A13 ekimenak (A13) apirilaren 13rako Etxarri Aranatzen independentziari buruzko herri galdeketa antolatu du. Katalunian aurretik ere izan ziren halakoak eta herrialde hartako esperientzia ezagutarazteko asmoz, ekimenak hitzaldia antolatu du biharko.
A13k Kataluniako galdeketen esperientziaren berri emateko bi hizlari gonbidatu ditu biharko. Batetik, Anna Arqué da. Gaur egun Kataluniako Kontsultaren aldeko Koordinakunde Nazionalean Komunikazio eta Nazioarte batzordeetako arduraduna da. Bestetik, Josep Manel Ximenis, 2009ko irailaren 13an Areys de Munen eginiko independentziari buruzko Kataluniako lehen galdeketaren bultzatzaile eta koordinatzailea izan zena. Gainera, 2011tik 2013ra Areys de Munt herriko alkate izan zen. Kataluniako independentziari buruzko kontsultak bultzatzeko Koordinadora Nazionaleko lehendakaria ere bada.
Etxarriko galdeketa
Ekimenetik galdera hau erantzutea proposatuko diete etxarriarrei: nahi duzu Euskal Herria independente bateko herritarra izan? A13ko kideek galdeketaren aurkezpenean adierazi zutenez, ariketa demokratiko bat jarri nahi dute martxan, baina, ez hori bakarrik, herritarren arteko harremanak hobetzeko asmoa ere badute galdeketa horren bitartez: “Erabakitzeko eskubidea ariketa praktiko gisa, Etxarri Aranatzen, norberak bere iritzia eman dezan askatasun osoz nahi dugu”.