Bakaiku eta Ziordia arteko herriei, Burunda ibarrari, 83. km dagokio Gure Esku Dagok antolatu duen giza katean. Ekimen horrek garagarrilaren 8an, igande eguerdiz, Durango eta Iruñea lotu nahi ditu, 123 km luzeko giza katea osatuz. Guztia erabakitze eskubidearen alde egiteko.
Ekimena Burundan aurkezteko eta burundarrak parte hartzera animatzeko gaur ekitaldia izanen da Altsasuko plazan. Gure Esku Dago ekimeneko kide batek beharrezko azalpenak emanen ditu. Harekin batera ekitaldian Castillo Suarez, Enrike Zelaia, Zubiondo abesbatza eta fanfarrea ariko dira. Gainera, garagarrilaren 8rako entsegu moduan, bildutakoen artean giza kate bat sortzeko asmoa izanen da.
Altsasun katean parte hartzeko txartela erosteko aukera izanen da. Eta parte ezin duenak 0 km edo laguntza txartela izanen du eskura. Bestalde, aurreko ostiralean Lakuntzan egin zuten Gure Esku Dago ekimenaren aurkezpena.