Puntako txirrindulariak gertu ikusteko aukera izango dugu gaur Sakanan. Izan ere, gaur, asteazkenarekin, Espainiako Vueltako 11. etapa (151 km) Sakanan sartuko da.
Etapa Iruñean hasiko da, 13:15ean, Iruñeko Gaztelu plazan, eta Noain, Tafalla eta Lizarra pasa eta gero, Lizarragako portutik iritsiko dira Sakanara txirrindulariak. Lizarragako gainean 16:40ak inguruan, Lizarragan 16:53an eta Etxarri Aranazko errotondan 16:59an inguruan sartuko dira. Hortik Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasako dituzte, eta Uharte Arakilen, Zamartze parean, Uharteko pista igotzeari ekingo diote, Aralarko santutegira (1.200 metro) 17:30ak inguruan heltzeko. Etapa ikusgarria izango da, Aralarko igoera gogorra baita oso. Gainera, atzoko erlojupekoak bazterrak astindu zituen tropelean eta Contador lider dela hasiko da gaurko etapa. Arerioek, madrildarra estutzeko gaurko eguna aprobetxatu beharko dute. Ikuskizuna, beraz, puri-purian egongo da San Migeleko aldapetan.
Contadorrek lidergoa kendu dio Quintanari
Atzo 36,7 km-ko erlojupekoa jokatu zen Zaragozan, Santa Maria de Veruela monasteriotik Borjara. Sailkapenean mugimendua espero zen eta hala gertatu zen. Tony Martinek (Omega Pharma) irabazi zuen (47:02), Rigoberto Uran taldekideari 15 segundo eta Trek Factoryko Fabian Cancellarari 18 segundo aterata.
Alberto Contador (Tinkoff-Saxo) laugarrena sailkatu zen, 39 segundora, eta etapako protagonista bilakatu zen, lidergoa kendu baitzion Movistarreko Nairo Quintanari. Quintanak eroriko latza izan zuen Moncayo jaisten ari zela. Bi minutu latzen ostean altxatzea lortu zuen eta erlojupekoa bukatzea. Vuelta irabazteko aukera ia guztiak agortu zaizkio kolonbiarrari. Aldiz, Quintanaren taldekide Alejandro Valverde fin ibili zen erlojupekoan, 8.a sailkatu zen, minutu batera, eta Vuelta irabazteko hautagai nagusi izaten jarraitzen du. Froomek etzuen erlojupeko ona egin eta nahikoa denbora galdu zuen.
Egun, Contador da lider eta Vuelta irabazteko hautagai nagusiena, 27 segundora Alejandro Valverde, 59 segundora Rigoberto Uran eta 1:12ra Winner Anacona dituela. Froome 5.a da, 1:18ra, Purito Rodriguez 6.a, 1:37ra eta Samuel Sanchez 7.a, 1:41era. Erlojupeko bikaina egin zuen ere Euskalteleko lider izan zenak, 5.a sailkatu baitzen, 48 segundora. Quintanaren aukerek izugarri egin dute behera eta 11.a da, 3:25era. Movistar taldeko zuzendari Jose Luis Arrieta uhartearrak, hortaz, sentsazio gazi-gozoak izango ditu. Gaziagoak agian, Quintanaren erorikoak goian egoteko aukerak kendu dizkiolako kolonbiarrari, baina gozoak baita ere, Valverdek eutsi diolako eta bere aukerak dituelako. Jaioterrira panorama horrekin iritsiko da uhartearra. Bestalde, bere taldeko Imanol Erbiti hiriberriarra atzoko erlojupekoan 68.a izan zen, 3:46ra, eta sailkapen orokorrean 101.a, 54:54ra.
Gogoratu behar dugu ere Sakanatik sortutako Rural Kutxa-Seguros RGA taldea lan ederra egiten ari dela Vueltan.
Portuak erabakiko du etapa
Hori uste dute aditu guztiek. Guaixe Euskalteleko txirrindulari ohi Pablo Urtasun, Egoi Martinez eta Jorge Azanzarekin bildu zen eta euren iritziz, hasierako tartea ez da oso gogorra izango. “Etaparen lehen zatia nahiko erraza du baina bukaera bortitza. Portuan gauzak gertatzea da etapak bilatzen duena. Ziurrenik txirrindulari guztiak batera helduko dira Uharteko pistara. Gregarioak portuko hasierako partera indartsu iritsiko dira eta uste dut azkar eginen dutela. Portua gauzak gertatzeko modukoa da eta erasoak egongo dira, baina ez dut uste diferentzia handiegirik egingo direla faboritoen artean” adierazi zuen Egoi Martinezek. Jorge Azanzak gaineratu zuen San Migelekoa portu gogorra dela. “Batezbeste %18ko graduko aldapa duten portu asko ez daude hemendik. Euskal herri osoan holakoak baino gogorragoak Pirinioetan daude soilik” gaineratu zuen.
Hortaz, kirol ikuskizun handia espero da. Valverde eta Contador duela hilabete batzuk egon ziren San Migelgo etapa ikuskatzen, eta abuztuaren 19an Nairo Quintana izan zen bertara gerturatu zena. Imanol Erbiti, Pablo Urtasun eta beste txirrindulari batzuekin egin zuen igoera. Txirrindulariak San Migelera etapa ikuskatzera gerturatu badira, inportantea denaren seinale. Ea zer uzten duen gaurko etapak.
Txirrindulari sakandarrak faltan botako ditugu
Gurean txirrindulazale asko dago eta euren presentzia eta ikurrak izugarri nabarmenduko dira gaur. Baina marea laranja faltan botako dugu. Euskaltel taldearen falta izugarri nabarituko dugu, bertan 4 txirrindulari sakandar ibiltzen baitziren: Pablo Urtasun, Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Jorge Azanza. Beraiek San Migelen gora ikustea nahiko genuke denok. Ziurrenik gaur Aralarrera hurbilduko direla, baina ikusle moduan.
Guajardo esatari lanetan
Juan Mari Guajardo speaker altsasuarra da gaur Vueltan lanean ariko den beste bat, bere arreba Monica alboan duela. Etaparen kontakizuna egingo du altsasuarrak, sari ematea eta giroa berotzeaz aparte. Jaioterrian aritzeak ilusio handia egingo dio Guajardori.
Iruñea-Aralarko San Migel etapako ordutegia (153,4 km)
Iruñeko Gaztelu plaza (13:15), Noain (13:39), Tafalla (14:26), Olite (14:57), Lizarra (16:02), Lizarragako Portua (16:40), Lizarraga (16:53), Etxarri Aranatz (16:59), Arbizu (17:03), Uharte Arakil (17:10), Aralarko San Migel (17:29).