Gipuzkoan jasotako arroparen legez kanpoko isurketek segitu dute

Guaixe 2020ko mar. 10a, 09:33
Aralur barruan arropa metak. Argazkia: Gurelur.

Aralur enpresa zenaren pabiloi barruan birziklatzeko emandako makina bat tona arropa pilatu dira irailetik. Kanpoko aldean 2012an Gipuzkoatik ekarritako materia organiko metak daude. Eroritako pabiloia segurtasun arazoa ere bada.

Atorrak, pantaloiak, jertseak, berokiak, oheko arropa, kirol jantziak, mota guztietako oinetakoak… Horiek daude Aralur enpresa zenaren pabiloi zahar batetan botata. Arropa meta handiak. Kamioikadak. Olatz Irizar Martinez alkateak esan digunez, “zeinek ekarri duen, zergatik ekarri duen Ziordira eta arduradunak bilatu behar dira. Ikerketa martxan dago. Behin arduraduna zein den dakigunean erantzukizunak eskatu beharko dizkiogu bai udalak bai gobernuak”. 

Ziordiarrak aurreneko arropa deskargaz iraila erdialdera jabetu ziren eta udala jakinaren gainean jarri zuten. Irizarrek azaldu digunez, botatako arroparen berri Foruzaingoari eman zioten, “pabiloian legez kanpoko isurketa egiten ari zirela salatu genuen. Toki horretan ez dago inolako baimenik inolako isurketarik egiteko”. Arropa botatzen harrapatu arte ezin zela ezer egin jakinarazi zieten foruzainek. “Erantzunak haserretu gintuen. Gurea herri txikia da. Ez dugu baliabiderik han 24 orduko zaintza egiteko. Baina kasualitatez, egun batean, pertsona batek kamioia ikusi zuen. Gu abisatu eta guk gaztigua Foruzaingoari pasa genion”. Etxegarateko portura iritsi baino lehen garraiolaria eta kamioia identifikatzea lortu zuten. Legez kanpoko isurketagatik salatu zuten. Ingurumen Departamentuaren eskutan dago txostena. 

Iraila erdialdean hasi ziren kamioikaden joan-etorriak ez du etenik izan. Ziordiarrak kamioi bat ikusten zuten aldiro udala jakinaren gainean jartzen zuten. Eta udalak Foruzaingoa eta Nafarroako Gobernua. “Horren berri genuenetik gure udalak dituen bitartekoen araberako kudeaketarekin hasi ginen”. Herritarren gaztiguak jasotzen zituzten bakoitzean Foruzaingoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jarri zen Ziordiko Udala. “Ikerketa aurrera doa, gestio lanak egiten ari gara”. Erantzun hori jasotzen zuen udalak eta hala jakinarazten zien ziordiarrei. Egoerak akaberarik ez zuela ikusita, eta egoerarekin nazkatuta zegoen bizilagun batek, Gurelurrengana jotzea erabaki zuen. Haien egindako salaketak hedabideetan ikusgarritasuna eman dio botatako arropari.  

Enpresa 
Ziordiko Udala enpresarekin harremanetan jarri zen eta gertatutakoa “logistika akatsa” izan zela azaldu zieten. Akatsa irailetik errepikatu egin da ordea. Horregatik, Ziordiko Udalak enpresari 15 egun eman zizkion botatako arropak jasotzeko duela hilabete. Ez du halakorik egin. Udalak isurketa egin duenari dagokion ardura eskatu dio. 

Gurelurreko Toño Munillak Berria egunkariari jakinarazi dionez, haiek Ziorditik Astigarragaraino kamioi bat segitu zuten, matrikula hartu zioten eta argazkiak egin zizkioten. Gurelurrek eta Berriak zabaldu dutenez, Ekotrade enpresara iritsi zen kamioia. Enpresaren web orrian azaltzen denez, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak eta arriskutsuak ez diren hondakin asko kudeatzeko irtenbide integrala eskaintzen du.

Berriak jakinarazi duenez, Moyua eraikuntza enpresa da Ekotraderen akziodun nagusia. Euskarazko egunkariak zabaldu duenez, enpresak Ziordian jazotakoa “gertaera puntual” bat izan zela adierazi du, gaineratuz, enpresarekin lotura zuzena ez duten profesionalek egiten dituztela garraio lanak. Berriak jaso duenez, “Ekotradek ez du garraiorako ibilgailu propiorik. Garraio zerbitzuak enpresatik kanpoko profesionalei kontratatzen zaizkie, eta haiek garraiatzen dituzte hondakinak”. Horregatik, enpresak gertatutakoarekin loturarik izatea ukatu du, “ez zuzenean, ez zeharka”. Berriak zabaldutakoaren arabera, aipatu enpresak, gertaera “erabat puntuala” izan dela gaineratu du, eta “dagokien agintariekin konpontzeko bidean” dagoela. 

Berriari Moyua enpresako arduradunek baieztatu diote euren arropa sorta bat Ziordiko pabiloian bota zutela. Enpresa horretatik Berriari adierazi diote hara eraman izatea “huts egite” baten ondorio izan zela. Arropa jasotzen duten elkarteek “gehiago erabiltzerik ez daukatenean” Vianako hondakindegira eramaten dutela azaldu diote Berriari. Kamioilaria nahastu zela ikusi zutenean, gertatutakoaren berri eman zion enpresak Nafarroako Gobernuari. Baina enpresak Berriari kamioikada bakarra eraman izana aitortu dio. 

Nafarroako Gobernua 
Foru administrazioko lehendakariorde eta bozeramaile Javier Remirezek azaldu duenez, Nafarroako  Gobernua eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean ari dira arropa tonen isurketaren jatorria zein den jakiteko. Ikerketa “aspaldi” zabalik dagoela eta bi administrazioak informazioa kontrastatzeko, jatorria zehazteko eta konponbidea argitzeko harremanetan daudela azaldu zuen Remirezek. 

Gurelur
Gertatutakoagatik naturaren babesaren aldeko Gurelur taldeak Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat erakundetan salaketak aurkeztu ditu. Munillak adierazi duenez, “gipuzkoarrek dagoeneko erabiltzen ez duten arropa birziklatzearen aldeko apustua egin dute. Baina herritarrek berrerabiltzeko ematen duten arropa guztia modu lizunean eta legez kanpo isurtzen ari da Gipuzkoako enpresa bat, dirudienez zerbitzu horren esleipenduna, isurketa tamalgarri horiek enpresa horretako kamioiek egiten baitituzte”.

Munillaren iritziz “legez kanpoko kudeaketa horrekin, aipatutako enpresa onura handiak lortzen ari da, herritarrek ematen duten arropa berrerabiltzen ariko balira bezala kobratzen ari baita. Jokabide mafioso horiek Italian gertatzen dira, non zaborraren kudeaketagatik ordaintzen ari diren, mundu guztiak dakienean hondakin horiek Ziordian isurtzen ari direnak bezala bukatzen dutela”. Halako gertaerek herritarren artean hondakinak “benetan birziklatzen diren” zalantza sortzen dutela nabarmen du . Ibarretik kanpo ekarritako arropa dela nabarmendu nahi izan du Martinezek. “Sakanan hondakinen kudeaketan gauzak ongi egiten ari gara eta justu horrelako isurketak hemen egitea…” 

Nafarroako Gobernuak “berehala ekin behar dio hondakin horiek kentzeari, eta ingurumen-eraso horren arduradunek izan ditzaketen administrazio- eta lege-erantzukizunak gauzatu behar ditu”. Gaineratu duenez, pabiloia “hondakinak isurtzeko erabiltzen ari dira ere, eta hondakinak bertan behera utzitako enpresan sortzen ziren hondakinekin estalita daude. Hori dela eta, oro har, eremu hori Nafarroako kutsatuenetakoa da, paisaiari dagokionez behintzat”.


Materia organikoko metak Aralur ondoan 2012an.

Kanpoko hondakinak
Arroparena ikusgarri bihurtu den arazo bat da. Baina Aralur zeneko pabiloiaren inguruan arazo gehiago daude. Irizarrek gogorarazi digunez, “aurretik ere bazeuden beste hondakin batzuk. Gure kudeaketa ez da bakarrik arropagatik izan, biengatik baizik. Aukera aprobetxatu nahi dugu lur eremu zabal hori guztia behingoz garbitu dezatela eskatzeko”. 2012ra jo behar da beste hondakin horien jatorriaren arrastoaren berri izateko. Aralur enpresa orduan zabalik zegoen eta lorategietarako lurra ekoizten zuen. 

Alkateak gogorarazi digunez, “2012an Nafarroako Gobernutik baimena lortu zuen hondakinen kudeatzailea izateko. 2012an bertan, hilabete gutxitara, bai udala bai Nafarroako Gobernua jabetu ziren ez zela hondakinen kudeaketa egoki bat egiten ari eta orduan, 2012an, enpresaren kontra zigor-espedienteak ireki ziren”. Hortik gutxira enpresak porrot egin zuen eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. “Horrek zer esan nahi du? Hori bihurtzen dela inorena eta guztiena. Ez dago jaberik”. Hartzekodunen konkurtsoan sartzean konkurtso-administratzailea izendatu zuten. “Baina benetako mintzakiderik ez dago ez guretako, ez Gurelurrendako, ez Nafarroako Gobernuarendako, ez Foruzaingoarendako, ez inorendako”. Kexu da alkatea. “Uzte-egoera horretan gertatzen da arroparena”. 

Lantegiaren hegoaldean eta mendebaldean materia organiko meta handiak daude pilatuta. 5.000 metro karratu inguruko azalera hartzen dute gutxi gorabehera. Toki batzuetan lau metroko altuera dute. Gipuzkoako atez ateko bilketarekin jasotako eta guztiz konpost bihurtu gabea zegoen materia organikoa tratatzeko ekartzen hasi zen 2012ko udaberri hasieran. Orduan ziordiarrak usainagatik kexatu ziren. Udalak Foruzaingoan salaketa jarri zuen eta, ondorioz, foruzainek ikuskapen-akta jasotzeko enpresa bisitatu zuten. Irizarrek azaldu digunez, “porrot egin zuen enpresak eta han utzi zuen pilatutako zabor guztia. Zabor hori guztia ez zuten esan bezala sekula kudeatu”.

Hondakin horien kontura, Ziordiko Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko elkarrizketak badaude aurreko legegintzalditik, eta segida duena. 2018ko garilean foru administrazioak eta Sakanako Mankomunitateak hitzarmena egin zuten eta 7.000 m3 hondakin Arbizuko hondakindegira eraman zituen, haren zati baten itxieran erabiltzeko. “Gelditzen denarekin zer gertatuko den oraindik ez dakigu. Egun hauetan nahikoa hitz politak entzuten ari gara”. Udalak Nafarroako Gobernuari hondakin horiek jasotzeko plana eskatu dio nork, noiz eta nola zehazten dituenak. “Zortzi urte daramate bertan, isuriak daude, ez oso urruti ibaia dago… Hondakinak hortik kanpo lehenbailehen ikusi nahi ditugu”. 


Aralurko pabiloiko teilatu eroria.

Segurtasuna
Lantegia erortzen ari da. Eta segurtasun arazo bat ere badago. Edozeinendako sarbidea dagoelako. Aralur enpresa martxan zela lantegia pabiloi berriarekin handitu zuen. Ziordiko Udalak hirigintza arloan egindako hainbat eskaera ez zituen bete enpresak eta udalak epaitegira jo zuen. 
2013 akaberan auzitegiak arrazoia eman zion pabiloia legez kanpokoa zela ebatzi zuen. Legeztatzeko araudira egokitu behar zuela zioen epaiak. 

Porrotaren ondoren, 2016ko neguan izandako elurte batek pabiloi berriaren teilatu erdia hondoratu zuen. 2017ko otsailaren 13ko haizeteek pabiloi hartako xaflak Iparraldeko Autobiaraino (A-1) eraman zituen eta Foruzaingoak kamioiendako trafikoa itxi behar izan zuen. Kezkaren kezkaz “haizete handiak zeuden gauetan aurreko legegintzaldiko udaleko kideek ez genuen ongi lo egiten, plaka batek istripua eragin zezakeelako”, aitortu digu Irizarrek.”Horren berri ere Foruzaingoan behin eta berriro eman genuen. Baina inorena ez den gauza bat inork ez du horren ardura hartzen”. Hegan egiten zuten plakak dagoeneko desagertu dira.