Ekainaren 5eko albistegia

Guaixe Irratia 2025ko eka. 5a, 10:46

Eguneko albisteak Guaixe Irratian.

Sakanerrian:

Lakuntzako Musika eskolako izen ematea zabalik. Bai ikasle izandakoendako, bai ikasle berriendako. Lakuntzako Udalak jakinarazi du Sansaastin udal musika eskolako matrikulazio garaia hilaren 22ra arte zabalik dagoela. Horretarako lakuntza.eus webgunera jo behar da. Lakuntzako Udalak jakinarazi duenez, familia ugariak, bakarkakoak eta emakumezkoen kontrako indarkeriak kaltetutakoek tasa guztietan %20ko beherapena izanen dituzte. Informazioa behar duenak aipatutako web orrian edo 948 576 015 telefono zenbakian jaso dezake. 

Altsasun Ur tasa ordaintzeko epea iritsi da.  Aurtengo lehen lauhilekoa ordaindu behar da . Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, aurtengo lehen lauhilekoko ur hornidura zerbitzuaren tasak borondatez ordaintzeko epea garilaren 5era arte zabalik dago. Udal ordainagiriak helbideratuta dituztenei udalak zenbatekoa kontu korrontean garagarrilaren 11n kargatuko die. Helbideratu gabeko ordainagiriak La Caixako edozein bulegotan ordain daitezke, ordainagiria aurkeztuta. Borondatez ordaintzeko epe hori iraganez gero, Diru-bilketaren gaineko Erregelamendu Orokorrean ezarritako errekarguak ezarriko dira eta tramiteak eginen dira premiamendu bidez kobratzeko.

Igerilekuen kudeaketa emateko deialdia Ziordian.  Errentan hartu nahi dutenek eskaintza egin beharko dute. Ziordiko Udalak udal igerilekuen kudeaketa errentan emateko deialdia egin du. Auzokideek hilaren 10eko 14:00ak arte dute eskaintzak aurkezteko epea. Deialdiaren plegua eta eskabide orriaren eredua udaletxean daude. Kudeaketa emateko udalak zehaztutako baldintzen artean daude igerilekuak garagarrilaren 22tik agorrilaren 31ra irekita egon beharko dutela, 11:00etatik 21:00etara. Bestalde, igerilekuen kudeaketa hartzen duenak Ekintza Ekonomikoen Zergan alta emanda egon beharko du, eta Gizarte Segurantzan autonomo gisa izena emanda izan beharko du. Gainera, elikagai erabiltzaile karneta izan beharko du. Igerilekuen kudeaketa hartzeko euskara jakin beharko da. Eta egiten den eskaintza ezin izanen da 1.500 euro (BEZik gabe) baino txikiagoa izan. 

55 ikaslek gaur bukatuko dute Unibertsitatean Sartzeko Proba. Aurtengo deialdiak hiru berritasun nagusi ditu: azterketa eredua, borondatezko aldian egin daitekeen irakasgai kopurua eta borondatezko faseko emaitzen iraupena. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Unibertsitatean Sartzeko Probak egiten ari dira 3.945 ikasle. Asteartean hasi eta gaur bukatuko dute azterketak egiteaz. Izena emandako ikasleetatik 55 sakandarrak dira. Iruñeko D ereduko Biurdana Bigarren Hezkuntzako Institututik bost ikasle joan dira azterketak egitera. Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institututik 50 ikasle joan dira probak egitera, haietatik 46 aurten Batxilergoko II. maila egin dutenak dira, eta beste lauak nota igotzeko aurkeztu dira. 

Kirolak:

Pilotan, Sanferminetako lau eta erdia Etxarri Aranatzen hasiko da. Baiko adarreko final hamaseirenak ekainaren 20an jokatuko dira Euskalerriari pilotalekuan, tartean Joanes Bakaikoa dela. Joseba Ezkudia Aspeko zerrendaburu izango da. Txapelketa ofizialak alde batera utzita, udako torneoak abian dira. San Fermin festak ate joka daudela, sanferminetako lau eta erdiko torneoa ekainaren 20an hasiko da, Etxarri Aranatzen. Bertan Baiko adarreko final hamaseirenak egongo dira jokoan. Joanes Bakaikoa herriko pilotariak Agirre izango du aurkari, eta Zubizarretak Senar. Bi irabazleek A multzoko final zortzirena jokatuko dute ekainaren 22an, Zaldibarren. Beste final zortzirenean Jakak Larrazabal izango du aurkari, ekainaren 21ean Muskizen. Garaileek final laurdenetan zerrendaburuak izango dituzte zain, Artola eta Peña II.a. Finalerdiak Donostian jokatuko dira, uztailaren 4an, eta pilotari onena uztailaren 7an Aspeko adarreko pilotari onenaren kontra lehiatuko da Nafarroa Arenan. Ezkurdia, Aspeko zerrendaburu. Asperen adarrean Joseba Ezkurdia dugu ordezkari sakandarra. Arbizuarra zerrendaburua izango da, Jokin Altunarekin batera. Altuna da egungo txapelduna eta bere bosgarren titulua litzatekeena lortu nahiko luke. Ezkurdiak, aldiz, bakarra du, 2022koa, eta bigarrena lortzeko borrokatuko da. Dariok eta Egiguren V.ak irekiko dute lehia ekainaren 20an, Urrestillan. Ekainaren 21ean Elordi eta Salaberria aurrez aurre ariko dira Berañainen, eta ekainaren 24an Peio Etxeberriak Berañaingo garailea izango du aurkari, Eibarren. Egun berean Zabalak Urrestillako irabazlea, Dario edo Egiguren, izango du arerio Seguran. Ondoren sartuko dira lehian zerrendaburuak. Joseba Ezkurdiak ekainaren 28an Eibarko irabazlearen kontra jokatuko du Sopelan, eta egun bat beranduago Altunak Segurako irabazlea izango du aurkari. Ondoren bi irabazleek finalerdiak jokatuko dituzte uztailaren 4an, Donostian, eta onenak uztailaren 7ko final handia jokatuko du Baikoko hautagaiaren kontra. 

Pilotan, Bergera, finalera, eta Igoa-Arbizu, bidean. Irurtzungo Pilota Txapelketak baditu lehenengo finalistak. Bigarren eta azken finalerdiak ekainaren 9an jokatuko dira, eta Irurtzun klubeko sei pilotari egongo dira lehian. XXXIII. Irurtzungo Pilota Txapelketan lehendabiziko finalerdiak jokatu ziren ekainaren 4an, asteazkenarekin. Bigarren mailako finalean Olasagastik (Behar Zana) eta Villanuevak (Zugarralde) finalerako txartela lortu zuten, Armaolea-Goiburu Lapkeko bikoteari 13-22 gailendu eta gero. Lehen mailako finalerdiak ikusmin handia piztu zuten Irurtzun klubeko bikote batek, Josu Igoa eta Aaron Arbizu pilotari etxarriarrek osatutakoak, Irurtzun klubeko Iosu Bergera atzelari arruazuarra eta Azketa (Tartaloetxe) izan zituztelako aurkari. Jokoan asko zegoen, final handian egotea, eta lehia estua izan zuten bi bikoek. Azkenean, Nafarroako Lehen Mailako Binakako egungo txapeldunak, Igoa eta Arbizu, bidean geratu ziren, Azketak eta Bergerak, partida ikusgarrian, 14-22 hartu baitzituzten menpean. Beste bikote finalistak ekainaren 9an jokatuko diren finalerdietatik aterako dira. Irurtzun klubak finalean ordezkariren bat izango du, lau bikoteetan klubeko norbait baitago. Astelehenean jakingo da nortzuk diren. 

Txirrindularitzan, Bost sakandar Murietako Top10ean. Ekainaren 1eko kadeteen Meoki Memoriala esprintean erabaki zen: Xabier Curiel (Quesos Albeniz) bigarren izan zen, eta Ekai Erdozia (Sakana Group-Alea) hirugarren. Kadeteen mailako tropela Murietan elkartu zen igandean, XXXVIII. Meoki Memorialean (52,2 km). Izena emandako 79 txirrindularietatik guztira 57k lortu zuten proba bukatzea. Lasterketak mugimendu handia izan zuen, baina, azkenean, esprintean erabaki zen. Ander Larraburu (Erro y Eugui) izan zen azkarrena (1:15:53) Xabier Curiel altsasuarraren (Quesos Albeniz) eta Ekai Erdozia etxarriarraren (Sakana Group-Alea) aurretik. Top10ean beste hiru sakandar sailkatu ziren: Ion Unai Gonzalez (Sakana Group-Alea) bosgarren izan zen, Urko Oiarbide (Sakana Group-Alea) zazpigarren, eta Ibai Galarza (Quesos Albeniz) bederatzigarren. Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Ekaitz Zufiaurre (Quesos Albeniz) hamalaugarren iritsi zen helmugara, Oier Olaberria (Quesos Albeniz) 26. eta Egoi Urtasun (Quesos Albeniz) 30., guztiak tropel nagusiarekin batera. Alex Gonzalez (Sakana Group-Alea) 32., iritsi zen, Asier Flores (Quesos Albeniz) 36., Unai Gomez (Quesos Albeniz) 37., Unax Etxeberria (Sakana Group-Alea) 39., Juan Carlos Gil de Gomez (Quesos Albeniz) 41., Ezkai Lacunza (Quesos Albeniz) 44., Xabier Gorriti (Sakana Group-Alea) 50. eta Gabriel Gonzalez (Sakana Group-Alea) 54. Talde onenaren saria Aralar Txirrindularitza Taldeko Sakana Group-Alea izan zen. 

Herri kiroletan, Ikasturtean ikasitakoa, Urdiaingo plazara. Urdiainek Sakanako Herri Kirol Eguna Urdiainek hartu zuen igandean. Sakanako Mankomunitateak antolatutako egunean, Sakanako Aizkora Eskolako gazteek eta bertatik sortutako aizkolariek, Sakanako Harri Jasotze eskolako harri jasotzaileek eta Andra Mari ikastolako trontzalariek parte hartu zuten, giro onean. Erakustaldi politak egin zituzten. 

Futbolean, Lagun Artea modurik krudelenean geratu zen jubenilen lehen mailako ateetan. Bigarren jubenil mailako Lagun Arteak igoera faseko itzuliko partida jokatu zuen Donezteben. Lau goleko aldea zuten lakuntzarrek, baina Doneztebek buelta eman zion 89.minutuan, Lagunen atezainak geratutako penalti baten alderatzean. Berdinketak Donezteberi eman zion igoera, ligan liderra izan zelako. Lagun Artea jota geratu zen, denboraldia ezin borobildu.