Vuelta Sakanan

Bihar La Vueltak bisitatuko gaitu

Guaixe 2014ko ira. 2a, 11:02

Txirrindulariak Aralar igotzen

Irailaren 3an, asteazkenarekin, Espainiako Vueltako 11. etapak Iruñea eta Arakilgo San Migel santutegia lotuko ditu

Puntako txirrindulariak gertu ikusteko aukera izango dugu Sakanan. Irailaren 3an, asteazkenarekin, Espainiako Vueltako 11. etapa (151 km) Sakanan sartuko da.

Etapa Iruñean hasiko da, eta Noain, Tafalla eta Lizarra pasa eta gero, Lizarragako portutik iritsiko dira Sakanara txirrindulariak. Lizarragako gainean 16:40ak inguruan, Lizarragan 16:53an eta Etxarri Aranazko errotondan 16:59an inguruan sartuko dira. Hortik Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasako dituzte, eta Uharte Arakilen, Zamartze parean, Uharteko pista igotzeari ekingo diote, Aralarko santutegira (1.200 metro) heltzeko. Aurreko egunean 34 km-ko erlojupea egitetik datoz txirrindulariak, eta faboritoek kronoan dena ematen dutenez, ondoko egunak mugituak izaten dira, arerioen ahultasuna bilatu nahian baitabiltza txirrindulariak. Hortaz, etapa mugitua espero da. Gainera, ez dugu ahaztu behar, 2. mailako Lizarragako portua eta lehen mailako San Migeleko portua igo behar dituztela. San Migel gainean erasoak egongo direla espero da.

Etapa nola izan daitekeen jakiteko, Euskaltel taldeko txirrindulariak izandako Egoi Martinez, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza txirrindulariekin bildu ginen Beleixe irratian (107.3 FM). Gorka Verdugok ez zuen egoterik izan. Vueltaz aritzeaz gain, egun egiten dutenaz eta beste hitz egiteko aukera izan genuen elkarrizketa ederrean. Elkarrizketa www.guaixe.net web gunean dago zintzilikatuta.

www.lavuelta.com
Espainiako Vueltako informazio guztia, etapak, mapak, ordutegiak eta beste.