Sakanako sortzaileak kulturaren plazan

Guaixe 2019ko abe. 11a, 13:59
Martin Beietz! taldeko kideak 'Erraietatik' diskoa aurkezten. MUSIKABULEGOA

Durangoko Azokaren 54. edizioa izan zen abenduaren 5etik 8ra. Euskal idazleen, musikarien eta kulturgileen zita garrantzitsua da Azoka, eta artista sakandarrak ere bertan izan dira haien proiektuak aurkezten eta saltzen

Beste behin Sakana Durangoko Azokan ordezkatuta egon da. Kulturaren plazan den Azokaren aurtengo berrikuntzetako bat DA! Pro topaketa zen. Bertan, hemezortzi musika sortzalek beren proiektuak programatzaileen aurrean aurkezteko aukera izan zuten, eta tartean musikari sakandarrak izan ziren: Beietz!, Atzapar Rock eta Zetak. Gainera, disko eta liburu azokan ere idazle sakandarrak izan ziren; Castillo Suarez eta Jon Arretxe kasu.

Durangoko Azokak eta Musika Bulegoak antolatu du lehenengo DA! Pro musikarien eta programatzaileen arteko topaketa. Musikariek haien proiektuak aurkezteko aukera izan zuten. Beietz! talde arbizuarrak Erraietatik bere lehenengo diskoa aurkeztu zuen. Atzapar Rock talde gazte sakandarrak Segi aurrera diskoaren berri eman zuten eta Pello Reparaz arbizuarrak Zetak proiektua eta izen bereko diskoa aurkeztu zuen. Abenduaren 6an kontzertua eskaini zuen Zetak-ek ere. Gainera, Xabi Bandinik Biba diskoa aurkeztu zuen, eta diskoan Lur Larraza musikari etxarriarrak parte hartu du.

Baina dena ez da musika Durangoko Azokan, eta literaturaren arloan ere Sakana ordezkatuta egon da. Castillo Suarez idazle altsasuarrak Irautera poesia liburuaren aurkezpena egin zuen Ahotsenean Solasaldiak espazioan eta Jon Arretxe Mesfidatu hitzez Toure detektibearen lan berria aurkeztu zuen ere. Iker Uribe lakuntzarrak eta Joana Zigandak Xaxardi argitaratutako lan berria ere aurkeztu zuten haien publikoaren, haurren, aurrean.  Bestetik, altsasun bizi izandako Mari Romerok bere bigarren eleberriarekin egon zen Azokan ere.

Lehenengo Durangoko Azokaren beka eman zuten aurreko edizioan eta Atopia.org deitutako proiektu bati eman zioten. Rol joko bat sortzeko erronka zuten, eta aurten aurkeztu dute Atopia.org joko-liburua. Besteak beste, proiektuan Galder Gonzalez altsasuarra dago.