Irailaren 3an, asteazkenarekin, Espainiako Vueltako 11. etapa (151 km) Sakanan sartuko da. Lizarragako portutik helduko da Sakanara, eta Etxarri, Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasa ondoren, Uharte Arakilgo baso-pistatik igota Aralarko San Migel santutegian despedituko da.
Etapa nola izan daitekeen jakiteko, Euskaltel taldeko txirrindulariak izandako Egoi Martinez, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza txirrindulariekin bildu ginen Beleixe irratian (107.3 FM). Gorka Verdugok ez zuen egoterik izan. Vueltaz aritzeaz gain, egun egiten dutenaz eta beste hitz egiteko aukera izan genuen elkarrizketa ederrean. Elkarrizketa www.guaixe.net web gunean dago zintzilikatuta.
-Irailaren 3an Vueltako 11. etapa Sakanara helduko da. Lizarragako portua jaitsita, Uharte Arakilgo pistatik San Migel santutegira igo eta han despedituko da etapa. Nolako etapa da? Garrantzitsua?
Egoi: Espainiako Vueltak azken urteotan erabaki du ia egunero zerbait egotea baina etapak ez izatea bereziki gogor-gogorrak. Hau beste adibide bat da. Txirrindulari profesional batendako ez da etapa gogorra. Nik esanen nuke, azken zatira arte nahiko erraza dela. Baina, gero, bukaera bortitza du. Bilatzen dute tentsio bat egotea portua baino lehen eta portuan gauzak gertatzea. Hau da, Vuelta guztia emozionantea izatea. San Migel aurreko egunean erlojupekoa dago eta osteko etapetan beti gertatzen da zerbait. Erlojupekoan liderrek dena ematen dute eta hurrengo egunetan hankak ez daude hain ongi. Hortaz, zerbait gerta daiteke eta ikusiko dugu.
Baina sailkapen orokorrean min asko egiteko moduko etapa da?
Egoi: Inoiz ez dakigu. Portua gauzak gertatzeko modukoa da. Oso hasiera bortitza du, eta pentsatzekoa da oso azkar igoko direla hasieratik. Etapako lehen zatia erraza denez, gregarioak San Migel portuko hasierako partera indartsu iritsiko dira eta uste dut azkar eginen dutela. Gogorra da eta gauzak gerta daitezke, baina ikusten ari gara egun halako etapa motzetan ez direla halako diferentzia handiak egiten. Hori uste dut.
Vueltan, egunero etapa hauetan 30 segundo eta minutu bateko aldean egongo dira liderrak. Egunero aurrean egoten den horrek, segundoak pilatzen dituenak, irabaziko du Vuelta. Eguneroko tartetxo horiek erabakiko dute.
Jorge: Iritzi berekoa naiz. San Migelgoa ez da oso etapa gogorra berez, baina azken portua bai. Aurretik portu gehiago baleude, San Migelek diferentzia handiagoak eginen lituzke, baina portura batera heltzen badira, helduko diren moduan, 30 segundo eta 1 minutu tarteko aldea egongo da faboritoen artean eta hor egongo da gakoa. Gerta liteke ere ihesaldi bat egotea eta beraiek borrokatzea etapa eta atzean zalaparta egotea. Gakoa San Migeleko igoera da.
Pablo: Ados nago. Etapa motza da, irteera agian urduria, Noain eta Tafalla aldean airea badago behintzat. Baina uste dut San Migelera batera iritsiko direla txirrindulariak eta ez direla diferentzia handiak egongo. Egunero 20-30 segundo horiek biltzen dituenak irabaziko du Vuelta eta egun ona daukanak horretan saiatu beharko du, segundo batzuk irabazten. Buelta ez da egun batean irabaziko, egunero gehitzen duenak irabaziko du.
Lehen mailako portua izendatu dute San Migel. Ados izendapenarekin?
Guztiak: Bai.
Jorge: Portu gogorra da. Batezbeste %18ko graduko aldapa duten portu asko ez daude hemendik. Euskal Herri osoan holakoak baino gogorragoak Pirinioetan daude soilik. Honekin eta Asturiaseko etapekin amaiera hauek erabakiorrak izango dira.
Nola dago Uharteko portuko asfaltoa?
Jorge: Oso gaizki. Igotzeko denez, bueno, baina jaisteko balitz, oso arriskutsua litzateke. Errepidea ez dago ondo baina igo daiteke. Asfalto horrek gogorrago egiten du igoera.
Zirrikitu handi horietan gurpila sartuz gero…
Jorge: Halakoak konpondu beharko lituzkete. Partxeoren bat beharko litzateke. Ez da berdin zu bakarrik joatea eta lurra ikusten joatea edo tropela elkarrekin egotea, kotxeak eta beste… hor ez duzu zorua ere ikusten. Espero ezer ez gertatzea baino gerta liteke.
Non jarriko zinateke etapa ikustera?
Jorge: San Migelen eta nahiko goian. Etapa ahalik eta mugituen dagoen tokian jartzea da onena. Ni helmugarako 3 kilometroren faltan edo.
Pablo: Ni hor ere, la huesera deitzen duten horretan. Tarte oso gogorra da eta tarte handia dago txirrindulariak urrutitik ikusteko.
Egoi: Ni jende gutxi dagoen tokian. Nik beherago, zuek joan zaitezte gora (kar kar).
San Migelgo etapa ikustera jende asko etorriko da?
Pablo: Vueltak azkenaldian jarri dituen etapekin, etapa laburrak baina urduriak, ikuskizuna ematen da eta azken urte hauetan jende asko mugitzen ari da. Vuelta gora doala uste dut, asmatu dutela espektakulu horrekin. Egunero pasatzen zen zerbait. Contador, Purito eta Valverderen lehiak oso politak izan dira eta jendeak oso gustuko du eta uste dut jendea etorriko dela.
Oraindik falta da, baino Vueltarako nor ikusten duzue faborito?
Egoi: Ikusiko da zeintzuk etortzen diren baina pentsatzen direnak etortzen badira uste dut oso maila handia egongo dela eta Nairo Quintana, Joaquim “Purito” Rodriguez eta Froomen artean oso lehia polita ikusi dezakegula.
Pablo: Vueltak erakutsi digu azken urtetan denbora gutxian erabakitzen dela. Faborito nagusia agian ez nuen jarriko, baina Purito, Quintana, Froome… lauzpabost txirrindulari daude edozeinek irabazi dezakeena.
Bi aste lehenago Burunda klubak antolatutako Sakana Burunda martxa jokatuko da, tartean Uharteko pistatik Aralarrera igoko dena. Vueltaren giro honek jende gehiago animatuko du bertan parte hartzera? Zuek animatuko zarete?
Egoi: Igual eragina izan dezake, bai. Nik martxak egiten ditut eta eginen nuke, baina data horretan kanpoan nago.
Jorge: Ni ez nago hori egiteko, ezta lehenengo arranpa ez nuen igoko oraintxe.
Pablo: Agian nire kabuz bai, orain bi aste igo genuen Aralar Lekunberri aldetik. baina martxa batean jende askorekin, ez naiz ikusten.
Vuelta jende askok jarraitzen du telebistaz. San Migelgo etapak Sakana gehiago ezagutaraziko du?
Jorge: Telebistan ikusten duzuna erakargarria da, eta irudiak ongi ematen badituzte eta eguraldia ona ateratzen bada, gerta liteke. Baina gaurkoa (asteartea, euritan) bezalako eguna ateratzen bada… ez da ongi ikusiko.
Egoi, Pablo eta Jorge gaur egun
Oraindik ez da urte bete pasa Euskaltel desagertu zela eta bertan zebiltzan lau txirrindulari sakandarrek ez dute tropelean tokirik aurkitu. Egoi Martinezek txirrindularitza utziko duela adierazi zuen orduan eta Jorge Azanzak ere bizikleta zintzilikatu du. Pablo Urtasunek entrenatzen jarraitzen du, formari eusteko, hurrengo urtean taldea aurkituko ote duen itxaropenari ez baitizkio ateak itxi nahi. Eta antzeko egoeran dago Gorka Verdugo.
Pablo, Egoi eta Gorkak entrenatzen jarraitzen dute. “Urte asko izan dira maila altuan kirola egiten, eta bat batean uztea ez da gauza ona. Zerbait egitea behar dut, energia asko dut eta ez badut ateratzen arrisku handia dut” dio Egoik. Jorge ez dabil txirrindulan gehiegi. “Orain ez dauzkat gogo asko. Taldearen desagerpena bat bateko kontua izan eta pixkat erreta atera nintzen. Gogorra egiten zait janztea, prestatzea… Mendi lasterketetan eta korrika ibili nahiz aurten baina utzi dut. Bizikleta munduarekin harremanetan nago eta gustatuko litzaidake beste modu batean jarraitzea, baina uda lasai hartzea eta disfrutatzea erabaki dut. Aspalditik gogoa nuen eta aurten posible dudanez, deskonektatuko dut” dio Ziordian bizi den altsasuarrak.
Aldiz, entrenatzen jarraitzen du Pablok, Gorka Verdugorekin sarritan. “Taldea desagertzea ezustekoa izan zen denendako. Azkar joan ziren gauzak eta asko aldatzen da egoera txirrindularitza nahita edo behartuta uzten baduzu. Aldaketa hori zailagoa izan da gehienok ez genuelako txirrindularitza utzi nahi. Niri jarraitzeko aukera eman zidaten PinoRoad taldean, baina gero ez zen egitasmoa aurrera atera. Oraindik ez dut argi etorkizunak nondik jarraituko duen eta momentuz ia egunero ateratzen naiz entrenatzera, formari eutsi nahian. Hurrengo urtean jarraitzea gustatuko litzateke baina badakit urte bat lehiatzen ibili gabe zaila izango dela. Talde gutxi daude… baina esperantzarako beti dago tartea eta ikusiko dugu” azaldu digu urdiaindarrak.
Talde berriak sortuko ote diren zurrumurruak zabaltzen dira urtero, baina egungo egoera ez da oso ona. “Ni hasi nintzenean 10 talde zeuden Espainian lehenengo bi mailetan eta egun bi talde, Movistar eta Caja Rural. Egoerak esaten du txarrera goazela eta geroz eta talde gutxiago eta lasterketa gutxiago daudela” adierazi du Pablok.
Tourra Nibalik irabazi du eta hiru txirrindulariak ados daude siziliarra jaun eta jabe izan dela esaterakoan. Contador, Valverde eta Puritoren atzetik erreleboa ez dagoela diote Estatuko medio askok. “Ikusi beharko da. Txirrindulari onak daude, igual ez itzuli handietarako oraingoz: Izagirretarrak, Intxausti, Castroviejo… ikusi beharko dira epe ertain-laburrean zer egiteko gai diren. Gauza politak egin dituzte eta hor egongo dira gerra ematen. Pazientzia izan behar da, ea behetik txirrindulari gehiago ateratzen diren. Baina Contador, Indurain eta halako txirrindulariak bezalakoak oso gutxi daude” dio Jorge Azanzak.
Euskaltelen desagerpenak eragin zuzena izan du Tourrean. Pirinioetan ez zegoen marea laranja eta euskal zale gutxiago bildu ziren. “Pirinioetako zale gehienak euskaldunak ziren. Laranja kolorea sumatzen zen baina ez hainbeste, ezta heren bat ere eta jende kopurua ere asko jaitsi da. Aurten nahi zenuen tokian kokatzeko ez zen aparteko arazorik. Iaz edo duela 2 urte oso zaila zen tokia topatzea 2 egun lehenago joaten ez bazinen. Jaitsiera hori sumatu da eta espero dugu txirrindulari gazte hauek puntan daudenean berriz berpiztea” gehitu du Azanzak. Izan ere, talde batek gehiago batzen du. “Ez da berdin hemengo 5 txirrindulari talde ezberdinetan egotea edo hemengo talde bat egotea. Zale euskaldunek Euskaltel animatzen zuten Jorge, Egoi, Gorka edo Pablo baino gehiago” diote.
Sakana entrenatzeko toki paregabea dela diote txirrindulari sakandarrek. “Nire ustez Euskal Herriko lekurik aproposena da hau entrenatzeko, bai errepideengatik eta baita terrenoarengatik. Nahi duzuna duzu: laua, mendatea, luzeagoa, motzagoa… eta trafiko gutxi. Klima da alde negatibo bakarra” diote.
Txirrindulari zirenean hemendik hara zebiltzan beti, eta orain bizimodu sedentarioa daramate. “Kostatzen da. Nire bizitzak egunero zentzu bat zuen: gaur hau egin behar dut, larunbatean maleta egin, igandean banoa… beti neukan zerbait buruan. Egun esnatzen naiz eta batzutan esaten dut: gaur zer? Gaur ezer. Aldaketa handia da eta batzutan kostatzen zait. Oraingo lasaitasuna ongi etortzen zait, baina beste batzutan mugimendua behar dut eta nire historiak eta erronkak bilatzen ditut. Txirrindularitzarekin asko sufritzen duzu baina zuretzat bizi zara. Egin behar nuena egiten nuen egunero eta inork ez zidan ezer esaten. Egun, ez. Beste lasaitasun asko dituzu eta disfrutatzen ditut ere. Gauzarik politena da emaztea eta haurrak askoz hobe ikusten ditudala, eta aldaketa hau errazten laguntzen nau honek. Ohartzen naiz lehenengora bueltatu beharko banintz gaizki pasatuko nuela. Hala ere, egia da gauza berriak sartu behar ditula nire bizitzan. Baina aurten lasaitasuna behar dut” azaltzen du Egoik.
Tourra da txirrindularitzako errege. “Batetik gehien gustatzen zaidan lasaterketa da eta, bestetik, okerren pasatzen dudana: urduritasun asko, erorikoak, zure burua erakustea oso zaila da… Baina horri esker munduko lasterketarik inportanteena da eta hori gustatzen zaizu” dio Pablok. Aldiz, Jorgeri gehien gustatzen zaion proba Giroa da. “Tourra ere bai, baina ezberdina da. Tentsio handia dago eta dena egiten zen zaila. Baina gauzak ongi joanda Tourra eskaparaterik hoberena da. Ikusteko igual politena Tourra da, Tourreko giro hori Giroan bakarrik mendiko etapetan dagoelako. Baina mendiko etapetan Giroa oso polita da eta ibilbideak niri ere Girokoak gehiago gustatzen zitzaizkidan” azaldu du Jorgek. Egoik, aldiz, ez du zalantzarik. “Niretzat onena, dudarik gabe, Tourra da. Ezberdina da. Besteak ere egin ditut. Giroak paisajea eta portuak ditu bere alde, oso politak dira. Baina ikuskizun bezala, duen erreperkusio bezala eta zirko bezala Tourra ezberdina da. Askotan gertatu izan zait txirrindularitzaz ez dakien jendearekin egon eta galdetzea: zertaz bizi zara? Txirrindularitzaz. Eta hortaz bizi zaitezke? Bai. Tourra korritzen duzu? Bai. Ah, orduan bai… Askorendako Tourra lasterketarik ia bakarra da” azpimarratu du Egoik.
Hartzen duten bidea hartzen dutela, zorte onena opa diegu.