Plazaola eta Ederbidea ahizpa txikiaren magalean

Guaixe 2019ko uzt. 20a, 11:36
Bide bedera egiteko lanak eta ahizpa handiaren ikuspegia. Argazkia:@ehbilduirurtzun

Mendi magalari segituz, Biaizpeko tunela eta Ardantzeta dermio artean bide berdea egiten ari dira.

Plazaola trenak XX. mendean Iruñea eta Donostia lotu zituen. Haren ibilbidea bide berde bihurtzeko lanean ari da Plazaola turismo partzuergoa. Andoain eta Latasa arteko zatia egina dago eta Irurtzun eta Saratsa arteko tartean azken ukituen faltan dago mustutzeko. Bi zati horiek lotzeko 2,8 km-ko bidea egiteko lanak berriki hasi dira. Latasatik abiatuta NA-1300 errepideari segituz eginen du aurrera Irurtzunerantz. Beharrezko seinaleztapena jarriko da errepidean eta tunelak argiztatuko dituzte.

Plazaolak ahizpa txikia tunel baten bidez zeharkatzen zuen. Hura hondoratuta dago eta konpontzeko aurrekontua handia denez, beste alternatiba bat opatu da. Errepideko Biaizpeko tunela pasata, ezkerretara, bizikletendako pista egiten hasi dira. Ahizpa txikiaren magalari segituz Irurtzungo Ardantzeta dermioan Plazaolaren bide berdearekin bat eginen du, tunelaren ahoaren ondoan. Kilometro erdi inguruko pista da.

Ederbidea
Baiona, Donostia eta Iruña bizikletaz ibiltzeko bideen bitartez elkartuko dituen egitasmoak Ederbidea izena du. 238 km-ko sarea izanen da eta Eurovelo bizikleta ibilbide sarearen barruan dago, Norvegia eta Portugalgo Algarve lotzen dituen adarra hain zuzen ere. Nafarroan Bidasoako eta Plazaolako bide berdeak erabiliko dira sarea osatzeko. Eta bi bide horien artean Doneztebe eta Irurtzun arteko bizikleta bidea eginen da. Plazaolako bide berdeko Irurtzungo lanak egitasmo horren barruan daude eta zatirik handiena Europako Batasunak finantzatzen du. Sare osatzeko lanek heldu den urteko martxorako despedituta egon behar dute.

Ederbidea Nafarroan bost bazkidek sustatu dute: Nafarroako Gobernua, Imozko Udala, Cederna Garalur, Plazaola turismo partzuergoa (Arakilgo Udala kide da) eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa.