Galdera erantzunen zain

Guaixe 2014ko api. 11a, 08:10

Igandean Lizarragabengoan hainbatek aurretiko botoa eman zuten.
Independentziari buruzko herri galdeketa eginen da etzi.

A13 ekimenari izena ematen dion eguna, apirilaren 13a, bertan da. Etzi eginen da Etxarri Aranatzen herri galdeketa. Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? galdera luzatu die A13 ekimenak herritarrei. Etxarriarrek baiezkoarekin, ezezkoarekin edo boto txuriarekin erantzuteko aukera izanen dute. A13 ekimeneko Manu Gomezek esan duenez igandekoa “iritzi guztien topaleku” izanen da, joera ideologiko guztietako kideek euren iritzia emateko aukera izanen dute.

Galdeketako antolatzaileak herritarrak parte hartzera deitu dituzte, hori baita galdeketaren helburuetako bat parte hartzea bultzatzea. Bestea, eskubide demokratikoak bermatzea. Etzi boza emanez demokrazian sakontzeko aukera dela diote. "Herri honen etorkizuna herritarron esku dago. Gure herria iritzi ezberdinak dituen herritarrez osatua dago eta hortaz, iritzi guzti horien errespetuan oinarritua beharko luke gure herriaren etorkizunak", esan zuen  Adur Goikoetxeak, ekimenaren bultzatzaileen bozeramaleak, aurkezpenean.

Erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa ere izanen dela diote zeinetan irabazle bakarra Etxarriko herria izanen den. Galdeketa sinbolikoa da, ez loteslea. Baina Kataluniako ispiluan begiratuz gero, atzetik galdeketa bat baino gehiago etorriko dela aurreikus liteke. Etxarriarrek, beraz, bidea zabalduko dute.  

Araudia
16 urte dituzten etxarriar guztiek parte hartu dezakete herri galdeketan. Horretarako kiosko parean dagoen hautes-lokaletik pasa beharko dute, 9:00etatik 20:00etara. Nortasun agiria, pasaportea edo EHNA onartuko dituzte han. Dokumentua iraungia badago edota gaur egun jabea Etxarrin bizi dela adierazten ez badu, errolda agiria eraman beharko du.

Europar Batasunetik kanpo sortu direnek Bizileku-Txartelarekin aski izanen dute herri galdeketan parte hartzeko. Europar Batasuneko herrialderen batean sortu direnek, aldiz, koomunitateko erregistroko inskripzio egiaztagiria eta pasaportea edo nortasun agiria erakutsi beharko dituzte.

Errolda
Espainiako Zentsu Bulegoaren matxoaren bateko datuen arabera 1.951 etxarriar daude zentsatuta Europako hauteskundeetan izena emateko. Dagoeneko haietako 36ren botoak jasoak ditu A13ren ekimenez egindako herri galdeketak. Aldez aurretik boza emateko aukera baliatu duten pertsonak dira euren iritzia duen papera hautestontzian sartu dutenak. Horietatik 20 igandean Lizarragabengoan egin zen aurretiko boto jardunaldian jaso ziren.


Galdeketako ikuskariak
Araceli Markotegi. Etxarriarra. Abokatu laboralista jubilatua. Ikuskarien koordinatzailea.
Maider Goñi. Etxarriarra. Aurreko legealdiko alkatea.
Mario Zubiaga. EHUko politika irakaslea eta Euskal Nazionalismoari buruzko masterraren burua.
Josep Manel Ximenis. Kataluniako lehen herri galdeketaren, Arennys de Munt-ekoaren bultzatzaile eta koordinatzailea.
Anna Arqué. Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakunde nazionalean komunikazio eta nazioarte batzordeetako arduraduna.
Tatjana Zdanoka. Letoniakoa. Aliantza Libreko eurodiputatua.
Jan Van Esbroeck. Belgika. Parlamentu federalean diputatua-NVA.
Iñaki Irazabalbeitia. Aralarreko europarlamentaria.


200 pertsona
Horiek dira mahai elektorala, informatika, segurtasuna, aurretiko boto sekretua, komunikazioa, begiraleak eta ekitaldiak batzordeetan lanean izanen diren pertsonak.