Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan? Galdera erantzuteko aukera izanen da
Dena prest dugu apirilaren 13ko herri galdeketarako. Halaxe adierazi du gaur Manu Gomez Genuak A13 ekimenaren izenean. Jakinarazpenarekin batera etxarriarrak parte hartzera deitu ditu. A13 herri ekimeneko kidek azaldu dute egun hori “iritzi guztien topaleku” izanen dela, joera ideologiko guztietako kideek baiezkoarekin, ezezkoarekin edo boto txuriarekin aukera izanen dutelako euren iritzia emateko.
Apirilaren 13an botoa ematera joaterakoan zergati asko daudela nabarmendu dute. Esaterako, inor ez dela inor baino gehiago izanen. Herri galdeketa “demokrazian sakontzeko” aukera gisa planteatu dute, pertsonek botoa ematerakoan “herritarroi boterea ematen digulako”. Iritzia jakitea, errespetatzea eta ondoren egikarikatzea erabakitzeko eskubidearen ariketa praktikoa dela ere gaineratu dute.
Galdeketaren egunean irabazle bakarra herria izanen dela ziurtatu dute, “elkarren ezagutzan sakondu dugulako. Etxarri herri anitza, tolerantea, heldua, lasaia baina aktiboa izateaz harro gaudela erakutsiko dugu”. Gainera, galdeketa herritarrei dagozkien gaiak euren esku uzteko balio duela iritzi diote ekimenean.
Araudia
Deitu dituzten batzar eta bileretan zehaztu dute galdeketako araudia. Apirilaren 13an 16 urte dituzten etxarriar guztiek parte hartu ahalko dute herri galdeketan. Horretarako kale Nagusiko 14. zenbakian egonen den hautes-lokaletik pasa beharko dute, 9:00etatik 20:00etara. Iritzia ematerakoan nortasun agiria, pasaportea edo EHNA onartuko dituzte. Dokumentua iraungia badago edota gaur egun jabea Etxarrin bizi dela adierazten ez badu, errolda agiria eraman beharko du.
Europar Batasunetik kanpo sortu direnek Bizileku-Txartelarekin asko izanen dute herri galdeketan parte hartzeko. Europar Batasuneko herrialderen batean sortu direnek, aldiz, koomunitateko erregistroko inskripzio egiaztagiria eta pasaportea edo nortasun agiria erakutsi beharko dituzte.
Aldez aurretik botoa emateko aukera izanen da. Horretarako antolatzaileekin harremanetan jarri beharra dago 620 378 338 telefonora hots eginez edo 2014a13@gmail.com e-postaren bidez. Martxoaren 22tik 12ra arte aurretik eman ahalko da aurretiko botoa, bai etxean (antolakuntzako kide batek hautestontzia eramanen luke) edo hautes-lokalean. Jakina, botoa sekretua da.
Galdeketako ikuskariak
Araceli Markotegi. Etxarriarra. Abokatu laboralista jubilatua. Ikuskarien koordinatzailea.
Maider Goñi. Etxarriarra. Aurreko legealdiko alkatea.
Mario Zubiaga. EHUko politika irakaslea eta Euskal Nazionalismoari buruzko masterraren burua.
Josep Manel Ximenis. Kataluniako lehen herri galdeketako, Arennys de Munt-eko galdeketaren bultzatzaile eta koordinatzailea.
Anna Arqué. Kataluniako kontsultaren aldeko koordinakunde nazionalean komunikazio eta nazioarte batzordeetako arduraduna.
Tatjana Zdanoka. Letoniakoa. Aliantza Libreko eurodiputatua.
Boluntarioen beharra
A13 ekimenak herri galdeketa egin ahal izateko boluntarioak behar ditu hurrengo batzordeetan aritzeko: mahai elektorala, informatika, segurtasuna, aurretiko boto sekretua, komunikazioa, begiraleak eta ekitaldiak. Interesatuak 620 378 338 telefonora hots egin edo 2014a13@gmail.com e-postara jo.
A13ko egitaraua
Ostiralean, 20:30ean, plazan jarritako pantaila batean aurkeztuko dute ekimeneko kideek apirilaren 13rako egitaraua. Aurreratu dutenez, herri kirolak, kale animazioa, herri-bazkaria, kontzertua eta beste izanen dira.