Morkotsen zinten bilduma berria kalean

Guaixe 2017ko abe. 22a, 09:33

Guaixe astekaria da 2004ko ilbeltzaren 23az geroztik. 2012ko martxoaren 30era arte umore grafikoko zinta bat agertu zen astero astero 4. orrian, iritziari eskainitakoan. Zinta gehienek Morkotsen sinadura zuten. Eta Sakanara ez ezik atzerrira ere iritsi ziren haietako hiru zinta: Sintrako World Press Cartoon sariketarako hirutan aukeratuak izan baitziren marrazkilari altsasuarraren lanak.

Sakana, sakandarrak, bertako ohiturak, baina baita nazioartean gertatzen zirenak ziren zinta haietarako argudioa. Orain haien bilduma batekin gozatzeko aukera ematen dizu Guaixe fundazioak. Izan ere, Morkotsak arantzak ditu zinta-liburuxka argitaratu baitu. Bertan Jose Mari Morcillok zortzi urtez ondutako lanaz gozatzeko aukera izanen da. 260 zintetan garaiko, oraingo, lekukotza irri edo arantza batekin jasotzeko modua da.

Argitalpen horrekin eta fundazioak 2014ean argitaratutako zinta liburuko beste 76 lanekin, osatuta gelditu da Morkotsen lanen bilduma. Aurreko argitalpenean Arturo Arrizabalagarekin, Jarturrekin, elkarbanatu zuen lana: Sakana Morkots eta Jarturren begiez (bazkideendako 8 eurotan, besteendako 10ean). Aurrekoa bezala, ibarreko liburu-dendetan dago salgai argitaratu berri den zinta-liburua: Martxueta (Irurtzun), Kaxeta (Etxarri Aranatz) eta Arkatz eta Liburunda (Altsasu); Guaixe fundazioko lagunendako 10 eurotan, kide ez direnendako 12. Bestela, Guaixe fundazioaren bulegoan egin dezakete bazkideek erreserba (Foru plaza 23, 1. Altsasu; fundazioa@guaixe.eus edo 948 564 275 telefonoan.

Eskaintza

Guaixe fundazioak bi zinta-liburuak eskuratzeko eskaintza egin du. Astekariko umore grafikoa jasotzen dituzten bi zinta-liburuak 13 eurotan erosi ditzakete bazkideek, 15ean ez direnak. Bi horiekin batera Alfredo Alvaro Igoaren Potroak odoletan liburua eskuratzen duenak, hirurengatik % 25eko beherapena izanen du. Bazkideek hiru argitalpenak 20,25 euroan lortuko dituzte, ez direnak, berriz, 27an.