Rural Kutxa txirrindulari taldearen bizkarrezurraz hitz egiterakoan, nahitaez aipatu behar ditugu Alberto Mazkiaran, Juanma Hernandez eta Floren Eskisabel. Albertok teknikari gisa dihardu, Juanma manager lanetan dabil eta Floren, bere aldetik, taldeko presidentea da. Hirurak sakandarrak eta txirrindularitza zale porrokatuak, besteak beste beren hastapenez eta taldearen bilakaeraz mintzatu zaizkigu.
1.- Zergatik sartu zineten txirrindularitzaren munduan?
Alberto Mazkiaran: Nire kasuan, aita eta anaia txirrindularitzaren mundutxoan buru belarri zeuden sartuta, eta horrek nigan eragin zuzena izan zuen. Bizikletan ibiltzen 8 urterekin hasi nintzen, eta hemengo taldeko kategoria guztietatik pasatu nintzen, eskoletatik afizionatuetaraino.
Juanma Hernandez: Ni 12 urterekin hasi nintzen. Olaztin ospatu zen lasterketa batean parte hartu nuen, eta maitemindu egin nintzen. Horrela, Florenek eta beste batzuek sortutako Burunda Txirrindulari Taldean izena ematea erabaki nuen. Pentsa, geroztik gaur egun arte txirrindularitzan sartuta egon naiz, eta hala jarraitzea espero dut.
Floren Eskisabel: Kirol honen munduan Burunda Txirrindulari Taldearen sorrerarekin batera sartu nintzen. Bi arrazoirengatik sartu nintzen proiektu honetan, eta oro har, txirrindularitzan: txirrindularitzarekiko zaletasuna betidanik izan dudalako eta, batez ere, garai hartan hemengo txirrindularitza bultzatuko zuen proiektu baten beharra zegoelako.
2.- Zein urrats eman dituzue gaur egungo postura iristeko?
F.E. : Burunda Txirrindulari Taldea sortu zenean, ea zuzendaritza lanetan aritu nahi nuen galdetu zidaten, eta nik, noski, baietz erantzun nuen. Hortaz, taldea sortu zenetik gaur arte proiektu honetan buru belarri sartuta ibili naiz.
J.H. : Ni taldeko kategoria guztietatik igaro nintzen, amateurretara iritsi arte. Behin amateurretan, eroriko gogor bat izan nuen,txirrindularitza utzi behar izan nuelarik. Orduan zuzendari lanetan hasi nintzen amateur taldean. Ondoren, talde profesionala sortu zenean, manager lanari ekin nion.
A.M. : Ni, amateurretan ibili ostean, denbora batez txirrindularitzatik aldendu nintzen, baina faltan botatzen nuenez , itzuli egin nintzen. Orain teknikari lanetan nabil, bizikletak atontzen, batzuetan zuzendari lanak egiten... Momentuan tokatzen dena egiten dut.
3.- Rural Kutxa taldea 1992an sortu zen, Burunda Txirrindulari Elkartearen eskutik, talde afizionatu lez. Hasiera horretan profesional mailara iritsiko zinetenik uste al zenuten?
J.H. : Ilusioa beti izan dugu, baina ez genuen lortzerik espero, benetan zaila delako. Garai hartan amets bat besterik ez zen guretzat.
F.E. : Hasieran gure helburua talde amateurraren biziraupena bermatzea zen. Profesionaletara iriste hori guretzat amets bat zen, baina momentu hartan ez zen hil ala bizikoa. Urteak joan ahala, ostera, talde profesional bat sortzea beharrezkoa zela ikusi genuen, horrelako talde bat ez izateak hemengo txirrindularien proiekzioa eteten baitzuen.
4.- 2010ean eman zenuten afizionatuetatik profesionaletarako jauzia. Nolakoa izan zen igarobide hori?
J.H. : Lehenik eta behin Rural Kutxarekin elkarrizketak izan genituen. Guk argi eta garbi esan genuen hutsune handi bat zegoela, afizionatu mailako txirrindulariek ez zutelako aukerarik urrats bat aurrera egiteko. Hemen maila handiko gazteak zeuden afizionatu mailan, baina ezin zuten aurrera egin, hori ahalbidetuko zuen talderik ez zegoelako. Behin gure argudioak entzunda, Rural Kutxak proiektuari babesa ematea erabaki zuen.
5.- Nola bizi izan zenuten zuek pertsonalki prozesu hori guztia?
F.E. : Izugarrizko ilusioarekin. Urte batzuk lehenago Kaikuren proiektuan ere inplikatuta egon ginen, baina hark ez zuen proiektu honek daukan bideragarritasun ekonomikorik; horregatik iraun zuen horren gutxi. Esan bezala, urte mordoa daramagu proiektu honen baitan, eta agian arrazoi horrexegatik baloratzen dugu hainbeste talde profesional bat edukitzea. Urte hauetan guztietan maila aparteko txirrindulariak pasa dira hemendik, adibidez, Jesus Etxeberria, Karlos Zelaia edo Cesar Amezgarai. Gaur egungo egiturarekin ziur asko profesionaletara iritsi izango ziren, baina ez zuten zorterik izan.
6.- Maila afizionatu eta profesionalaren artean dirudien bezain alde handia al dago?
A.M. : Bai, aldea nabarmena da. Espainiako txirrindulariei erreparatzen badiegu, profesionaletan dauden bosgarren urtean edo hasten dira nabarmentzen. Kanpoko txirrindulariak, ordea, puntako mailara lehenago iristen dira. Hori dela eta, Espainiako txirrindulariak profesionaletara igarotzen direnean aldaketa handia sumatzen dute maila aldetik. Egokitze prozesua ez da erraza izaten, baina urteak joan ahala hemengo txirrindulariek gorako joera izaten dute, kanpoko txirrindularien maila bere horretan mantentzen den bitartean. Hortaz landa, kilometrajeak, prestakuntza, probak, korritzeko moduak... oso desberdinak dira kategoria batetik bestera.
7.- Talde profesionala sortuagatik ere, talde afizionatuak bere horretan darrai, emaitza politak lortuz gainera. Nolakoa da aldi berean bi talde kudeatzeko lana?
J.H. : Garbi dago lan handia suposatzen digula. Ordu luzeak ematen ditugu egutegiak prestatzen, jendea antolatzen, babesleak bilatzen... Aurrekontuak koadratzea ez da lan erreza, eta horretarako beharrezkoa da babesleen laguntza bilatzea. Egunerokotasuna talde amateurrean eramangarriagoa da, probak soilik asteburuetan izaten direlako. Haatik, talde profesionalean egunerokotasuna ez da horren erraza, bidaiak eta beste gauza asko planifikatu behar direlako.
8.- Kontinental mailan urte bakarra eman zenuten, 2011an Kontinental Pro mailara igo zinetelako. Zergatik eman zen horren bilakaera azkarra?
F.E. : Kontinental mailara iristean ikusi genuen egutegia murriztuegia zela. Maila honetan soilik 27 lasterketa daude hemengo talde batentzat, eta hori, gure iritziz, gutxiegi da. Ikusten genuen kategoria honetan geldituta ez genuela aurrera egingo, horren proba gutxi korrituta ia hobe baita afizionatu mailan gelditzea. Gainera, Kontinental mailan bidai eta desplazamenduen gastu guztiak taldeak berak ordaindu behar ditu, eta momenturen batean gerta daiteke hori bideragarria ez izatea.
9.- World Tourrera iristeko esperantzarik?
J.H. : Nahiko genuke bai! Epe motzean badakigu ezinezkoa izango dela, baina 2017an txirrindularitza profesionalak aldaketa sakonak izango ditu. Aldaketa horiekin World Tour mailan 24 talde izanen dira, eta dena ongi badoa, multzo horretan sartzen saiatuko gara.
10.- Hasiera hasieratik harrobiari garrantzi handia eman diozuen arren, azken urteetan tropelean ezagunak diren txirrindulariak fitxatu dituzue, adibidez, Luis Leon Sanchez edo Amets Txurruka. Harrobiak zuen proiektuaren ardatza izaten jarraitzen al du?
J.H : Bai, beti izan da eta hala izaten jarraituko du. Guk beti emango diegu lehentasuna hemengo txirrindulariei. Tamalez, txirrindularitza asko ari da irekitzen, eta hemen profesionaletan ibiltzeko maila duen geroz eta jende gutxiago dago. Guri beti gustatu izan zaigu zonalde honetako txirrindulariekin ibiltzea, baina jubeniletan jada ikusten da hemengo txirrindulari geroz eta gutxiago dagoela. Guk harrobiarekiko apustua egiten jarraituko dugu, eta noizbait talde profesionala desagertzen bada talde amateurrak hor jarraituko du.
A.M. : Nik korritzen nuenean, taldeko kide guztiak hemengoak ginen. Gauzak, ordea aldatu egin dira, eta hemengo txirrindulari nahikoa ez dagoenez kanpoko jendea ekarri behar da taldea konfiguratu ahal izateko.
F.E. : Gainera, kontuan hartu behar da txirrindulariak talde amateurretik talde profesionalera igotzeko talde amateurrak maila ikaragarria izan behar duela, eta hori lortzea ez da lan erraza, batez ere amateurrean soilik zonalde honetako jendea badaukazu.
11.- Euskaltel-Euskadi taldearen desagerpenarekin, badirudi euskal txirrindularitza umezurtz geratu dela. Lekuko hori, akaso, zuek har dezakezue...
J.H. : Euskaltelek lortu duena lortzea oso zaila da. Profesionaletan urte asko eman ditu, eta Euskadirentzat erreferentzia bat izan da. Hala ere, uste dut gure taldeak zaleengandik babes handia jasotzen duela, beraz, ezin gaitezke kexatu.
A.M. : Gauza da Euskaltel Tourrean ibili dela, etapa garaipenak lortzen gainera. Hori guretzat pentsaezina den zerbait da. Hortaz, hobe dugu gure burua Euskaltelekin ez konparatzea.
J.H. : Guk, gainera, ez dugu haiek izan zuten laguntzarik izan, instituzioen aldetik bederen. 6 milioitik gorako aurrekontua zuten, horren %80a instituzio publikoek jartzen zutelarik. Gu, ordea, txirrindularitzan interesatuta dauden enpresa pribatu eta babesleak bilatzen aritu behar gara.
12.- Begirada atzera botatzen baduzue, zein da taldean bizi izan duzuen momenturik bereziena?
F.E. : Oso urrutira joanda, niretzat Santi Crespo-k Bagorrizen lortu zuen garaipena. Nire oroimenean leku berezia dauka.
J.H. : Niretzat Estafetan txirrindularien atzetik autoarekin joatea. Ileak tente jarri zitzaizkidan. Momentuan nuen emozioarekin uste nuen erlojupekoan lehenengo edo geratu ginela, nahiz eta gero azkenak izan.
A.M. : Nik ez daramatzat hainbeste urte taldean, baina momentu oso politak ere bizi ditut. Bereziki oroitzen dut Espainiako Kopa irabazi genuenekoa. Izan ere, taldeak txapelketa hau irabazten zuen lehen aldia zen.
13.- Abuztuaren 27an hasten da Espainiako Itzulia, urtean zehar korritzen dituzuen lasterketen artean garrantzitsuena. Nola prestatzen da horrelako itzuli handi bat?
J.H. : Prestakuntza itzulia baino hilabete bat lehenago hasten da, altuerako entrenamenduekin. Ondoren, Ordizia eta Getxoko probak korritzen dituzte, gero berriz ere altuerako entrenamenduetara bueltatzeko. Hala ere, gure helburu nagusia izanda, Espainiako Itzulia denboraldi hasieratik dugu jomugan. Horrela, egutegia prestatzerakoan ez ditugu lasterketa egun gehiegi zehazten, txirrindulariak proba honetara freskoago iristeko.
14.- Zein da zuen helburua aurtengo edizioan?
A.M. : Lehenik eta behin, ahalik eta ihesaldi gehienetan sartzea. Behin hori eginda, etaparen bat irabazten saiatuko gara. Horretarako jendea badugu, eta gainera motibazioz gainezka daude. Ez da erraza izanen, aurtengo edizioak maila oso handia izango duelako, baino saiatu behintzat saiatuko gara. Etapa bat irabazita, denboraldia eginda izanen genuke!
15.- Ziurrenik Aralarren bukatzen den etapa gorriz markatuta izanen duzue...
F.E. : Noski. Oso zaila izango da, etapa oso gogorra delako, baina nork daki... Zeinek esanen zuen Covadongako Lakuetan irabaziko genuenik? Eta azkenean begira. Gainera etxean korritzeak eta zaletuak alde edukitzeak asko egiten du. Egun oso polita izango da, eta espero dugu hemengo jendeak goi mailako txirrindularitzaz gozatzea.