Vuelta Sakanan

Vuelta dela eta, asteartean itxiko dituzte Aralarko San Migelerako bi errepideak

Guaixe 2014ko ira. 1a, 11:16

Pitzadura handienak zigilatzen aritu dira azken egunetan.

Uharteko pistaren egoera tamalgarria salatu zuen Uharteko Udalak eta zerbait gertatuz gero, probaren antolatzaile Unipublic eta Nafarroako Gobernua egin zituen arduradun. Ondoren, Nafarroako Gobernuak pitzadura handienetako batzuk porlanez estali ditu

Bi egun eskas falta dira Espainiako Vuelta Sakanara heltzeko. Egun Movistarreko Nairo Quintana lider duen proba asteazkenean iritsiko da gurera, etapa ederrarekin. Etapa Iruñean hasiko da, 13:15ean, Gaztelu Plazan, eta Noain, Tafalla eta Lizarra pasa eta gero, Lizarragako portutik iritsiko dira Sakanara txirrindulariak. Lizarragako gainean 16:40ak inguruan, Lizarragan 16:53an eta Etxarri Aranazko errotondan 16:59an inguruan sartuko dira. Hortik, Arbizu, Lakuntza eta Arruazu pasako dituzte, eta Uharte Arakilen, Zamartze parean, Uharteko pista gogorra igotzeari ekingo diote, Aralarko santutegira (1.200 metro) heltzeko. Tropela baino ordu bat lehenago publizitate karabana pasako da. Etapa ederra izango da, hasieran lasaia baina santutegira igotzean izugarri gogortuko dena.

Vueltako etapa jarraitzera jende asko hurbilduko dela aurreikusten da. Eguraldi bikaina iragarri dute eta horrek are gehiago animatuko ditu jarraitzaileak. Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, Aralarko Santutegira heltzeko bi errepideak asteartean itxi egingo dira ibilgailuendako. Arratsaldeko 17:00etan Lekunberritik Aralarrera doan errepidea itxi egingo da, Guardetxe parean, eta tarte horretatik Aralarko santutegira bitartean ezingo da aparkatu. Bestalde, Uharte Arakilgo pista asteartean gauerdian itxiko dute, gaueko 12:00etan.

Aparkatzeko
Uharteko pista astearte gauean itxiko dutenez, asteazkenean Uharte Arakilera hurbiltzen direnek Sargaitz industrialdean aparkatu beharko dutela adierazi du Nafarroako Gobernuak. Halaber, Zamartzetik Irañetara bitarteko NA-2410 errepideko eskuineko aldean aparkatu ahalko da. Horretaz gain, Lekunberritik Aralarrera bitarteko errepidean, Guardetxera bitartean, autoak aparkatu ahalko dira.

Uharteko Udalak Vueltako antolatzailea eta Nafarroako Gobernua egin ditu erantzule
Vuelta Aralarko santutegira iristeak zeresan handia eman du. Bereziki Uharteko pistaren egoera dela eta. Jakina denez, pista pitzaduraz beteta dago. Pista Uharte Arakilgo udalaren jabetza da, baina Vuelta bertatik pasako zela prentsaren berri jaso zuen Uharteko Udalak. Formak ez zirela egokiak izan adierazi zuten udaletik, baina behin Vuelta aurkeztuta, gutxienez horrek pista konpontzea ekarriko zuela uste zuten. Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Pruden Indurainekin bildu ziren eta pista konpontzeko konpromisoa adierazi ziela adierazi zuten Uharte Arakilgo ordezkariek. “Gure arkitektoek txosten bat prestatu zuten, pistan egin beharreko konponketak zehazteko, eta begi onez ikusi zuten. Sustapen Departamentutik balorazioa egina zutela adierazi zuen Indurainek. Baina egunak pasa eta egunak etorri, ez zegoen mugimendurik. “Euren atzetik ibili gara eta ez dugu konpromiso gehiagorik jaso” adierazi zuten abuztuaren hasieran Udaletik. Guaixetik Nafarroako Gobernuko Sustapen Departamentura eta Kirol zuzendaritzara jo genuen lanak egingo ote diren edo ez galdetzeko, eta pista Nafarroako Gobernuaren jabetza ez denez, bertan ez dela lanik egitea aurreikusten izan zen jasotako erantzuna.

Vuelta iritsi baino 8 egun lehenago Uharte Arakilgo Udalak, Javier Rodrigez alkatea buru, prentsaurrekoa eman zuen Uharteko pistan, pistako egoera nola dagoen salatzeko (Ikus prentsaurrekoa www.guaixe.net-en). Udalak pistaren egoera “txarra” dela adierazi zuen, eta txirrindularien makina bat istripu izan direla. San Migelekoa baso-pista dela gogoratu zuten, eta bertatik ezin direla txirrindulak eta motorrak ibili, bere egoeragatik. “Guk ez dugu inoiz Vuelta hona etortzera eskatu. Komunikabideengatik enteratu ginen. Ordutik, ardura eta zuhurtzia guztiarekin jokatu nahi izan dugu, Vueltako antolakuntzak eta Nafarroako Gobernuak egin ez dutena. Udal honek jaso duen eskaera formal bakarra, abuztuaren 18an jaso zen, Probintziako Trafikoko Buruzagitzatik sinatutakoa. Udaletik argi eta garbi adierazi nahi dugu pistaren egoeragatik ezbeharren bat edo istripuren bat gertatzen bada, Udala ez dela erantzulea izango. Vueltako antolatzaile Unipublic eta Nafarroako Gobernua izango dira erantzuleak” nabarmendu zuen alkateak.

Pistan egindako partxeoak eta Lizarragako tunela argitzea
Uharteko Udalaren salaketak bazterrak astindu ditu eta, azkenean, pitzadura nagusienak nolabait makillatu edo partxeatu egin behar izan ditu Nafarroako Gobernuak azken aste honetan. Nonbait, kostuak Unipublicek hartuko ditu bere gain. Langileak korrika eta presaka aritu dira porlanarekin pitzadura nagusienak estaltzen. Horretaz gain, Vuelta pasako den eremuan bazterrak garbitzeko lanak, pitzadurak zigilatu eta batxeak konpontzeko lanak eta beste egin ditu. Horretaz gain, Lizarragako tuneleko hormak edo hastialak zuriz margotu ditu, tunelak ez baitu argiztapenik. Finean, Vuelta igaroko den ibilbide guztia garbituko du Gobernuak. Bukatzeko, Nafarroako Gobernuak “Nafarroako Erresuma-Nafarroa” eta “Reyno de Navarra-Navarra” leloa errotulatu du Vuelta pasako den errepideetako hainbat eremutan, tartean Sakanan.

EH Bilduk euskara errespetatzeko eskatu du
EH Bilduk Espainiako Vueltako antolatzaile Unipublic enpresari eskatu dio Euskal Herriko izaera eta ezaugarriak errespetatu ditzala. “Nafarroan egiten den edozein ikuskizunetan gure kultura eta hizkuntza errespeta ditzala, horretarako beharrezko neurriak hartuz” adierazi du EH Bilduk. Publizitate euskarri eta emanaldietan euskararen erabilera berma dadila eskatu du EH Bilduk “Euskara Nafarroako hizkuntza delako ere badelako”. Iritzi berberekoa da Uharte Arakilgo Udala. “Uharte Arakilgo errealitate soziolinguistikoa errespetatzea eskatzen dugu, euskarari gaztelaniari bezalako tratamendua ematea, gure udal ordenantzek hala jasotzen dutelako” adierazi du Uharte Arakilgo alkateorde Ainara Aiestaranek.
Halaber, etapak nazioartean izango duen oihartzuna kontuan izanda, euskal herritarrak “euren nazionalitatea, kultura eta hizkuntza” erreibindikatzera gonbidatu ditu EH Bilduk.

Bestalde, Nafarroako Partido Popularrak (PPN) Bilduri eskatu dio “kirol ekitaldiak politizatzeari utz diezaiola”. “Ezker abertzaleak edozein aukera bilatzen du bere mezu politikoa sartzeko, Espainiako Vueltarekin egin duen bezala. Soilik lau katuri inporta zaizkion Euskal Herriari buruzko mezu horiekin nazkatuta gaude gehienok. Bakean bizi nahi dugu, lasaitasunean, Vuelta Nafarroatik pasa dadila, jendeak ongi pasa dezala eta mezu positiboak bidali daitezela, gure komunitatera turismoa erakartzeko” adierazi du PPN-ko Pablo Zalbak.  

Quintana lider
Vueltari dagokionez, sailkapen orokorra oso estu dago. Atzo Aramon Valdelinaresen despeditutako etapan Lampre taldeko Winner Anacona izan zen garailea. Sailkapen orokorrean Jose Luis Arrieta uhartearrak zuzentzen duen Movistar taldeko Nairo Quintana da liderra, 3 segundo eskasera Alberto Contador, 8 segundora Alejandro Valverde, 9 segundora Winner Anacona, 28 segundora Froome eta 30 segundora Purito Rodriguez dituela. Nairo Quintana eta Alejandro Valverde taldekideak laguntzeko lanean dabil Imanol Erbiti. Hiriberrikoa 103.a da, 51:50ra. Bestalde, Sakanatik sortutako Rural Kutxa lan txukuna egiten ari da.

Gaur atseden hartuko dute eta bihar, asteartean, 34 km-ko erlojupekoa jokatuko dute, sailkapen orokorrean tartea zabalduko duena. Asteazkenean iritsiko da Aralarko etapa ikusgarria.