Herriko memoriaren hirugarren atala aurkeztuko dute

Guaixe 2019ko aza. 22a, 12:14
Bigarren atalaren aurkezpenaren une bat.

Altsasuko Memoria taldeak 1993 eta 2019 urteen artean herrian gertatutakoen berri jaso du eta larunbatean, 19:00etan, Iortia kultur gunean aurkeztuko du.

Aurreneko aipamenetatik gaur egunera arte, Altsasu Memoria taldekoak herriaren berri jasotzeko lana jarri zion bere buruari, “historia ofizialaren bazterrean, ezpondetan zokoratuak izan diren Altsasuko protagonista eta gertakariei” argia emateko. “Bere historia ezagutzen duen herriak bere oraina ulertu eta dominatzeko”. Altsasuko historiaren errepaso horren hirugarren atala emanen dute larunbatean. Altsasuko historiaren azterketa horren azken atalak 1993 eta 2019 urteen arteko gertaerak jasotzen ditu. Aurreko atalen aurkezpenetan bezala, oraingoan ere gertaeren berri ematearekin batera musika emanaldiak izanen dira. 

Aurrekoak 
Altsasu Memoriakoek euren lanaren aurreneko atala 2014ko martxoaren 28an aurkeztu zuten. Atal horrek Altsasuren historiako 76 urtetik 1950 urtera arteko tartea hartzen du. Bitarte horretan daude, esaterako, Gaztelaren Gipuzkoako eta Arabako konkistagatik Altsasu Nafarroako erresumaren muga izatera pasatu zela, Gaztelak 1512an egindako Nafarroaren konkista, karlistadak edota 1936ko estatu kolpearen ondorengoak. 

Bigarren atalak 1950 eta 1992 urteen arteko aldiari erreparatu zion. Besteak beste honakoak jaso zituzten: Fasan izandako greba, Segura Irratiaren hedatzea, folkloreak zuen jazarpena, erbesteko Eusko Jaurlaritzan altsasuar batek parte hartzeko jasotako gonbidapena, inguruko mendietan jarritako ikurrinak, sindikatuen sorrera, Ez dok Amairu eta Enrike Zelaia edota ikastolen sorrera, dantzari egunarekin, Gure Etxeak sorrarazitako mugimendua, Altsasuko ikastolaren sorrera, Nafarroako grebak, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, euskal jaiak, Urbasan izandako filmaketa, ikurrinaren legeztatzeak eta hura jartzeagatik etxe batek jasandako atentatua, 1981ko estatu kolpea, herri kontsultarik gabe onartutako Foru Hobekuntza, ZEN plana, gerra zikina eta pertsonen kontrako atentatuak, Otanen kontrako erreferenduma, presoen dispertsioa edo Leitzarango autobiako gatazka, intsumisioa edota gaztetxea aipatzen dira.