Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez “Espainiako itzulia Euskal Herrira ekartzeko erabakia, kirol irizpideetan baino irizpide politikoan oinarritzen da. Horregatik alde dugu gure mezua, Txirrindularitzari BAI, kirolaren erabilpen politikoari EZ”. Lelo horrekin protesta egin zuen igandean ESAITek Vueltako ibilbidea pasatzen den eremuetan bizikleta martxa eginez. Lelo hori zeraman pankartarekin argazkia egin zuten Uharte Arakilen eta San Migelen. Gaurko etapa ikustera hurbiltzen diren euskal herritarrei “euskal sinboloak, ikurrak eta banderolak eramateko deia” egin du ESAITek, “Espainia ez garela, Euskal Herria izena duen nazioa baizik” adierazteko.
EH Bilduk euskara errespetatzeko eskatu du
EH Bilduk Espainiako Vueltako antolatzaile Unipublic enpresari eskatu dio Euskal Herriko izaera eta ezaugarriak errespetatu ditzala. “Nafarroan egiten den edozein ikuskizunetan gure kultura eta hizkuntza errespeta ditzala, horretarako beharrezko neurriak hartuz” adierazi du EH Bilduk. Publizitate euskarri eta emanaldietan euskararen erabilera berma dadila eskatu du EH Bilduk “Euskara Nafarroako hizkuntza ere badelako”. Iritzi berberekoa da Uharte Arakilgo Udala. “Uharte Arakilgo errealitate soziolinguistikoa errespetatzea eskatzen dugu, euskarari gaztelaniari bezalako tratamendua ematea, gure udal ordenantzek hala jasotzen dutelako” adierazi du Uharte Arakilgo alkateorde Ainara Aiestaranek.
Halaber, etapak nazioartean izango duen oihartzuna kontuan izanda, euskal herritarrak “euren nazionalitatea, kultura eta hizkuntza” erreibindikatzera gonbidatu ditu EH Bilduk.
Bestalde, Nafarroako Partido Popularrak (PPN) Bilduri eskatu dio “kirol ekitaldiak politizatzeari utz diezaiola”. “Ezker abertzaleak edozein aukera bilatzen du bere mezu politikoa sartzeko, Espainiako Vueltarekin egin duen bezala. Soilik lau katuri inporta zaizkion Euskal Herriari buruzko mezu horiekin nazkatuta gaude gehienok. Bakean bizi nahi dugu, lasaitasunean, Vuelta Nafarroatik pasa dadila, jendeak ongi pasa dezala eta mezu positiboak bidali daitezela, gure komunitatera turismoa erakartzeko” adierazi du PPN-ko Pablo Zalbak.
Iritziak iritzi, argi dagoena da gaurko etapan euskal ikurrek toki handia izango dutela. Vuelta mundu mailan erakusleiho handia da eta mota guztietako erreibindikazioak, eskariak eta beste egingo dituzte txirrinduzaleek.
Kontrol handia
Egunotan San Migeletik pasatu direnek diotenez, Guardia Zibil mordoa ibili da egunotan San Migelen eta Aralarren. Holako ekitaldietan gertatu ohi denez, segurtasun indar handiak izaten dira eta gaurko etapan era hala da.