Eguneko albisteak

Maiatzaren 15eko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko maiatzaren 15a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

LAB sindikatuak Iruñean prentsaurrekoa eskaini du gaur goizeko 9:30etan 338 pertsona kalean uztiko dituen lantegiaren itxieragatik erantzunkizunak eskatzeko. Gaizka Uhartek azalpenak eman ditu.

SAREk ekainaren 17an eta 18an Konponbiderako puzzlea osatuko du Euskal Herriko hainbat herrietan geraldiak eginez eta igandean Etxarri Aranatzen izango du azken aurreko geldialdia.

Uharten festak prestatzen hasi dira. 2024an jaiotako umeek zapia jasotzeko, izen ematea zabalik dago. Ohikoa denez, San Joan festetan Uharte Arakilgo Udalak joan zen urtean jaiotako ubertearrei herriko ttattarra oparituko die. Horretarako propio ekitaldi xume bat eginen du. Bere seme-alabak zapia jasotzea nahi duenak aldez aurretik udaletxean izena eman beharko du. Horretarako epea maiatzaren 16an, ostiralean, despedituko da.  

Arbizun kezka garbigunearen egoerarekin. Hondakinak ez dira behar bezala sailkatzen eta zikinkeria ugari pilatu da. Arbizuko Udalak gaztigatu duenez, garbigunea beharko lukeena “zikin gunea bihurtu da”. Udaletik azaldu dutenez, “denbora tarte bat eman du txukun da. Baina, atzera ere, zabortegi gisa erabiltzen hasi dira batzuk”. Udalak jakinarazi duenez, hondakinak gaizki kudeatzen dituenari isuna jarriko diote. Gainera, “ jokabide arduragabeak saihesteko asmoz, aurki kamerak jarriko dira”. Udalak azaldu duenez, “guk geuk sortzen ditugun hondakinak behar bezala bideratzeko gutxieneko ahalegina egiten ez badugu, etorkizun gaiztoa dugu jendarte eta gizaki gisa, gure ingurumenarekiko behintzat”. Udalak gogoratu du hondakin bilketa egunero egiten dela Arbizun. Gainera, altzariak eta tamaina handiko hondakinak Emausko Trapuketariek jasotzen dituzte etxean. Horretarako, 948 464 867 telefono zenbakira hots egin edo sakana-mank.eus webguneko galdetegia bete behar da. Garbigune mugikoarraren bidez ohiko bilketaren bidez jasotzen ez diren hondakinak kudea daitezke. Eta, azkenik, Utzubar Ekogunea dagoela gaztigatu zuen, hura ere “bost egunez zabalik dago eta hara eraman daitezke hondakinak”. 

Bi pertsona erreskatatu dituzte Irurtzungo eremu malkartsu batean. Onik daude. Eremu seguru batera jaisten lagundu zieten. Irurtzun inguruko eremu malkartsu batetik ezin jaitsi zebiltzan bi pertsona atzo arratsaldean. Inguru seguru batera ezin iritsi zeuden. Horretan lagundu zienez Nafarroako Erreskate Teknikoko Taldeko suhiltzaileek, Cordovillako suhiltzaileen parkeko kideek, Nafarroako Gobernuko basozainek eta foruzainek. Lehenik bi pertsona opatu behar izan zituzten, eta ondoren jaisten lagundu zieten. Behin arriskutik kanpo eta onik zeudela, foruzainek bi pertsonak haien autora eraman zituzten. Foru administraziotik gogorarazi dute kontu handiz ibili behar dela mendialdeetan edo iristeko zailak diren eremuetan, batez ere ikuspen gutxiko edo behar bezalako prestakuntzarik gabeko egoeretan.

Euriteak arazoak sortu zituen.  Tren zirkulazioa eten egin zen eta ibaia gainezka egin zuen Ziordian. Atzo arratsaldean botatako euri jasak trenen zirkulazioan eragina izan zuen, eta 17:00ak aldera eten zen. Trenbideen azpiegituren mantentzeaz arduratzen den Adif enpresak jakinarazi zuenez, “euriteek sortutako gorabeheraren batek trenbideko seinaleztapenari eragin zion”. Hori izan zen trenbidea ixteko arrazoia. Adifetik jakinarazi zutenez, gertakaria 19:50ean konpondu zuten, baina zenbait trenek atzerapenak izan zituzten. Botatako euriagatik ibaiak gainezka egin zuen Ziordian eta txipudia parkea urpean gelditu zen. 

Kiroletan:

Pilotan, Ongay, Igoa eta Arbizu, Irurtzungo Pilota Txapelketan aurrera. Irurtzun klubeko pilotariek lehen mailako final zortzirenak gainditu dituzte. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan, atzo, maiatzaren 14an, lehen mailako final zortzirenetako azken bi partidak jokatu ziren Biaizpe pilotalekuan. Partidak bikain joan ziren Irurtzun klubarendako, bere ordezkari guztiek irabazi eta final laurdenetarako sailkatu direlako. Lehen partidan, Irurtzun klubeko Ongy satrustegiarrak eta Hernani klubeko M. Lizeagak 22-17 hartu zituzten mendean Galarza (Larraun) eta Aranguren (Eple) partida oso borrokatuan. Aldiz, Irurtzun klubeko Igoa eta Arbizu bikotea errazago gailendu zen. Etxarriarrak 22-5 hartu zituzten mendean Beti Onak klubeko Elizalde eta Torrecillas, hasieratik bukaerara kontrolatu zuten partidan. 

Dantzalekun despedituko dira Sakanako Benjamin Futbol Topaketak. Hiru partida jokatuko dira, 10:00etatik aurrera. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak Sakanako futbol kluben laguntzarekin antolatutako Sakanako Benjamin Futbol Topaketak maiatzaren 18an, igandea, despedituko dira. Benjaminen mailako topaketa denez, futbol 8-ko partidak izango dira. Ordu berean, 10:00etan, bi partida jokatuko dira: Arbizu Sutegiren kontrakoa, bata, eta Arbizu KT Altsasu SD-ren kontrakoa, bestea. 11:00etan Etxarri Aranatz KE eta Altsasu KE taldeen arteko lehia hasiko da. Aralar Mendiri atseden jardunaldia dagokio. 

Areto Futbolean, Banderola, Lagun Arteako igoera faseko taldeak animatzeko. Lagun Arteako juniorren eta kadeteen talde urdina igoera fasea jokatzen ari dira, eta animatzeko deia egin du klubak. Juniorren joaneko partida bertan behera gelditu zen ekaitzengatik eta ostiralean jokatuko dute. Lagun Artea Kirol Elkarteko talde nagusiak, erregional mailakoak, kategoria berdinean jarraituko du datorren denboraldian, baina juniorren eta kadeteen talde urdina igoera fasean murgilduta daude. Juniorrek, jardunaldi bikoitza. Bigarren junior mailan Lagun Artea bigarren sailkatu zen bosgarren multzoan, eta orain lehen junior mailara igotzeko igoera fasean dago murgilduta, Rotxapearen kontra. Larunbatean joaneko partida jokatu zuten El Iratin, eta 0-1 aurreratu zen Lagun Artea, baina atsedenaldian bota zuen ekaitzarengatik arbitroak bertan behera utzi behar izan zuen partida. Geratzen den ordu erdia maiatzaren 16an, ostirala, 19:15ean jokatuko dute, El Iratin. Bueltako partida, aldiz, bi egun geroago hartuko du Itxesalde zelaiak. Igandean, 16:00etan jokatuko da itzulera. Kadeteak, ederki. Kadeteen bigarren mailan igoera fasea jokatzen ari da Lagun Artea, Ademar A taldearekin. Joaneko partida Zelai Berrin jokatu zen larunbatean, eta lakuntzarrek 4-2 hartu zuten mendean Ademar A, Janitz Mundiñano, Jon Claver, Eneko Razkin eta Euken Goñi jokalarien golei esker. Itzulerako partida maiatzaren 17an, larunbatarekin jokatuko da, 13:00etan, Sarrigurenen. Banderola.
Taldeak animatzeko Lagun Artea Kirol Elkarteak banderolak jarri ditu salgai eta banderola jartzera animatu ditu lakuntzarrak. Salmenta puntuak aurki zehaztuko dituzte, baina adi egoteko deia egin dute. “Igoera faseak pil-pilean daude, eta gure taldeek behar duten plus hori eman behar diegu zaletuek. Gure taldeak animatzeko, banderak jarriko ditugu. Aupa Lagun Artea!” azaldu du klubak. 

Futbolean, Udarako, futbol campus bana antolatu dute Altsasu eta Lagun Artea Kirol Elkarteek
Izena ematea zabalik dago bietan. Altsasu Kirol Elkarteak udarako II. Futbol Campusa antolatu du. Adinka banatuta, bi txandatan jokatuko da. Uztailaren 1etik 15era 2013 eta 2009 urteetan jaiotako neska-mutilendako izango da, eta uztailaren 15etik 31ra bitartekoa 2014 eta 2018 urteen arteetan jaiotakoendako. 9:00etatik 14:00etara gauzatuko da, eta eguraldiak laguntzen badu igerilekuetan bainua hartuko dute gaztetxoek. Izena ematea zabalik dago ekainaren 1era arte. Bazkideek 160 euroko prezioa ordainduko dute, eta bazkide ez direnek 190 eurokoa. Izena ematen dutenek amiseta gorri eta urdin bana eta ura edateko botilatxoa jasoko dituzte opari. Informaziorako: 624 648 790 edo 649 01 98 33. Lakuntzakoa. Lakuntzako futbol campusean 2012 eta 2019 urte bitartean jaiotako neska-mutilek eman dezakete izena. Bi txanda daude: ekainaren 23tik 27ra, lehena, eta uztailaren 14tik 18ra, bigarrena. 9:00etatik 14:00etara trebatuko dira futbolean gaztetxoak, Zelai Berrin, eta igerilekutarako motxila eraman beharko dute, eguraldiak laguntzen badu bainua hartuko dutelako. Aste bateko campusa aukeratzen dutenek 85 euro (erroldatutakoek) edo 100 euro (erroldatu gabekoek) ordaindu beharko dute. Bi astetan izena ematen dutenek, 160 euro (erroldatutakoek) edo 190 euro (erroldatu gabekoek). Familia ugariendako deskontuak daude. Izena ematea zabalik dago maiatzaren 23ra bitartean. Campusa aurrera ateratzeko talde bakoitzean gutxienez hamabost partaide egon beharko dira. Izena ematen dutenek kamiseta eta futboleko praka motxak jasoko ditu opari. Informazio gehiagorako, jarri klubarekin harremanetan.