Eskolak erle polinizatzaile bakartien hotelak egiten lagundu du

Guaixe 2023ko abe. 20a, 09:00

Olazti Naturako kidea hontzendako kafiendako kutxak egiten. UTZITAKOA

Ikasleek enborrak margotu dituzte eta Olazti Natura taldeko kideen asmoa da haiek eguberritan muntatzea eta bakarren bat ere jartzea. Hotzak babesteko programa Burundara zabaltzeko laguntza eskatu dute taldetik.

Eskulan bereziak egin zituzten Olatzagutiko eskola publikoko 78 ikasleek abenduaren 5ean. Herriko ingurumena ezagutarazi eta zaintzen lan egiten duen Olazti Naturak jarri zien egitekoa. Moztutako hainbat enbor zati eraman zituen eskolara. Enborren alde bat zulatzeko makinarekin egindako zuloz beteta zeuden. Ikasleek brotxak hartu eta enborrak margotu zituzten. Ederki pasa zuten. 


Erleen hotelak egiteko elementuak. OLAZTI NATURA

Enbor zati horiek zabalera desberdina dute eta Olazti Naturakoek plataforma baten gainean seinaka jarriko dituzte, hiru zabal oinarrian, bi estuago gainean eta bukatzeko enbor finago bat. Piramide moduko bat sortuko dute plataforma horren gainean. Hari oina jarriko diote, piramidea metro bateko altueran geldi dadin. Egitura hori da erle polinizatzaile bakartiendako hotela. Aurrena eguberrietan jarri nahiko lukete herrian. 


Erleen hotelak egiteko elementuak. OLAZTI NATURA

Taldeko kide Felipe Bernardo Morok azaldu duenez, "Intsektuen Holokaustoa deritzon horretan gaude, 30 urtean biomasaren %80 desagertu da, hegaztiak eta ugaztunak baino 8 aldiz azkarrago desagertzen dira. Erritmo horretan jarraituz gero, intsektuak desagertu egingo dira eta planeta kolapsatu egingo litzateke". Egin dituzten hotel horiek "oraindik okerrago pasatzen ari diren eta fruituak lortzeko ezinbestekoak diren erle polinizatzaile bakartiendako dira", argitu du. Gaineratu duenez, herriko eskolarekin egindako aurreneko jarduera izan da, baina ez da azkena izanen: "esaterako, bertako zuhaitzen ezkurrak eta gaztainak eramanen dizkiegu, haiek ernamuindu ditzaten, hazkuntzan zaindu, eta, ondoren, ahal bada, landatu eginen genituzke". Jarduera horiekin ikasleek ingurumen gaietan kontzientzia hartzea nahi du taldeak. 

Hegaztiak 
Olazti Naturaren egitasmoen artean hainbat hegazti babesteko planak daude, batzuk gero eta gutxiago ikusten direlako, batez ere gaueko hegazti harrapakariak. Hala hontzek kafia egiteko lau kutxa jarri zituzten Olatzagutian, beste bi Ziordian eta bana Altsasun eta Iturmendin. Taldearen helburua da Sakanako herri bakoitzean behintzat hontzen kafitarako bina kutxa jartzea. Non jarri daitekeen azaltzeko eta jartzen lagundu nahi dutenek 649 513 278 telefonora hots egin dezakete. Behin hotzarenak jarri ondoren beste hegazti espeziendako kafi kutxak ere jarri nahi dituzte. Eta, dagoeneko, horretan hasiak dira: apo hontzendako bi eta urubiendako bat jarri baitituzte. 


Ornitologia hastapen ikastaroaren lehen saioa agorrilaren 3an egin zuten. OLAZTI NATURA

Bestetik, herriko natura eta biodibertsitatearen kontserbazio eta hobekuntzarako egitasmoaren barruan Olazti Naturak bi ekimen antolatu zituen. Bata, txoriei eraztuna jartzeko jardunaldia izan zen. Aditu batek azaldu zien zein pauso eman behar diren eta nola jarri behar zaion hegazti bat eraztuna. Ikasitakoa praktikatzeko aukera izan zuten eta 22 hegaztiri eraztuna jarri zieten, besteak beste: zozoa, birigarroa, karnaba, txepetxa, gerri txori, txinbo kaskabeltza, kaskabeltza eta txorrua. Harrapatu, pisatu, neurtu, eraztuna jarri eta askatu egin zituzten guztiak. Haurrek egin zuten azken hori, eta ederki pasa zuten. 

Hegaztiak ezagutzeko ornitologia hastapen ikastaroa egin zuten irailean. 30 bat pertsonek parte hartu zuten, espero baino gehiago. Aterpeak fundazioko kideak izan ziren azalpenak eman zizkietenak olaztiarrei. Ikasitakoarekin pozik bueltatu ziren guztiak etxera. Gogoz gelditu zirenez, azaroaren 12an bigarren saioa egin zuten. 


Parte hartzaileak ornitologoaren inguruan. OLAZTI NATURA

Azkenik, saguzarrak ezagutzeko jardunaldia antolatu zuten udan. "Hainbat mito bertan behera gelditu ziren. Esaterako, penintsulako saguzarrek, ugaztun guztien modura, gaitz bakarra transmititu dezakete: amorrua. Eta Nafarroan ez da sekula kasurik atzeman, estatuan gutxi eta baratze saguzarrak eragindako". Hitzaldian 35 bat pertsona izan ziren. Gauean saguzarrak identifikatzeko irteera egin zuten eta 60 bat olaztiar animatu ziren. Ultrasoinuak erabilita sei saguzar espezie identifikatu zituzten (Pipistrellus pipistrellus, Pipistrellus pygmaeus, Pipistrellus kuhlii, Nyctalus leisleri eta Myotis daubentonii), baina ezin izan zuten gehiago egin euritan hasi zelako.