Hamabi urteren bueltan azoka Zumalakarregi plazan

Guaixe 2020ko eka. 4a, 18:36

Eguraldiak ez zuen Zumalakarregi plazarako bueltan lagundu eta tarteka zaparrada ederrak bota zituen.

COVID-19 gaitza ez zabaltzeko osasun hainbat neurri hartu behar izan dituzte, tartean pertsonen arteko bi metroko distantzia mantentzea. Arau horri segiz, Altsasuko Udalak azoka bitan banatu du: Iortiaren ingurua eta Zumalakarregi plaza. Hamabi urte ziren Zumalakarregi plazak azokarik hartzen ez zuela.  

Ohiko kokagunean tokirik ez zegoenez, Altsasuko azoka bitan banatu behar izan dute: Iortia zabalgunean eta Baratzeko Bidea plazan elikagaiak daude eta Zumalakarregi plazan arropak, oinetakoak eta bestelakoak. Asteazkenean itzuli zen, 12 urteren ondoren, azoka Zumalakarregi plazara. 

1991tik azoka urtero tokiz aldatzen zen, Zumalakarregi plazatik Alde Zaharrera eta alderantziz. Azoka Zumalakarregi plazan egon zen azkeneko urtea 2008a izan zen. Urte hartako ferietako domekan arropen postuak Baratzeko Bide plazan eta Iortiako zabalgunean jarri zuten, proba moduan. Emaitza onak ikusita udalak abenduaren 25ean egindako ezohiko bilkuran azoka Alde Zaharrera eraman beharrean hara aldatzea erabaki zuen. Urte erdiko probaldia egin nahi zuen. Eta ordutik han dago.

Baina hasieran izan ziren arazoak. 2009ko ilbeltzaren 21ean mustu zuen azokak kokapen berria. Eguraldia hotza zen eta tarteka elur malutak erori ziren. 60 postuk 13 izan ziren jarri zirenak. Dendari asko 09:30erako udaletxean kexu ziren. Postu batzuk besteei sarbidea mozten zietela eta zama-lanak kokapen berriaren arazoa zirela nabarmendu zuten. Unai Hualde Iglesias alkatearen eta saltzaileen arteko bi bilera izan ziren egun hartan. Udal ordezkariak, udaltzainak eta dendariak 26an elkartu ziren eta zenbait moldaketa egitea erabaki zituzten: Iortia plazara 6 postu eramatea, liburutegi pareko postuen  ilara kenduko zen jendeari pasa uzteko, kultur gune parean bi postu ilara beharrean bakarra jartzea, frontoi ondoko ilaran elikagaiak saltzen zituzten postuak jartzea eta Baratzeko Bide plazako etxearen parean ilara bakarra beharrean bi postu ilara paralelo jartzea. 

Aldaketaren zergatiak
Aldaketa egiteko udalak Udaltzaingoaren txostena izan zuen kontuan. Han jasotzen zenez, kokapen berriak postuak muntatzeko hiru sarbide zituen eta herriaren erdigunean zegoen. Altsasuko Udaltzaingoak beste bi kokapenen kontrako argudioak eman zituen. Alde Zaharrak sarbiderik ez izateak zirkulazio arazoak sortzen zituen, eta aurreikusi zuten Otadiako etxe berriak betetzean eta Txioka haur ikastola martxan jartzean areagotuko zirela. Bestalde, aparkatzeko arazoak sortzen zirela eta seinaleztapen falta zegoela nabarmendu zuten. Zumalakarregi plazan azoka jartzerakoan astero aparkatutako autoekin arazoak izaten zituzten, plaza inguruan zirkulazio kaosa sortzen zen eta batzuetan etxe batzuetako portalak ixten ziren eta bizilagunek buelta handia eman behar izaten zuten.