“Errefuxiatuek ez dute ulertzen zergatik tratatzen ditugun horrela”

Erkuden Ruiz Barroso 2016ko urr. 7a, 08:33

Maite Arregi altsasuarra bi astez egon da Greziako Errefuxiatuen Eremuetan lanean.

Duela urte batzuk Greziatik bidaia bat egin ondoren, Maite Arregi Uribe altsasuarra konturatu zen errefuxiatuen eremuetako telebistan ikusten diren irudian “hemendik gertu” gertatzen zirela. Zerbait egin behar zuela pentsatu zuen. Lagun batzuekin Barañain Errefuxiatuekin taldea sortu zuen. Eremuetara bidaltzeko materiala eta arropa jaso ondoren, Nafarroako Suhiltzaileen Kolektiboa, HELP-NA, ezagutu zuten eta beraiekin Greziako eremuetara joatera “animatu” zen. Bertan ikusitakoa “gogorra” izan zela aitortu du eta “emozioz eta sentsazioz” beteriko esperientzia bat izan dela dio. Orain, “haien” ahotsak entzutea nahi dute.

Hasieran Arregik beldurra izan zuen, ez zekiela bertan zer egin zezakeen. Baina, HELP-NAko kideen erantzuna oso zuzena izan zen: “pertsona bakoitzak beti zer edo zer eskaintzeko du han”. Greziara agorrilaren 5ean abiatu ziren eta 19an itzuli ziren. Bost eremutan sartzeko baimena zuten: Cherso, Lagadikia, Vasilika, Sindos eta Sinatex. “Militarren eremuak dira eta baldintzak oso zorrotzak dira. Sartzeko zure izen abizenak eta nortasun agiria eman behar duzu”. Egoera larria ezkutuan mantentzeko egiten dutela uste du Arregik: “ez zaie komeni bertan kanpoko pertsonak sartzea. Argazki kamerekin sartzea, adibidez, asko kontrolatzen dute”.

Vasilika errefuxiatu eremua. Argazkia: Manel.


Tesalonika inguruan dauden eremuetan egon ziren. Eremuak harresiz inguratuta daude eta poligono industrialetan edo larreetan daudela kontatu du Arregik: “kanpalekuak larrialdi baterako pentsatuta daude, denbora labur baterako. Ez bertan bizitzeko”. Kanpin-dendetan bizi dira eta lotarako hamakak dituzte. “Batzuk pabilioietan daude, beste batzuk, aldiz, kanpoan”. Arregik azaldu duenez, udan bero handia egiten du eta neguan hotza. Gainera, uholdeak izaten dira. Komunak behin behinekoak dira eta garbitzeko ur txorrota gutxi daudela esan du: “1.500 pertsonako eremu batean 15 komun daude”. Egoera larria dela adierazi du, baina, Arregirendako “okerrena” irudi horiek ikustera “ohitzen” ari garela da.

Argazkia: Softex.


Bizi baldintza gogorrak
“Begietara begiratzen dizute eta galdetzen dizute: noiz arte”. Gizon batek Siriako gerraren aurretik haien etxean Afganistango jendea hartu zutela kontatu zion. “Harritzen dira. Ez dute ulertzen zergatik tratatzen ditugun horrela”. Eremuetan familiak dira gehienak, “gu bezalakoak diren familiak”. Haurrek jolasten dute, eta hainbat eskola txiki egin dituzte; baina ez da nahikoa. “Oraindik ez dakite haien etorkizuna lapurtzen ari zaiela”. Nerabeak mafien eskuetan erortzen ari direla esan du. “Diru jolasetan ikusten dituzu, erretzen…”

Hezitzaileak, psikologoak eta gizarte langileak falta direla salatu du Arregik. Militarrak baino ez daude eremuetan. Gainera, etnia, kultura eta erlijio ezberdineko jendea nahastu dituzte, eta horrek elkarbizitza arazoak sortzen ditu. “Ez diete ezer egiten uzten. Haiek proiektu txikiak aurrera eraman nahi dituzte, autogestionatzeko ahalmena izan nahi dute. Baina ez diete uzten”. Karitateaz bizi dira. “Janaria hartzen dutenean lotsatzen dira. Ez dute hori nahi”. Etorkizunean haien herrira itzultzea nahi dute. “Ihes egiten ari dira”.

Softex. Argazkia: Moises Berdonces Labairu.


Nafarroako taldeak berdintasunetik lan egiten zuten, “ez karitatetik”. Bi asteko txandekin lan egiten zuten, nahiz eta batzuk denbora gehiago egon. Bi lan ezberdin egiten zituzten bost eremuetan. Talde batek barazkiak eta frutak erosi eta banatzen zituen. “Normalean tuper bat jasotzen dute, gure janariarekin. Guk haien janaria sukaldatzea nahi genuen”. Autonomoak izateko aukera eskaintzen zieten. Beste taldeak su-itzalgailuak jartzen eta mantenu lanak egiten zituen.

Softex.


Salaketa
Garrantzitsuena bertan egon izana eta bertakoa ikusi ahal izatea dela dio Arregik. “Jende asko ezagutzeko aukera izan dugu eta haiek hitz egin nahi dute. Haien egoera ezagutaraztea nahi dute”. Hortaz, Barañain Errefuxiatuekin taldeak Just People dokumentala sortu du errefuxiatuei hitza emateko. Azaroaren 3tik aurrera egonen da ikusgai. Gainera, blog batean haien lanaren berri ematen dute: ongbomberosdenavarra.blogspot.com. “Salaketa oso garrantzitsua da”. Hitzaldiak egiten ari dira Iruñerrian eta Sakanan ere zerbait antolatzea nahiko luke. “Salaketa horren bidez politikariak entzutera derrigortu nahi ditugu”. Politikariek errua haien gainetik kendu nahi dutela salatu du Arregik, eta mugak ahalik eta urrunen jartzen dituztela gaineratu du. “Herrialde horiek seguruak balira bezala jartzen dituzte mugak. Lotsa guzti hori Europatik kanpora bidali nahi dute”. Egoera konpontzea nahiko luke Arregik, baina “zaila” ikusten du. Hortaz, ez bada konpontzen itzuliko zela dio.

Alexandria errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

Alexandria errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

Alexandria errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

Cherso errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

 Lagadikia errefuxiatu eremua. Argazkiak: Amaiur Martinez Lazkano.

Vasilika errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

Lagadikia errefuxiatu eremua. Argazkia: Amaiur Martinez Lazkano.

Fracapor.

Softex. Argazkia: Moises Berdonces Labairu.

Softex.

Softex.