Altsasuko Antzerki Tailerretik sortu zen Tarima Beltza 2008an. Orduz geroztik, hiru antzezlan landu dituzte Jon Barbarin ihabartarraren zuzendaritzapean hamar urtetan sei antzezlan taularatu dituzte: La familia Malumbres y sus farsas (2007), No hay ladrón que por bien no venga (2008), ¿Habrá o no habrá función? (2009), Bienvenido a Girasol (2012), Nunca fuimos heroes (2014) eta Falstaff no cree en la otra (2016). Dozena bat aktore izan dira antzezlan horietako pertsonaiak jokatu dituztenak: Maru Garcia, Jose Luis Liberal, Merche Herrera, Muan Manuel Herrero, Amaia Mintegi, Pili Maldonado, Maru Garcia, Marta Diego, Natalia Martin, Eider Leoz, Nahikari Gonzalez eta Olibi Galparsoro.
Baina antzezlanak sortzeaz aparte programatzeaz ere arduratu da Tarima Beltza taldea. Beti ere, amateur antzerki taldeak ekarri dituzte Iortia kultur gunera. 2011n ekin zioten Te@treves antzerki zikloa antolatzeari eta urtero hiru emanaldi eskaini izan dituzte. Data arazoengatik aurten salbuespena izan da zikloan eta urtean barna programatu dituzte emanaldiak. Heldu den urtean zikloa berreskuratzeko lanean ari dira taldeko kideak, “publiko fidela berreskuratzeko”.
Muntaia berria
Herrerok aurreratu duenez, Falstaffen emanaldiak aurten despedituko dituzte eta berehala obra berria prestatzeari ekinen diote. “Komedia hutsa izanen da denok, ikusleak eta guk, barre egiteko”. Hala, azken antzezlanetako drama eta tragikomediatik urrunduko dira. “Gozatu, ganberroarena egin” nahi dutela azaldu digu. Horregatik, jatorrira bueltatuko dira. Eta baliteke aktore bakoitzak pertsonai bat baino gehiago jokatzea.
Abenduan utziko duten obran zazpi aktore aritu badira hurrengoan bost izanen direla aurreratu digu Herrerak. “Batzuk libre gaude, baina besteak lan egiten dute eta entseatzeko zaila izaten da. Eta lanean txandaka bazaude lehiaketa eta emanaldietara joatea zaila da. Horregatik, hiru aktoreko obra bilatzen aritu ginen”. Lan berria udaberrirako nahi lukete.
Trukeak
Antzezle altsasuarren amateur antzerkiarekiko kezkak Nafarroako Antzerki Talde Amateurren Federazioko kide bihurtzera eraman zituen 2010ean. Horrek herrialdeko beste talde amateurrekin trukaketak egitea erraztu zuen. Baina sustapen lanean Tarimakoak ez dira horretan gelditu eta beste erkidegoetako taldeekin trukaketak egiten hasi ziren duela bi urte. Hala, Castro Urdiales, Amurrio eta Abadiñoko taldeak izan dira Altsasun eta Tarimakoak han ere. Burgoseko eta Salamancako antzerki taldeekin trukaketak egiteko eskaintzak dituzte.
Herrerak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak amateur antzerkiarendako diru-laguntza moztu du, “profesionalaren aldeko apustua egin du”. Herrerok elkarteari begira ahots gora galdetu du Nafarroako amateur antzerkiaren erakustaldia ez ote zen gauza handiegia. Taldeek antolatzen zituzten erakustaldiek eusten diotela, baina udalek antolatutakoak ezetz jakinarazi digute. Eurek, orain arte bezala, sarrerako diruaren truke beste antzerki taldeekin lanean segituko dutela jakinarazi dute.
Hamlet
Altsasuarrak Valladolideko Teatro del Veneno taldearekin trukea eginen dute. Haiek William Shakespeareren Hamleten gaurkotutako moldaketa bat ekarriko dute Iortia kultur gunera hilaren 18an larunbatean, 19:30ean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude. Tarima Beltzak bisita abenduaren 2an bueltatuko du.