Udal egitasmoak dirulaguntzen zain

Guaixe 2022ko mai. 18a, 13:04
Iturmendiarrak plazan elkartuta.

Finantza laguntza jasoz gero udalak egin nahi lituzkeenen artean daude: Santa Marina kaleko sareak eta zorua berritu, frontoiko teilatuko itajurak konpondu eta hura txukundu eta baso eta nekazaritza azpiegiturak hobetu. Medikuaren etxean bi etxebizitza nola egin ere aztertzen ari da.

Aurten Iturmendiko Udalaren aurrekontua bere ohiko kopuruetan dago. Zehazki, 354.211,16 euro kudeatuko ditu. Horrek esan nahi du inbertsio handirik ez dela izanen. Inbertsioetarako udalak 41.753,74 euro bideratu ditu. Imanol Arbizu Perpiña alkateak azaldu duenez, “ditugun proiektuak egiteko dirulaguntzak behar ditugu derrigorrez”. Azaldu duenez, herriaren hegoaldean dagoen Santa Marina kaleko sareak eta zorua da berritzea falta den bakarra. Lan hori egin ahal izateko Toki Azpiegitura Planaren finantzaketa espero dute. 2020ko garilean despeditu ziren plaza eta inguruko kaleak berritzeko inbertsioaren %70eko laguntza jaso zuen udalak. 

Arbizuk argitu duenez, “frontoiaren teilatuan itajurak daude eta berandu baino lehen konpondu nahi dugu, bestela gero konponketa garestiagoa izanen baita. Gainera, iturmendiarrek frontoia erabiltzen duten zerbait da”. Horretarako ere dirulaguntza eskatuko du udalak. Bide batez, frontoia margotu, harmailak egokitu eta guztia txukun utzi nahiko luke udalak. Kirol azpiegituran joan den uretan LED argiak jarri zituzten. Eta argiteria publikoan Estafeta kalea eta beste puntu batzuk besterik ez lirateke faltako bonbillak ordezkatzeko. Bestetik, urtero bezala, udalaren asmoa da basoko eta lehen sektoretan azpiegituretan inbertsioak egitea. Horretarako, dirulaguntza eskaerak egin dizkiote Nafarroako Gobernuari.  

Etxeak eta beste 
Medikuaren etxea zeneko teilatua berritu zuen udalak joan den urtean. Eraikinaren beheko solairuan dago mediku kontsultategia eta goian medikuaren etxea zena. Iturmendiko Udalaren aspaldiko asmoa da goiko solairuan zegoen 160 m2-ko etxebizitza bitan banatzea eta bi etxebizitza sortzea, alokatzeko edo gizarte larrialdi egoeran erabiltzeko. Alkateak azaldu duenez, ideia horri berriro heldu diote eta lanak egiteko finantzabideak zein izan daitezkeen aztertzen ari dira. 

Hala ere, Santi Agirre Galartza jubilatu ondoren, udalak lehenbailehen egin nahi duena almintea kontratatzeko oposizio lehiaketa da.. “Hori azkartu nahian gabiltza. Gaur egun dirulaguntza baten bidez kontratatuta dugu langile bat, baina maiatzean bukatzen zaio kontratua”. Bestetik, udal eraikinak eta hainbat etxebizitza berotzeko proiektua, berokuntza sarea, “momentuz geldi dugu. Zer egin erabakitzeko herritarren artean berogailu kontsumoaren inguruko inkesta bat egin nahi genuke”. 

Bestalde, maiatza jaso eta sanmigelak ospatu ondoren Arbizuk jakinarazi duenez, “aurreko bi urteetan garilean festarik ez dugunez izan, aurten festetarako diru gehiago bideratu dugu”. Azkenik, aurreratu du aurten 200 urte betetzen direla Sebastian Fernandez de Lezeta, Dos Pelos, eta bere soldaduak fusilatu zituztela eta hori oroitarazteko ekimenen bat egitea dute buruan. 

Erlazionatuak

Kitto lanak

Guaixe 2020 uzt 14 Iturmendi

Non ote daude 21.630 giza hezur?

Alfredo Alvaro Igoa 2021 abu 13 Iturmendi