Espainiako Vueltako 11. etapa Iruñean hasi eta Aralarko San Migelen despeditu zen. Milaka zaletu hurbildu ziren etapa jarraitzera, eta Aralarko pista, Aralar santugiko inguruak eta beste zaborrez beteta utzi zituzten. Pentsatzekoa zen Vueltako antolatzaile Unipublicek berehala garbituko zuela zikindutako guztia, baina egunean bertan ez eta hurrengo egunean ere ez zen inor garbitzera hurbildu. Horrek haserrea piztu zuen, Aralar zaborrez gainezka eta zikin-zikina baitzegoen. Aralarko basozainak, Aralar santutegiko arduradunak eta Uharte Arakilgo udaleko ordezkariak Vueltako arduradunei azalpenak eskatu zizkieten, eskakizunetako bat lehenbailehen Aralar zegoen bezain garbi uztea baitzen. Aralarko zikinkeria agerian uzten zuten bideoak eta argazkiak berehala zabaldu ziren sare sozialetan.
Azkenean, ostiralean, Vueltako etapa jokatu eta bi egunetara hasi ziren garbiketa lanak. Nonbait, osteguneko behelainoa zela eta, egun bat atzeratu zuten egitekoa. Uharte Aralarko Udaletik azaldu zigutenez, guztia txukun eta garbi utzi zuten. “Goizean santutegian hasi ziren garbiketa lanekin eta gero pistan beherantz egin zuten. Arratsaldean ere beste pasada bat egin zuten. Guk ikusi genuenez eta basozainek konfirmatu zigutenez, garbi utzi zuten dena” azaldu digute Uharteko udaletik.