Industriako ardatz estrategikoak

Guaixe 2014ko martxoaren 20a

Sakana 2020 Plan Estrategikoan industriari buruz jasotakoa

Azken hamarkadetan, industria sektoreak izugarrizko eraldaketa jasan du.Horren erakusle dira, esate baterako, ondasun merkatuen nazioartekotze handiagoa; diferentziazioan, kalitatean eta ondasunaren bizitza zikloaren laburtzean oinarrituriko lehiaren areagotzea; teknologian, antolaketan eta komertzializazioan berrikuntza sistemiko eta iraunkorra; produkzio eta lanaren antolaketa paradigma berriak; eskala geografikoen birformulazioa, non erregioak, garapenerako subjektu bezala, garrantzitsuagoak bilakatzen diren.

2008-2013 urte bitartean Sakanak 2.075 soldatapeko enplegu galdu zituen. Enplegu horien %69ren suntsiketa industriari dagokio. Industrian suntsitutako enpleguaren %82,86a, 2008an 50 soldatapekotik gora zituzten 19 enpresetan elkartzen da. Mikroenpresak eta enpresa txikiek ibilera hobeago bat erakutsi dute. Izan ere, 8 enpresen itxierek 1.153 enpleguren desagerpena sortu dute, hau da, enpresa handi eta ertainen artean %72-ko enplegu suntsiketa. Beste modu batera esanda, Sakanako langabeziaren gorakadaren gakoa 8 enpresa hauen itxieran errotzen da.

Ardatzak
Industria lan-taldeak aurrera egiteko lau ardatz, 12 jarduera lerro zehaztu ditu, eta haiek aurrea eramateko 50 ekintza ere.

Industriako aurreneko ardatza enpresen kokapen estrategikoa hobetzea da. Planean jasotako lau jarduera lerroak dira: enpresei bidea erraztea beren kokapena hobetzeko tresnak eskura izan ditzaten; berrikuntza bultzatzea; giza baliabideen kudeaketa hobetzea eta kooperazioa bultzatzea eta enpresen arteko artikulazioa hobetzea. Jarduerak garatzeko 24 ekintza jasoak daude planean.

Industriako bigarren ardatz estrategikoa enpresa berriak sortzeko ekimenak bultzatzea da. Bi lan lerro jaso dira planean: enpresak sortzeko ekimena bultzatzea eta kudeaketa proaktiboa, inbertsioak erakartzeko. Dozena bat ekintzen bidez garatu nahi da asmoa.

Azpiegiturak hobetzea da industriarako aurreikusitako hirugarren ardatza. Horretarako hiru jarduera lerro zehaztu dira: industria lurzoruaren eskaintza hobetzea; informatika sareetarako sarbidea hobetzea eta hezkuntza alorreko hobekuntzak. Hiru lerro horiek 7 ekintzen bidez garatu nahi dira.

Hiru jarduera lerro eta 7 ekintza zehaztu dira industriako laugarren ardatzean: eskualdearen irudi positiboa eta erakargarria eraikitzea. Horretarako aurreikusi da, batetik, eskualdea eta lehiatzeko bertan dauden abantailak sustatzea. Aldi berean, eskualdeko dinamikak bultzatzea eta indartzea egoki jo da. Ekintza horiek beste eskualde eta garapen agentzia batzuekin harremanak bultzatuz osatuko dira.