Eguneko albisteak

Ekainaren 2ko albistegia

Guaixe Irratia 2025eko ekainaren 2a

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Ziordiko Udalak igerilekurako sorosle premia du. Udan lan egiteko langileak behar ditu. Igerilekuak zabaltzeko ezinbestekoak ditu sorosleak Ziordiko Udalak, eta haiek kontratatzeko deialdia egin du. Ziordiko igerilekuko sorosle gisa udan lan egin nahi dutenek Altsasuko enplegu zerbitzuan eman beharko dute izena. 

Altsasuko gaztea auto istripuan hila. Berarekin ibilgailuan joaten zen beste gazte bat hil eta hiru zauritu ziren ezbeharrean. Altsasuko 20 urteko gazte bat auto istripuan hil zen atzo. Ezbeharra Espinosa de los Monteros (Burgos) herrian izan zen, 16:17ak aldera. Estacas de Trueba portuan autoa BU-570 errepidetik 10. km-an atera eta 200 metroko altueratik amildu zen. Momentuan bertan hil ziren gazte altsasuarra eta 19 urteko gazteiztarra. Ibilgailuan joaten ziren gainerako hiru pertsonak suhiltzaileek atera behar izan zituzten autora eta ospitalera eraman zituzten, horietako bi larri. Azken horiek Gurutzetako erietxean daude. Beste zauritua Burgoskora eraman zuten. 

Motorzale bat larri zauritu zen Arbizun. Aralarko magalean, iristeko zaila den gune batean erorikoa izan zuen. 45 urteko gizon bat larri zauritu zen larunbat goizean, 06:57an. Arbizuko Aralar magalean, Ministroko Harria dermioan erorikoa izan zuen, Aralarko bira edo GR20 mendi ibilbidean motorrean zihoala erorikoa izan zuen. Larrialdi zerbitzuak gaztigatu, iristeko toki zaila denez, erreskate helikoptero batek esku hartu behar izan zuen zauritua ebakuatzeko. Gizonak trauma torazikoa du, eta bizi euskarri aurreratuko anbulantzian eraman zuten Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, egoera erreserbatuan.

AHTrik ez aldarrikapena izan zen Altsasuko udalaren aurrean eta bertan irakurri zena entzungai hemen.

Kalaskak bi urte egin dituela eta urteurren festa ospatu zen. Bertan irakurri zutena hemen entzungai.

Kiroletan:

Areto Futbolean, Play-offei agur garratza. Osasuna Magna Xotak 1-2 galdu zuen play-offetako itzuliko partidan eta ezin izan zuen berdinketa hausteko hirugarren partida behartu. Play-offei agur esan diote irurtzundarrek, baina dena ematen eta Marea Berdearen babesarekin. Play-offetako final laurdenetako joaneko partidan 2-1 irabazi zion Palma Futsalek Osasuna Magna Xotari, Palman, azken segundotan. Beraz, atzo Anaitasunan jokatutako partidan talde irurtzundarrak irabaztea, ez zuen besterik, berdinketa despeditzeko hirugarren partida behartzeko. Gogotsu zeuden Xotakoak, irabazteko gogoz, joaneko partidan nor baino nor aritu zirelako Palma Futsal talde ahaltsuarekin eta zaleen babesarekin etxean jokatuta, posible ikusten zutelako. Marea Berdeak sekulako giroa jarri zuen – 2.194 ikusle bildu ziren Anaitasunan– eta bi taldeek hil ala biziko partidari  ekin zioten. Xotak urduri samar ekin zion partidari, baina gol aukerak sortzen hasi zen; Palma Futsal baita ere. Asier Llamas atezain irurtzundarra eta defentsa berdea bikain aritu ziren, Palma Futsalen ahaleginak zapuztuz eta euren onetik ateratzen. Husnako berdinketarekin joan ziren atsedenaldira, baina itzuleran, zortea alde, Neginhok Palma aurreratu zuen. Marea Berdeak Xota inoiz baino ozenago animatu zuen orduan. Partida bukaerarako 5 minuturen faltan, Machadok baloi bat lapurtu zuen, Anaitasunak Palmakoen seigarren falta zela ikusi zuena, eta kontraerasoari ekin zion Palmak, Mateus Maiak bigarren golean bilakatu zuena. Pachuk 1-2 gerturatu zuen Xota eta Anaitasunak buelta emateko itxaropena bazuen, baina ezinezkoa izan zen, eta Osasuna Magna Xotak agur esan behar izan zion play-offei. Martil, Juninho eta Escribanoren azken partida. Roberto Martil, Juninho eta Escribano jokalarien azken partida izan zen Osasuna Magna Xotarekin, eta hirurak hunkituta zeuden, Roberto Martil kapitain irurtzundarra bereziki. “Emaitzak gehiago mintzen nau nire azken partida jokatu izanak baino” nabarmendu zuen Roberto Martilek. Hala ere, taldeak “partida ona” egin zuela nabarmendu zuen. “Palman jokatu genuena baina partida hobeagoa egin dugu. Agian, bukaera aldera gasolina gehiago falta izan zaigu. Nolanahi ere, oso kontentu nago talde guztiak egindako lanarekin”. Iritzi berekoa zen Miguel Hernandez entrenatzailea. “Taldea hustu egin da. Play-offetik kanpo geratu behar badugu, horrela izan dadila. Taldeaz oso harro nago”. 

Txirrindularitzan, Igor Arrietak podiumean despeditu du Giroa. UAE Emirates-ek talde onenaren saria jaso zuen eta Isaac del Toro txapeldunordea izan zen, Simon Yates (Visma) maglia arrosaren atzetik. Atzo despeditu zen, Erroman, Italiako Giroa, esprintean Olav Kooijek (Visma) irabazitako 21. eta azken etaparekin. Baina Giroa bezperan erabaki zen, larunbatean, Simon Yates-ek (Visma) erasoa jo, eta Isaac del Toro (UAE Emirates) eta Richard Carapazek (Education First) erantzun gabe geratu zirenean, ezinean. Hor galdu zuen maglia arrosa del Torok, eta hor gailendu zen Yates, sekulako erakustaldia eman eta arerio zuzenei minutuak atera eta gero. Giroko azken sailkapen orokorrean, Yates-ek 3:56 minutu atera dizkio Del Torori, eta 4:43 Richard Carapazi. Igor Arrietak bere lehen itzuli handia jokatu du eta maila onean aritu da. Zortzigarren etapan ihesaldi garrantzitsuenean sartu eta laugarren izan zen, eta Ayuso eta del Toro liderren alde lan egin du. Gainera, podiumera igo zen, UAE Emirates Giroko talderik onena izan delako. 

Txirrindularitzan, Iker Gomez, Nafarroako Itzuliko txapeldunorde. Unai Gomez Finisherreko bere taldekideak kendu zion Itxasperriko etapan lortutako maillota. Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarra (Finisher) izan da Nafarroako Itzuliko protagonistetako bat. Larunbateko etapan, Lizarragako portua eta San Miguel portua gainditu eta gero Zuarratetik jaitsi eta Itxasperrin despeditzen zenean, liderraren maillota eskuratu zuen Iker Gomezek, baina Sarrigurenen jokatutako laugarren eta azken etapan bere taldekide Unai Ramosek aurrea hartu zion, eta etapa irabazteaz gain, txapeldunaren maillota kendu zion Gomezi. Nolanahi ere, txapeldunorde izateaz gain, bere taldea, Finisher, Nafarroako Itzuliko onena izan da eta sekulako nagusitasuna erakutsi du altsasuarrak. “Bietako edozeinek irabaztera, horretara atera gara, bera indartsuago izan da eta ez dago besterik. Taldeak sekulako lana egin du, eta garaipena ere berea da” nabarmendu zuen Iker Gomezek. Sailkapen orokorrean Unai Ramosek (14:19:34) 11 segundo atera dizkio Iker Gomezi, eta hirugarren Dario Giuliano (Rural Kutxa) izan da, 1:45era. Aimar Tadeo lakuntzarra (Euskadi Fundazioa) 59. sailkatu da, 28:05ra.

Mendi lasterketan, Ander Jauregi eta Garazi Sanpedro nagusi Lakuntza-Aralarren. Aritz Munarriz eta Eneritz Karasatorre etxarriarrak izan ziren lehen sakandarrak proba luzean. Proba laburra Beñat Katarain lakuntzarrak eta Lola Oiarzabalek irabazi zuten. Lehen sakandarra Maria Goikoetxea izan zen. Dortsal guztiak agortuta, guztiz arrakastatsua izan zen 20. Lakuntza Aralar mendi lasterketa, festa giroan jokatu zena. Proba luzean (26 km) Ander Jauregi eta Garazi Sanpedro izan ziren azkarrenak. Aritz Munarriz eta Eneritz Karasatorre etxarriarrak izan ziren lehen sakandarrak. Proba laburrean (13 km) Beñat Kararain lakuntzarra aise gailendu zen, eta emakumezkoetan Lola Oiarzabal izan zen azkarrena. Lehen sakandarra Maria Goikoetxea izan zen. 

Triatloiean, Mankomunitateak triatloia sustatzen jarraitzeko apustuari eusten dio. Ekainaren 30etik uztailaren 11ra Sakanako Triatloi Eskola antolatu du Arbizun. Izena ematea, zabalik. Ez dira triatloiaren urrezko garaiak, baina Sakanako Mankomunitateak igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa lotzen dituen kirola sustatzeko apustua egitearen alde jarraitu nahi du. Horrela, udari begira Sakanako Triatloi Eskola antolatu du Mank-ek, Arbizun. Aurten lehenago izango da, ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 11n despedituko baita. Izena ematea zabalik dago ekainaren 16ra arte, edo 25 lekuak bete arte, Kirol Zerbitzuan (683 343 854). Prezioa: 50 euro. Maalen Beraza eta Ekhi Congil izango dira monitoreak, eta 10:00etatik 12:30era arte landuko dute triatloia, bereziki, jolasen bidez. Sakanako Haur Triatloia, aurten Altsasun. Sakanako Triatloi Eskolan parte hartzen duten neska-mutiko gehienek Mank-ek antolatzen duen Sakanako Haurren Triatloian parte hartzen dute. Normalean Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen da, baina aurten, uztailaren 5era aurreratu denez, Urdiaingo festekin egiten du bat eta proba Altsasun egitea erabaki du antolakuntzak. ak izan baitira, Cantera eta Azkarrenaren atzetik, eta orain kopa irabazi dutelako.