Apirilak 13 (A13) herri ekimenak bigarren herri batzarra deitu du heldu den ostegunerako. Ekimenari izena ematen dion datarako independentziari buruzko herri galdeketa antolatzen ari dira eta sustatzaileek erabakiak herri batzarretan hartzea erabaki zuten. Aurreneko batzarrean galdeketaz azalpenak ematearekin batera, etxarriarrei luzatuko zaien galdera erabaki zuten: Nahi duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?
Gaur batzarrean, berriz, galdeketa prestatzeko arautegi orokorra adostu nahi da. Besteak beste, galdeketan parte hartzeko gutxieneko adina, aurretiko boto ematea… Batzarrera joaten diren guztien artean hartuko dira erabakiak, bozketarako boto sekretua erabiliz. A13 ekimenetik etxarriarrak batzarrean parte hartzera deitu dituzte.