizleen arteko topaguneak bultzatzea ere. Aldi berean, merkataritza jarduera turismo jarduerari lotzea adostu da lan-taldea eta, azken jarduera lerroa nekazaritza ekologikoa bultzada ematea da.

Elikadura arloko laugarren eta azken ardatza sektorearen prestakuntza garatzea edo berariazko prestakuntza jarduerak antolatzeari buruzkoa da. Hiru lan lerro zehaztu dira: prestakuntza alorreko entitateekin lankidetza etengabea; ekintzaile berriendako berariazko prestakuntza eta, azkenik, prestakuntza jarduerak edo etengabeko prestakuntza planak garatzea. Guztira zortzi ekintza garatzeko asmoa dago.