Apirilak 7

Guaixe Irratia 2025ko api. 7a, 10:55

Sakanerrian:

Egoera "oso kezkagarria" dela esan du Sunsundeguiko langile batzordeak. Autobus enpresako batzordeak agerraldia egin du, apirilaren 4an, lantokiaren aurrean (prentsaurrekoa albistegian entzun). David Trevejo batzordeko presidenteak eta Rita Torrico batzordeko kideak "itxaropena" dagoela aipatu dute, eta apirilaren 9rako eta 11rako mobilizazioak aurreikusi dituzte.

Etxarri eta Urdiaingo eskola komunitateen prentsaurrekoa 2 urteko gelaren itxieraz (entzun prentsaurrekoa albistegian).

Etxarriarrak txapeldunordeak Euskal Herriko mus txapelketa. Arabako Zigoitiko Gopegi herrian jokatu zen Hamaseigarren Euskal Herriko Mus Txapelketako finala larunbatean. Herrialdeetako kanporaketetan 128 bikote sailkatu ziren finalerako, tartean sei sakandar. Azken partidara, final handira, bi bikote nafar iritsi ziren. Jose Manuel Zabaleta-Jose Miguel Gonzalez leitzarrak eta Mikel Goikoetxea-Xabi Urrestarazu etxarriarrak. Txapela leitzarrek jantzi zuten. Goikoetxea eta Urrestarazu etxarriarrak txapeldunordeak izan ziren. Garai ikurraz aparte, bi pertsonarendako kariberako bidaia eta 1.500 euro eskuratu zituzten. Lehen 32 bikote sailkatuen artean Asier Campos eta Ander Zabala etxarriarrak daude.

Kirolak:

Pilotan, Agur tristea. Joseba Ezkurdiak gutxieneko aldeagatik esan dio agur Buruz Burukoari, Larrazabalen kontrako erremontada borobildu gabe (21-22). Binakako txapelketa irabazi, orduetara aita galdu eta entrenatu gabe eta lur jota iritsi zen Joseba Ezkurdia Buruz Buruko Txapelketara. Apirilaren 4an Iker Larrazabal izan zuen aurkari Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako final zortzirenetan. Hala ere, txukun hasi zen arbizuarra, piloteoan erritmoa sartuz, eskuinarekin mina eginez eta Larrazabal dominatuz. Baina Larrazabalek ez zuen etsi, eta sakea aldatuz, Ezkurdia mugiaraziz eta angeluak bilatuz partidari buelta eman zion. 10-4 galtzetik 10-16 aurreratzera pasa zen Larrazabal, Ezkurdiaren desesperaziorako. Une zailak pasa zituen aurrelari arbizuarrak, deseroso, errestoan arazoekin eta akatsak pilatuz. 14-21 galtzen ari zela, ordea, irauli zuen partida. Arriskuak hartu zituen, eta behetik gora egin zuen, kasta eta esperientzia erakutsiz. 21era berdintzea lortu zuen Ezkurdiak, baina miraria gauzatzear zela, azken tantoa Larrazabalen alde erori zen, eta arbizuarrak modu krudelenean galdu zuen partida, epika ezin borobildu, eta Buruz Burukotik kanpo geratu da. Iker Larrazabalek egin du aurrera final laurdenetara. Bukaeran, triste zegoen arbizuarra. “Pena izan da. Abantaila hartu dut, baina deseroso egon naiz. Ez dut gozatu. Igandetik gorputzari buelta eman ezinik nago, eskuetatik nahiko justu ibili naiz, eta ezin izan dut entrenatu, baina hori ez da aitzakia. Horrela, zaila da. Ez nahiz errekuperatu, eta horrela ezin da Buruz Burukoan jokatu” azaldu zuen partida bukaeran. 

Pilotan, Nafarroak dinamika onean segitzen du GRABNI-n. Errioxaren kontra soilik bi partida galdu zituen Nafarroako selekzioak. Nafarroako Pilota selekzioak Errioxakoa izan zuen aurkari asteburuan jokatutako 2025eko GRABNI-ko txapelketako laugarren jardunaldian. Nafarroako selekzioa izan zen garaile; guztira jokatutako 14 partidetatik soilik bi partida galdu zituen Nafarroak, bat ezker paretako frontoian eta bestea trinketean. Astebete lehenago, hirugarren jardunaldian, Nafarroak Bizkaia izan zuen aurkari. Nafarroak 25 garaipen lortu zituen, 18 frontoian eta 7 trinketean. Tartean, Maialen Larrazak eta Zabalzak 30-19 hartu zituzten mendean Inunciaga eta Urgoiti bizkaitarrak emakumezkoen paleta goman. Eskuz eskuko Binakakoan, Astizek eta Aaron Arbizuk 22-17 irabazi zieten Rekalderi eta Uriondori. 

Txirrindularitzan, Arrieta eta Mintegi, Indurainetik Itzulira. Igor Arrietak eta Iker Mintegik Indurain Sari Nagusian parte hartu zuten apirilaren 5ean. Arrieta Top15ean sailkatu zen, eta Mintegi 67. iritsi zen Lizarrako helmugara. Apirilaren 7tik 12ra Euskal Herriko Itzulian murgilduko dira. Apirilaren 5ean txirrindularitza tropel nagusia Lizarran bildu zen, Indurain Sari Nagusian. Igor Arrieta (UAE Emirates) tropeletik salto egiten saiatu zen, eta oso aktibo egon zen, baina ez zuen bere helburua lortu eta Thibau Nysek lortu zuen proban gailentzera (4:59:54), Alex Molenaari eta Andrea Bagioliri 3 segundo aterata. Igor Arrieta hamalaugarren sailkatu zen, 18 segundora. Iker Mintegi (Euskaltel Euskadi) Frantzian aritzetik zetorren Lizarrara, eta talde nagusian sartu ziren, baina azken txanpako portuetan aurreko postuengatik borrokatzeko lehian sartzeko nahikoa indarrik gabe. Azkenean, Iker Mintegi 67. sailkatu zen, 6:06ra. Itzulia, Gasteizen hasiko da. Gaur abiatuko da Itzulia, Gasteizen hasi eta despedituko den erlojupekoarekin. Atzo egin zen taldeen aurkezpena, eta bi partaide sakandar ditugu: Igor Arrieta eta Iker Mintegi. Euren liderrak laguntzea, eta, ahal bada, etaparen batean nabarmentzea dira euren asmoak. 16,50 kilometroko erlojupekoa da gaur jokoan dagoena, ibilbide laua duena, Arzubiagako malda izan ezik , Buesa Arena estadioan hasi eta despedituko dena. 

Areto Futbolean, Osasuna Magna Xotak Movistar Inter menderatu zuen. Talde irurtzundarrak 4-2 irabazi zion ligako hirugarrenari, eta play-off postuetan jarraitzen du. Osasuna Magna Xotak Movistar Inter talde ahaltsua hartu zuen apirilaren 4an Anaitasunan. Madrildarrak ziren faborito, baina irurtzundarrak ez dira ahaltsuen aurrean kikiltzen eta, 4-2 irabazita, garaipen garrantzitsua lortu zuten, play-offak jokatzeko ligako lehen zortzi posturen artean egotea ahalbideratzen diena. Nabarmentzekoa da Asier Llamas atezain irurtzundarra ezinbestekoa izan zela Xotarendako, atezainak geldialdi ikusgarri eta garrantzitsuak egin zituelako eta Xotaren laugarren gola sartu zuelako. Partidak ikusmin handia piztu zuen. 2.226 zaletu zildu ziren Anaitasunan berdeak animatzera. Hasieratik bi taldeak garaipena lortzera atera ziren. Xotak jo zuen lehenengo, 6. minutuan, Pachuren golarekin. Irurtzundarrek aukera gehiago izan zituzten, baina baloiak ez ziren sartu. Llamasek Xotaren atea bikain zaindu zuen, baina 17. minutuan Interrek bana berdindu zuen. Atsedenaldia baino lehen Tonik Xotaren bigarren gola sartu zuen, eta berdeak abantailarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatian joera berberak jarraitu zuen. Xotak aukera handiak sortu zituen, baina Inter izan zen gola sartu eta bina berdindu zuena. Dani Saldisek lortu zuen berdeen hirugarren gola, sekulakoa, Inter Movistar bere talde ohiari markatuta. Interrek atezain-jokalariaren alde egin zuen, baina jokaldia ez zitzaion ongi atera. Asier Llamasek bere areatik egindako jaurtiketa bat Inter Movistarren atean sartu zen, eta Anaitasunak ia eztanda egin zuen. 4-2 aurreratu ziren irurtzundarrak, eta azken minutuetan ongi eutsi zuten, markagailuari eutsiz. 4-2 irabazita, festa handian bilakatu zen Anaitasuna, talde berdea play-off postuetan sendotzen ari delako. Poza zen nagusi Xotan. “Jokalari bat gehiago dira” zioen pozarren Miguel Hernandez entrenatzaileak Anaitasunako harmailetan zeuden zaleak begira. “Partida oso borrokatua izan da. Inter bezalako talde handien mailan jokatu dugu. Heldutasunean pausoak ematen ari gara, eta gure autoestimurako eta konfiantzarako pauso erraldoia eman dugu gaur”. Play-off postuetan. Barçak berreskuratu du lehen mailako lidergoa (53 puntu), puntu batera Servigroup Peñiscola duela (42 puntu). Osasuna Magna Xota zazpigarren da (37 puntu). Apirilaren 19ko asteburuan Xotak Barça liderra izango du aurkari, Bartzelonan. 

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!