Gizarte izaera nabarmendu dute udal aurrekontuetan

Guaixe 2021ko urt. 21a, 11:42
Irurtzundarrak plazan. Artxiboa.

Larrialdi egoeretarako, 0-3 haur eskolen gastuetarako eta kontsumo bonuetarako partidak nabarmendu dira inbertsioen gainetik. Dinabideko coworkinga erabiltzeko beka deialdia eginen du udalak. Eta Inasaren historia memoria jasoko du.

Irurtzungo Udalak 1.989.577 euroko aurrekontua du aurten, EH Bilduren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin onartu zena. Aitor Larraza Carrera alkateak azaldu duenez, “pandemiarekin sortu diren arazoen aurrean herritarrak sozialki babesten saiatu gara”. Horregatik, 12.000 euro bideratu dituzte larrialdi egoeran dauden irurtzundarrendako. “Gizarte Zerbitzuekin harremanetan, garagartzaroan 8.500 euroko partida sortu genuen egoera zailean zeuden familiei arnasa emateko. Partida lastailerako bukatu zen eta beste 4.000 euro jarri genituen. Azaroa bitartean partida horren erabilera handia egon da. Abenduan jaitsi egin da eta espero dugu aurten 12.000 eurorekin iristea”. 

Jauntsarats eta Itzako haur eskolekin hitzarmena sinatuko du Irurtzungo Udalak. Larrazak azaldu duenez, “familia bizitza eta lana bateragarri egiteko, irurtzundarrek beraien 0 eta 3 urte bitarteko umeak zentro horietara eramaten dituzte, eta guk dagokigun zatia pagatuko dugu”. Horretarako, 10.000 euro daude aurrekontuan. Alkateak ere azaldu digu zergatik ez dagoen 0-3 zentro bat Irurtzunen: “lau gelako zentro bat egitea, jantzi gabe, milioi bat euroko aurrekontua du. Nafarroako Gobernuak eraikuntzarako eta ekipamendurako 100.000 euroko dirulaguntza ematen du. Finantzazioa desegokia da”. 

Bestalde, irurtzundarren artean herriko establezimenduetan kontsumitzeko joera sustatzeko eta ekonomia jarduera hori bizirik mantenduz herriari bizitza emateko helburua dute kontsumo bonuak. Horretara 27.500 euro bideratuko ditu udalak. 

Inbertsioez
Joan den urtean baino 54.003 euro (%2,64) gutxiago ditu aurtengo aurrekontuak. Alkateak argitu duenez, “aurrekontuan diru gutxiago dago inbertsio faltagatik. Udalak lanak egiteko Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen menpe gaude. Tokiko Maparen aldaketarekin udal finantziazioa hobetu nahi zen, baina legea garatzea falta da”. 

Larrazak azaldu duenez, foru administrazioak aurten Tokiko Azpiegitura Plana eginen du eta 2022an eta 2023an inbertsioak egiteko aukera izan beharko lukete udalek. “Irurtzungo Udalean bizpahiru inbertsio zain ditugu. Udalak 337.000 euro inguruko poltsa dugu eta egoera onean gaude behar izanez gero mailegua eskatzeko”. Aurrekontu Egonkortasun Legea ere malgutu da. Hala ere, alkateak zehaztu duenez, “dugun diru hori erabiltzeko aukera dugula jakitun izanik, beharren arabera eginen ditugu inbertsioak, programa segituz”. 

Hala ere, Nafarroako Gobernuak eginen dituen deialdietara aurkeztuko da Irurtzungo Udala, esaterako, ikastetxe publikoetan berrikuntzak egiteko deialdira. Ekologia Trantsiziorako Ministerioaren laguntza deialdian igerilekuak egungo araudira egokitzeko lanak eta energia berriztagarriak ezartzeko proiektua aurkeztu du, 1.464.110,8 euroko aurrekontua duena. 

Inbertsioen atalean 35.000 euro daude parte hartze aurrekontuen bidez irurtzundarrek erabakitzen duten lan egiteko. Lorezaintzako makina bat erosteko 10.500 euro bideratuko dira eta 8.000 euro larrialdiko pisua egokitzeko. “Aurten bukatu nahi dugu udalarena den pisu horren egokitzapena. Bi urte eman ditugu horretan”, azaldu du Larrazak. Eta gaineratu du: “Gizarte Zerbitzuekin bilerak egiten ari gara etxebizitzaren erabilera eta kudeaketa zehazteko”. 

Aurreko urtean bezala, udalak 16 pertsona kontratatuko ditu: udan lan egiteko lau, kale garbiketarako beste lau eta igerilekuetan lanean aritzeko zortzi. Gainera, Gizarte Zerbitzuen Iturraskarri programarako 7.300 euro bideratu ditu. Haren bidez joan den urtean sei pertsona kontratu ziren. 

Bestelako inbertsioak ere aurreikusten dira aurrekontuan: kultura jardueretarako 55.000 euro eta garapenean dauden herrialdeetan proiektuak egiteko 10.973 euro. Bestalde, udalak 7.000 euroko diru sarrera espero du Bi Ahizpe kaleko 11-B zenbakiko 20,56 metro karratuko espazioaren salmentagatik. “Garai batean udalak kale horren eta Akaborro industrialdearen arteko pasabidea egiteko erosi zuen. Baina ez zen egin eta urteak itxita eman ditu. Ondoko bajeren jabeek hartaz galdetu zuten, eta udalak erabiltzen ez duenez, saltzea erabaki dugu”, argitu du alkateak. 

Kultur diagnosia 
Sakanako Mankomunitateko Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuak eskaerari baiezkoa eman dio  Irurtzungo Udalak eta herriko kultur diagnosia egiteko 8.500 euro jarri ditu, baina %100an diru lagunduta dago. “Migrazio handia hartu duen herria da Irurtzun eta zerbitzuaren ‘argazkia egiteko’ proposamena oso interesgarria iruditu zitzaigun”, esan du alkateak. 

Dinabide beka 
Eraldaketa digitalerako coworking espazioa erabiltzeko aukera eman nahi da beka deialdi horren bidez. “Irurtzundarren bat eraldaketa digitalean ari bada, arlo horretan ari diren beste batzuekin espazioa partekatzeko aukera izanen du”. Larrazak gaineratu du ekintzailetza sustatzeko modua ere badela. 2.000 euroko poltsa du bekak, hartzaileek gehienez 1.000 jasoko dute. “Aurtengoa proba da, zer harrera duen ikusteko”. 

Energia komunitatea 
Irurtzungo Udalaren aurtengo erronketako bat da herrian energia komunitatea sortzen saiatzea. Aurrekontuetan 3.500 euro daude ikerketa egiteko. Horretarako aurreneko bilera heldu den astean eginen dute. Parte hartze prozesu baten bidez sortu nahi dute. Larrazak azaldu duenez, “garrantzitsua da energia burujabetza izatea”. Ideia litzateke irurtzundarrek kontsumitzen duten energia eguzki instalazio kolektibo baten bidez sortzea, energia aldetik burujabeagoak izateko. 

Inasaren memoria jaso 
Irurtzun eraldatu zuen lantegiaren historia memoria bizirik mantentzeko, lekukotzak jasoko dira. “Inasaren ezarpenak zer eragin zuen, nola lan egiten zen, langileek beraien eskubideak lortzeko zer egin zuten eta erabaki gunean urruntzearen ondorioz 2012an zer gertatu zen itxiera. Hori guztia jaso nahi da, gazteek eta jendeak horren guztiaren berri izan dezan”. Hala azaldu du alkateak egitasmoa. Bi fase izanen ditu lanak. Lehenik elkarrizketak eginen dituzte eta ondoren ikusentzunezko bat sortuko da. Labrit enpresa arduratuko da horretaz eta 10.500 euro jasoko ditu horregatik.