Sakanerrian:
Bizikleta festa arrakastatsua Arbizun. 200 parte hartzaile izan ziren. Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak antolatuta, Bizi Festa ospatu zen igandean. Adin guztietako sakandarrek osatutako 200 txirrindulariko tropela izan zen Arbizu eta Arruazu arteko joan-etorria egin zuena. Herritik kanpo lehen pedalkadak ematen zituzten umeak eta helduak izan ziren parte hartu zutenak. Bi orduko ibilaldiaren ondoren, Errota kaleko berdegune zabalean bat egin zuten guztiek. Han Izaskun Mujika ipuin kontalaria entzun, herri jolasetan aritu edota bizikletak konpontzen ikasten aritu ziren. Akaberan parte hartzaileen artean opariak zozketatu ziren.
Rural festak jendea erakarri zuen. Herrietan bizi eta lan egitearen aldeko apustua egiten duten gazteen negozioak eta ekimenak ikusaraztea du helburu. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak eta Cederna Garalur Elkartea, EDER Partzuergoa, TEDER Elkartea eta Erdialdeko Garapenerako Partzuergoarekin batera Herri aktiboak, herri biziak ekimena landu dute. Haren helburua landa eremuetako estereotipoak desagerraraztea da eta haien potentzialtasuna gazteen pertzepzioetatik erakusteko lankidetzan aritzea. Ekimenaren barruan Rural Fest izeneko topaguneak daude. Haietako bat hartu zuen Altsasuko Zumalakarregi plazak ostiralean. Rural Festek dozena bat ekoizle eta artisauen azoka hartu zuen, haurren txokoa izan zen, kirol erakustaldia eta musika asko izan zen. Makina bat herritar pasa ziren Zumalakarregi plazatik.
Min hartutako txirrindularia ospitalera larri eraman zuten. 13 urte ditu eta erorikoa izan zuen. Aitziber ermitako bidean bizikletan zihoala, 13 urteko mutiko batek erorikoa izan zuen larunbatean 19:40 aldera. Erorikoren ondorioz buruan kolpe handia eta beste kolpe batzuk hartu zituen. Ezbeharraren tokira Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina, anbulantzia eta foruzainak joan ziren. Mutikoaren egoera larria ikusita, medikua zuen anbulantzia batean Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten. Ezbeharraren nondik norakoak Foruzaingoak ikertu zituen.
Larunbatean manifestazioa izan zen Altsasun. Sunsundeguiko 340 kaleratzeen aurrean, batu borrokara. Enpresariak eta instituzioak errudun. Etorkizuna langileentzat manifestazioa.Manifestazioaren ondoren irakurritakoa hemen entzungai.
Kiroletan:
Pilotan, Joanes Bakaikoak promesen hirugarren Buruz Buruko txapela lortu du. Aurrelari etxarriarrak 15 tantotan utzi zuen Asier Agirre Labriten jokatutako final handian. B Serietako Buruz Buruko finala larunbatean jokatu zen, Labrit lepora betea zela. Joanes Bakaikoa etxarriarrak arerio latza zuen, Asier Agirre aspaldiko ezaguna, eta batek zein besteak bere zaleak zituen alde, animatzeko prest. Joanes Bakaikoak ezin hobe planteatu zuen partida. Oso kontzentratuta, ez zen partidatik atera. Lehen tanto gogorren ondoren, errenta ateratzen hasi zen: 2-8. Sakea ongi baliatu zuen –guztira 7 tanto egin zituen sakez– eta gutxika Asier Agirre desmuntatzen hasi zien. Erritmo eta abiadura handiko partida izan zen, eta Agirrek ezin izan zion hasierako 2-8 horri buelta eman. 5-9tik 5-13ra joan zen Bakaikoa, gero 7-14 jarri zen, eta nahiz eta Agirre 14-16ra gerturatu, etxarriarra ez zen urduritu, ez zuen ezer oparitu, eta azken hiru sake-errematei esker, 15-22 irabazi zuen Joanes Bakaikoak, B serietako Buruz Buruko bere hirugarren txapela lortuz. Guztira 347 pilotakada gurutzatu zituzten ordu bat eta zortzi minutu iraun zuen partidan. Bakaikoak 15 tanto egin zituen eta 6 galdu, eta Agirrek 9 tanto egin zituen eta 7 galdu. Beraz, antzeko akatsak egin zituzten; aldea Bakaikoaren sakeetan eta egindako tantoetan egon zen.Buruz buruko hiru txapel horiei lau eta erdian dituen beste hiru txapela gehitu behar dizkio Joanes Bakaikoak. Pilotari fina, ona eta handia da etxarriarra. Datorren urtean lehen mailako Buruz Burukoan parte hartzeko eskubidea lortu du, merezimenduz.
Areto Futbolean, Palma Futsal, Osasuna Magna Xotaren arerioa play-offetan. Talde berdeak ligako azken jardunaldian El Pozo mendean hartu eta gero, ligan zazpigarren sailkatu da eta bigarren sailkatu den Palma Futsal izango du arerio. Osasuna Magna Xotak bikain itxi du 2024/2025 denboraldia. Lehen mailako 30. eta azken jardunaldian Murtzian jokatu zuen talde irurtzundarrak, El Pozo Murciaren kontra, eta garaipen ederra lortu zuten jokalari berdeek (3-4). Horri esker, ligako zortzigarren postutik zazpigarrenera igo zen Xota (44 puntu), eta zazpigarrenetik zortzigarrenera jaitsi zen El Pozo (42 puntu), play-offetako aurkarietan eragin zuzena izan duena. Xotak sailkapenean bigarren sailkatu den Islas Baleares Palma Futsal izango du aurkari ligako titulua erabakitzeko play-offetan. Osasuna Magna Xotaren eta El Pozo Murciaren kontrako ligako azken partida oso borrokatua izan zen. Bizi-bizi hasi zen partida, erritmo handiarekin. Dani Saldisek mustu zuen markagailua, 2. minutuan, baina hurrengo jokaldian bana berdindu zuen El Pozok. Gol aukera gehiago sortu zituen Xotak, baina El Pozo izan zen 2-1 aurreratu zena. Hala ere, presionatzen jarraitu zuen Xotak, eta Dani Saldisek berdinketaren gola lortu zuen 14. minutuan. Bi taldeek erasoan jarraitu zuen eta El Pozok hirugarrena sartu zuen; baina atsedenaldia baino lehen hiruna berdindu zuten berdeek, Josu Mendivek Pachuk errekuperatutako baloia El Pozoren sareetan sartu eta gero. Bigarren zatian presionatzen jarraitu zuen Osasuna Magna Xotak. Ion Cerviño irurtzundarrak 3-4 aurreratu zuen Xota, corner batean. Bi taldeek aukera gehiago sortu zituzten, baina markagailua ez zen gehiago mugitu eta irurtzundarrek 3 puntuak ekarri zituzten, denboraldi ederra garaipenarekin borobilduz. Miguel Hernandez entrenatzailea pozik zegoen. “Partida zaila zen, baina ongi atera zaigu eta oso pozik gaude. Orain play-offetako partida prestatzen hasiko gara buru belarri. Ligako tituluagatik borrokatuko dugu, ilusioz eta anbizioz”. Palma Futsal, play-offetako arerio. Servigroup Peñiscola izan da ligako liderra (64 puntu). Atzetik sailkatu dira Islas Baleares Palma Futsal (62 puntu), Barça (62 puntu), Movistar Inter (59 puntu), Jimbee Cartagena (51 puntu), Jaen Paraiso Interior (44 puntu), Osasuna Magna Xota (44 puntu) eta El Pozo Murcia (42 puntu). Eta hain zuzen ere aipatu zortzi talde hauek jokatuko dituzte ligako titulua erabakitzeko play-offak. Play-offetako final laurdenetan, Peñiscolak (1.) El Pozo Murcia (8.) izango du aurkari, Palma Futsalek (2.), Osasuna Magna Xota (7.), Barçak (3.) Jaen Paraiso Interior (6.) eta Movistar Interrek (4.) Cartagena (5.). Kanporaketak oso berdinduak izango direla aurreikusten da. Joaneko partidak maiatzaren 29an jokatuko dira, eta itzulikoak ekainaren 1ean. Xotak joanekoa maiatzaren 29an 19:30ean jokatuko du, Mallorcan, eta itzulerakoa ekainaren 1ean, 12:00etan, Anaitasunan. Berdinduz gero, hirugarren partida ekainaren 4an jokatuko litzateke, sailkapenean hobekien klasifikatuta dagoen taldearen etxean, hau da, Mallorcan.
Areto Futbolean, Kopa etxean geratu zen. Altsasuko Zelandi kiroldegiak Nafarroako hiru kopa final hartu zituen maiatzaren 24an. Emakumezkoen seniorrean Orvinak Mendialdea B-ri irabazi zion, gizonezkoen autonomikoan Altsasuk Arbizu mendean hartu zuen, eta hirugarren mailan Gazte Berriak-ek Kirol Sport gailendu zuen. Altsasu Kirol Elkarteak areto futboleko hiru kopako final hartzeko borondatea azaldu zion Nafarroako Futbol Federazioari, federazioak onartu, eta maiatzaren 24an, mukuru beteta zegoen Zelandin jokatu ziren aipatu hiru finalak, giro ezin hobean. Lehenik eta behin emakumezkoen senior mailako kopako finala jokatu zen, 17:00etan hasita. Berriozarko Mendialdea B taldeak ligako irabazlea Orvina A izan zuen aurkari, eta nahiz eta Mendialdea aurreratu, Orvinak buelta eman zion partidari eta 1-3 irabazi zuen, kopa eskuratuz. Bigarren finalak, gizonezkoen maila autonomikokoak, ikusmin handiena piztu zuen, Sakanako bi taldek jokatu baitzuten: Altsasuk eta Arbizu Kirol Elkarteak. Bi taldeek lehia bizia eskaini zuten. Lander Badosek Arbizu Kirol Taldea aurreratu zuen 6. minutuan, eta hasieran Altsasu ezin buelta eman egon zen, baina 19. minutuan Aritz Sevillak berdintzea lortu zuen, eta hortik aurrera Altsasu nagusi izan zen. Aritz Sevillak beste hiru gol sartu zituen, lau guztira, eta 4-1 irabazita kopa irabazi zuen Altsasuk. Azkenik, gizonezkoen maila autonomikoko finala jokatu zen, 20:00ak aldera. Orkoiengo Kirol Sportek eta Antsoaingo Gazte Berriakek jokatu zuten. Final borrokatuan, bana, bina eta hiruna berdindu zuten bi taldeek, baina, azkenean, Gazte Berriak 3-4 gailendu zen.
Txirrindularitzan, Alpeetara gerturatu da Giroa. Isaac del Toro (UAE Emirates) jarraitzen du lider, eta Igor Arrieta maila oso onean dago. Gaur atseden eguna du Giroak. Atzo Monte Grappa ikusgarrian despeditu zen hamabosgarren etapa, Carlos Verona madrildarrak (Lidl) maisuki irabazi zuena. Igor Arrieta (UAE Emirates) 37. sartu zen, 3:33ra. Bere taldekide Isaac del Toro jarraitzen du geroz eta lider sendoagoa (55:54:05), Simon Yates-i 1:20 eta bere taldekide Juan Ayusori 1:26 aterata. Igo Arrieta 37. da, 46:53ra.Gaur atseden jardunaldia dute. Astearteko 16. etapan Piazzola sur Brenta eta San Valentino lotuko dituzte (203 km), 2. mailako Carboniare eta lehen mailako Candrial eta Santa Barbara gainditu. eta lehen mailako San Valentinon despeditzeko. Alpeak.
Txirrindularitzan, Iker Gomez hirugarren Iturmendiko podiumean. Finisher taldeko altsasuarra lehen nafarra izan zen eta esprintean Iker Diazen (Rural Kutxa-Alea) eta Gari Ugarteren (Euskadi Fundazioa) atzetik sailkatu zen. Igandean, maiatzak 25, afizionatuen mailako XIII. Iturmendi Trofeoa jokatu zen, Urbasa Txirrindularitza Klubak antolatutakoa. 134 txirrindularik hartu zuten irteera hasieratik oso mugitua izan zen proban. Izan ere, Altamira bederatzi aldiz gainditu behar izan zuen tropelak, eta hasieratik sortu zen saltsa. Zazpi jokalariren ihesaldiak tropelaren erritmoa baldintzatu zuen, eta hiru geratu ziren buruan: Juan Pedro Lozano (Rural Kutxa), Gari Ugarte (Euskadi Fundazioa eta Luis Alberto Lajarin (Finisher). Hala ere, tropelak irentsi zituen, eta esprint estuak erabaki zuen Iturmendiko garailea. Azkenean, Iker Diaz (Rural Kutxa-Alea) izan zen azkarrena (3:16:13), Gari Ugarteren (Euskadi Fundazioa) eta Iker Gomez Lopez de Goikoetxea altsasuarraren (Finisher) aurretik. Gomez lehen nafarra izan zen. Aimar Tadeo lakuntzarra (Euskadi Fundazioa) 22. postuan sailkatu zen, eta Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) 29., biak denbora berean. Mendiko txapelketa Luis Alberto Lajarinek irabazi zuen –Mikel Uncilla hirugarren izan zen–, eta tarteko helmugen trofeoa Adur Arrizabalagak (Electro Alavesa-Zuia) lortu zuen. Taldeka, Euskadi Fundazioa izan zen onena. Nafarroako Itzulia. Amateurren tropela maiatzaren 29tik 31ra jokatuko den Nafarroako Itzulirako prest dago. Maiatzaren 31ko etapa, larunbatekoa, Aldatzen hasi eta Egiarretako Itxasperrin despedituko da, Lizarraga eta San Miguel portuak tartean dituela.
Txirrindularitzan, Galar Trofeoa, Ekain Imazendako. Tolosa / Danena taldeko junior altsasuarrak garaipen sendoa lortu zuen, helmugara bakarrik helduta. Maiatzaren 24an junior mailako XXII Galar Sari Nagusia, XX. Miguel Uriz Oroimenezkoa jokatu zen (94 km). Tolosa / Danena taldeko Ekain Imaz altsasuarrak primeran irakurri zuen proba, behar zuen tokian erasoa jo, eta bakarrik agertu zen Galarko helmugan (2:20:26). Minutu pasa atera zion Bastian Laffitteri (Team Iparralde). Ekaitz Perez (Zu eta biok) 26. iritsi zen (2:28:01). Ekain Imazek mendiko txapelketa irabazi zuen, eta Cascantekoa den baina Burunda klubean trebatu zen Erik Laiglesiak, tarteko helmugen saria. Talde onena Team Iparralde izan zen.
Mendi Lasteketetan, Lakuntza-Aralarrerako soilik azken dortsalak geratzen dira. Ekainaren 1ean jokatuko den mendi probarako 350 kirolari inguru daude izena emanda. Zabalarte klubak antolatutako Lakuntza-Aralar mendi lasterketak 20 urte beteko ditu ekainaren 1ean, eta ospakizuna berezia izango da. Ohi denez, Lakuntzako proba Nafarroako Mendi Lasterketen Rankingerako baliagarria izango da, baina, bestetik, aurten Euskal Herriko Koparako puntuatuko du. Eta honek, jakina, partaide gehiago hurbilduko ditu Lakuntzara. "Gure probaren 20. urteurrena denez, Nafarroako Mendi Federaziotik ere bulkatu zuten gure proba Koparako baliagarria izateko. Oso pozik gaude" azaldu du Zabalarteko Iraitz Berastegik. 350 partaide, momentuz. Lakuntzako proba Euskal Euskal Herriko koparako baliagarria izateak parte hartzean eragin nabarmena izan du. "Ibilbide Motzeko 150 txartelak agortu dira. Beste hamarren bat aterako ditugu, itxaron zerrenda dagoenez, erraz banatuko ditugunak. Soilik Ibilbide Luzeko txartelak gelditzen dira. 180 dortsaletatik, soilik hemezortzi inguru geratzen zaizkigu. Mendi martxari dagokionez, hogeiren bat egongo dira izena emanda, eta hemen oraindik tokia badago. Interesatuek maiatzaren 30erako epea dute izena emateko". Lakuntza-Aralar, beraz, arrakastatsua izango da. "Une honetan 350 partaide egongo dira izena emanda; eta litekeena da lasterketa egunean 400dik gertu egotea". Izen handiko korrikalariak amateurrekin batera ariko dira. "Ekainaren 8an Galdamesek Euskal Herriko Mendi Txapelketa hartuko duenez, bertara lehiatzera joango diren asko ez dira Lakuntzara astebete lehenago etorriko. Dena den, kontentu gaude. Gainera, Lakuntzako jende askok eman du izena; Sakanatik jende dezente ariko da. Eta hori da guk batez ere sustatu nahi duguna. Bereziki, emakumeak animatu nahi ditugu". Txikia, Palestinaren alde. Ekainaren 1ean oinezko mendi martxa 8:30ean abiatuko da (Ibilbide Motza da, kontrako norabidean egina). 9:30ean aterako dira Lasterketa Motzekoak (13 km, Guardetxe eta Aubigaina igota, Arangunetik herrira jaisten dena) eta Lasterketa Luzekoak (26 km, Guardetxe eta Irumugarrieta igo, eta Desao, Pagomari eta Arangundik Lakuntzara jaisten dena). Berehala, 10:00ak aldera, txikienendako lasterketa txiki solidarioa abiatuko da. Aurten, Txingurriye elkartearen bidez Palestina laguntzea da asmoa eta bertara bideratuko da 0 dortsalekin lortutakoa. Halaber, postuak jarriko dira. Whatsapp kanala. Ekainaren 1ean 90 boluntario inguru ariko dira lanean. Zabalartek Whatsapp kanala (Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa) zabaldu du, azken orduko oharrak, eguraldi iragarpena eta bestelakoak zabaltzeko.