Ostiralean Etxarri Aranazko Udalak osoko bilkura berezia egin zuen eta erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen instituzionala onartu zuen. Udalbatzak onartutako agirian adierazten da “erabakitzeko eskubidea herrien oinarrizko giza-eskubidea” dela, “besteak beste Nazio Batuen Gutunak eta Giza Eskubideen Aldeko Nazioarteko Itunak, 1966an onartuak”.
Udal hautetsien iritziz, “herri batek bere etorkizunari buruzko eztabaida baketsua egitea, eta etorkizunean zer izan nahi duen askatasunez erabakitzea, egin daitekeen ariketarik demokratikoena eta zintzoena da”. Gaur egun erabakitzeko eskubidea Europako hainbat lurraldetan gauzatzen ari direla nabarmendu ondoren, etxarriarrek ere “eskubide hori gure herrian gauzatu ahal izatea aldarrikatzen dugu, hori baita hemengo gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak eskatzen duena”. Apirilaren 13an 16 urtetik gorako etxarriar guztiak independentziari buruzko herri galdeketan parte hartzera animatuz bukatzen da adierazpena.
Topaketa instituzionala
Bilkura beraren ondoren udaletxean elkartu ziren egungo hautetsiak eta aurreko legealdietan udal ardurak izandako beste hainbat. Erabakitzeko eskubidearen aldeko topaketa instituzionala izan zen. Tartean ziren alkate izandako: Javier Mauleon, Moises Goldarazena, Manolo Ijurra, Fernando Flores, Iraitz Goñi eta Maider Goñi, baita gaur egungoa ere, Joxi Bakaikoa. Udalak aurretik onartutako adierazpen instituzionala euren sinadurekin berretsi zuten guztiek eta familia argazkia atera zuten.