Herri galdeketako aldez aurretiko botoa eman daiteke dagoeneko

Guaixe 2014ko mar. 27a, 16:35

Interesatuek 2014a13@gmail.com e-postara edo 620 378 338 telefonora jo dezakete

Herri galdeketako ikuskarien burua bertan zela, atzo arratsaldean lakratu zuten herri galdeketako aurretiko botoko hautestontzia. Lakratze horrekin A13 ekimeneko kideek hautestontzi hori dagokion unera arte ez dela zabalduko bermatu nahi dute. Berme hori hartuta A13ko ekimeneko bi boluntario gaurtik aurrera aldez aurretiko botoa jasotzeko prest daude.

Ekimeneko kide Manu Gomez Genuak azaldu digunez, aldez aurretik botoa emateko interesa duten herritarrek haiekin harremanetan jarri beharko dute. Ordua eta tokia hitzartu ondoren, ekimeneko kide bat azalduko da zitara. Aldean hautestontzia, bozka papera mordoa (bai, ez edo txuri), gutun-azalak eta erregistro liburua dituela.

Prozesua
Interesatuak bere burua identifikatzeko datua (EHNA, NA, gida baimena edo pasaportea) eta sinadura erregistro liburuan jasoko dira (apirilaren 13an guztia bukatu ondoren desegin eginen dira datu guztiak). Bozka-paper mordoaren artean nahi duena aukeratu eta gutun-azal batean sartu beharko du eta hori egin ondoren gutun-azal handiago batean sartu eta horixe da hautestontzian sartu beharko dena.

Kontsulta sinbolikoa bada ere, ongi egiten denaren berme guztiak nahi dituzte A13ko ekimenekoek. Gainera, ezin dutenez administrazioaren laguntzarik izan, galdeketa egunean kanpoan daudenak ezin izanen dute parte hartu, posta zerbitzua erabiltzean ez delako zuzeneko parte hartzea bermatzen.