Deshobiratzea Leten

Guaixe 2021ko api. 12a, 13:04

Aranzadi zientzia elkarteko kideak deshobiratzea egiten Leteko hilerrian. Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Leteko hilerriko hobitik atera zituzten gorpuzkiak Manuel Elizalde Lecea altsasuarrarenak izan daitezke.

Nafarroako Memoriaren Institutuak, Aranzadi Zientzia Elkarteko talde teknikoarekin batera, Leteko hilerrian hobiratutako pertsona baten gorpuzkiak berreskuratu zituen ostiral goizean. Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta Izako Udaleko Bake Epaitegian egindako ikerketen arabera, Manuel Elizalde Lecearen, Altsasuko 30 urteko kidearen, gorpuzkiak izan daitezke. Gorpuzkiak Nasertic-ek duen DNA banku publikoan identifikatuko dituzte.

Manuel Elizalde Lecea, Beasaingo bagoi lantegiko langilea, CNTko militantea eta Altsasuko Sindikatu Bakarreko idazkaria zen. Iparraldeko frontean preso hartu zuten 1937ko irailean, eta handik Iruñeko kartzelara eraman behar zuten. Datuen arabera, lekualdaketa horretan hil zen. Heriotza-erregistroaren eta auzitegiko txostenaren arabera, haren gorputza Iharteko zubiaren ondoan aurkitu zuten, Letetik hurbil, 1938ko maiatzean.

Nafarroako Oroimenaren Institutuaren 2021eko Deshobiratze Programaren esparruan egindako lehen desobiratzea da. Aranzadikoen lanen lekuko izan ziren Manuelen iloba den Juan Jose Zelaia Elizalde, Ana Ollo Hualde Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Jose Miguel Gaston Aguas Nafarroako Oroimenaren Institutuaren zuzendaria eta Leteko Kontzejuko ordezkari bat.