Sakanak 7,86 km zeharbide ditu

Guaixe 2023ko urt. 30a, 13:33
Etxarrengo zeharbidean autoak eta Irurtzun urrunean. ARTXIBOA

Herrietatik edo ondotik pasatzen diren errepideak dira. Nafarroako Gobernuaren jabetzakoak dira zeharbideak, eta beraz mantentzea eta konponketa. Batzuetan herriekin arazoak sortzen dira.

Garai batean errepide izandako asko, zenbait herritan gaur egun herrien zati dira eta, zabalagoa edo estuagoa, kale dira. Hala gertatzen da, esaterako, Irurtzunen, Hiriberri Arakilen, Etxarri Aranatzen, Altsasun edo Olatzagutian. Herri batzuetan betidanik izan dira kale, esate baterako, Ihabarren, Lizarragabengoan edo Bakaikun. Hala ere, errepide izendapena dute eta haien jabetza Nafarroako Gobernuarena da. Zeharbide izena hartzen dute hiri lurzoruan barna edo horren ondotik pasatzen diren errepide tarteek, haietako bazter batean gutxienez herriko eraikuntzak badaude. Herri barrutik pasatzen diren zeharbideetan sareak berritu eta zorua berritzeko lanak egin ondoren, jabetza udalen eskura pasa da. Azken kasuetako bat Arruazu da. 

Nafarroako Errepideei buruzko martxoaren 23ko 5/2007 Foru Legeari jarraituz, foru administrazioak Nafarroako Zeharbideen Inbentarioa osatu du. Hartan 308 herrietan dauden 441 zeharbide zerrendatu dituzte, guztien artean 217,46 km-ko luzera dutenak. Sakanari dagokionez, 15 herritan 24 zeharbide daude, 7,86 km-ko luzera dutenak (Nafarroako %4,87, % 5,44 eta %3,61 hurrenez hurren). 

Sakanari dagokionez, zeharbide gehienak Tokiko errepide sarekoak dira, 6 km zehazki. Haietako gehienak ibarra ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen NA-2410 errepidekoak dira. Gainontzeko 1,86 km Foru Komunitateko Intereseko errepideei dagokie, bestela esanda, Lezaundik eta Zudairetik etortzen diren errepideak dira. Zeharbide km gehien duen Sakanako herria Olatzagutia da 1,63 (%20,74). Gertu du Etxarri Aranatz 1,59 km-rekin (%20,23). Ondoren heldu dira Irurtzun 1,4 km (%17,81) eta Altsasu 0,93 (%11,83).

Gorabeherak
Udalaren harridurarako zerrendan ez da Uharte Arakil agertzen. Izan ere, herri gunetik Zerradoa auzora eta autobiako irteerarantz doan errepidea ere zeharbidea da. Txomin Uharte Baleztena alkateak azaldu duenez, “Nafarroako Gobernuak errepidea 2012an deskatalogatu zuen. Horrek ez du esan nahi udalarena denik, ezta zeharbide bat bezala hartzen dutenik ere”. Uhartek gaineratu duenez, “Errepide zati horren jabetza, printzipioz, gobernuarena da. Udalari ez diote inolako hitzarmen proposamenik ez ezer egin”. Horregatik, “kale den edo zeharbidea ote den, norena den jakin nahian gabiltza, ezin argituz”. Horregatik, udalak gobernuko kideekin bileraren bat izan du, baina iritzi kontrajarriak dituzte momentuz. Uharte Arakilgo Udalaren aspaldiko asmoa da Geltoki eta Zerradoa kaleetako azpiegiturak hobetzea eta “oinezkoendako arriskua kentzeko” espaloiak egitea. 

Uharte Arakil eta Arruazu 1969ra arte lotzen zuen errepide zaharra dermioko bide bihurtuta dago. Han dagoen zubiak mantentze lanen premia handia zuen eta Arruazuko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko tirabirak sortu zituen, udalaren iritziz foru administrazioaren ardura zelako konponketa eta gobernuak ukatzen zuelako. Guztia bere garaian, errepide berria egitean, zaharra deskatalogatu zutelako. Azkenean, agorrilean, foru administrazioak babes hesiak jarri zituen zubian, horrela jabetza aitortuz. 

Altsasun, Beheko bentako bidegurutzetik Gartzia Ximenez kaleko lehen zebrabide goraturainoko tartea zeharbidea da, Nafarroako Gobernuarena. Altsasuko Udalak kaleko sareak eta zorua berritu zituenean, euri urak biltzeko hodiak ere berritu zituen, eta sekzio handiagokoak jarri. Gobernuak ez du lan hori egin eta ekaitz handiak daudenean, euri urak tren geraleku eta ibai gaineko zubiaren ondoko erregistro tapak altxatu eta tokiz mugitzen ditu, zulo borobilak agerian utziz, eta, ondorioz, ibilgailuendako arrisku egoerak sortuz. 

Olatzagutian, kiroldegi ondoan, bi zeharbideren arteko bidegurutzean, Nafarroako Gobernuak errotonda bat egitea aurreikusita du. 

Nafarroako Gobernuaren jabetza diren zeharbideak
Herria Errepidea Sarea Hasiera Km puntua Bukaera Km puntua Luzera (km)
Errotz NA-7010 Tokiko sarea 20,04 20,21 0,17
Izurdiaga NA-7010 Tokiko sarea 20,81 21,00 0,19
  NA-7010 Tokiko sarea 21,79 21,85 0,06
Irurtzun NA-2409 Tokiko sarea 19,87 20,64 0,77
  NA-2410 Tokiko sarea 0,00 0,12 0,12
  NA-7010 Tokiko sarea 22,38 22,89 0,51
Etxarren NA-2410 Tokiko sarea 2,36 2,54 0,18
Hiriberri Arakil NA-2410 Tokiko sarea 6,42 6,76 0,34
Ihabar NA-2410 Tokiko sarea 8,24 8,59 0,35
Arbizu NA-2410 Tokiko sarea 18,66 19,46 0,80
Lizarragabengoa NA-7520 Tokiko sarea 7,86 7,96 0,10
Lizarraga NA-120 Foru Komunitateko Interesekoa 34,07 34,43 0,36
Etxarri Aranatz NA-120 Foru Komunitateko Interesekoa 38,00 39,05 1,05
  NA-2410 Tokiko sarea 21,41 21,95 0,54
Bakaiku NA-2410 Tokiko sarea 24,89 25,56 0,67
Iturmendi NA-8504 Tokiko sarea 0,12 0,69 0,57
Urdiain NA-2410 Tokiko sarea 27,83 28,17 0,34
Altsasu NA-2410 Tokiko sarea 30,13 30,59 0,46
  NA-7184 Tokiko sarea 0,43 0,48 0,05
  NA-7184 Tokiko sarea 0,64 0,78 0,14
  NA-8505 Tokiko sarea 0,00 0,28 0,28
Olatzagutia NA-7184 Foru Komunitateko Interesekoa 38,25 38,70 0,45
  NA-2410 Tokiko sarea 32,90 33,03 0,13
  NA-2410 Tokiko sarea 33,24 34,29 1,05
Guztira         7,86