Turismoko ardatz estrategikoak

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Sakana 2020 Plan Estrategikoaren turismoari buruzko atalean jasotakoa.

Sektore turistikoa eta aisialdi eskaintza garapen iraunkor batean murgilduta daude eta eskaera turistikoak sakoneko eraldaketa jasan du. Oporretako ohituren eta lehentasunen joera berriak antzeman direlako. Europako joeren arabera kalitatezko eskaintza turistiko jasangarri baten aldeko apustua egin beharra dago. Batez ere, ingurune aniztasuna eta kultur aberastasuna azpimarratuz. Jasangarritasuna kontuan hartuta, tokiko kultura eta ohiturak sustatzen dituen eskaintza eta ingurumen ondarea eta kulturala mantenduko duen eskaintza turistikoa bultzatu beharra dauka.

Sakana igarobide puntua da eta ondorioz, ezaugarri historiko eta kultural anitzak dauzka. Zentzu horretan, Europatik iradokitzen zaigunari jarraiki, “Europako ibilbide kulturalak” omen dira eskaintza turistiko kultural anitza sustatzeko abiapuntua. Ibilbide kultural hauek ezagutzeke dagoen indargune turistikoa daukate. Eredu jasangarri, etiko eta sozialak ere badira. Jakiturian, ondarean eta tokiko erabilpenean oinarrituta daudelako eta aldi berean hain ezagunak ez diren tokiak sustatzen dituztelako.

Turismoa, Sakanako tokiko garapenerako tresna izateaz aparte, ibarrerako kultur dinamizazioa ere ahalbideratuko du. Ez masifikatua eta errespetuan eta gure ondare kultural eta naturalen balioan oinarritutako turismoaren alde egin da. Ibarrean aberastasuna sortuko duen turismoa.

Ardatzak
Turismoa garatzeko hiru ardatz eta 13 jarduera lerro adostu ditu lantaldeak. Haiek garatzeko 31 ekintza izanen dira.

Ibarreko Plan Estrategikoko turismo arloko aurreneko ardatza Sakana helmugaren kudeaketa da. Haren kudeaketarako oinarrien sorrera helburu duen jarduera lerroa garatuko da bost ekintzen bidez.

Sakana helmugaren dinamizazioa da turismo arloko bigarren ardatza. Sei jarduera lerroren bidez eginen da: azpiegitura turistikoen sorkuntza eta balioztatzea; dinamizazio kulturala; turismo produktuak; turismo paketeen dinamizazioa; egonaldi gomendioak eta mikologia turismoa. Horretarako dozena bat ekintza aurreikusi dira.

Turismoko azken ardatz estrategikoa salmenta eta promozioa da, sei jarduera lerro eta 14 ekintzekin osatuta. Jarduera hauek zerrendatu dira: oinarriak; irudi korporatiboa; on line promozioa; off-line promozioa; bestelako promozio ekintzak eta eskualde irudiaren kudeaketa.