Durango eta Iruñea artean 123 km daude eta igandean bi muturrak lotuko dituen giza katea osatuko da, eguerdian eta ordu erdiz. Erabakitzeko eskubidearen alde Euskal Herrian lanean dagoen Gure Esku Dago herri ekimenak antolatu du mobilizazioa. Igandean urte bat beteko da jendaurrean aurkeztu zela. Euskaldunon erabakitzearen eskubidearen alde herri aktibazioa eta atxikimendua lortzea du hasierako helburu. Horretarako, dinamikak aniztasuna eta askotarikotasuna printzipioak hartu ditu ikurtzat. Hau da, ezberdinen arteko gogo-kidetasuna bilatu dute.
Nazioa gara; Erabakitzeko eskubidea daukagu eta Etorkizuna Herri honetako herritarren esku dago. Hiru ideia horiek oinarri hartu dituzte Gure Esku Dago-n. Erabakitzeko eskubidea Nazioarteko legerian jasotako eskubide demokratiko eta unibertsala dela gogorarazi dute antolatzaileek. Gure Esku Dago-ko kideek erabakitze eskubidea aldarrikapen prepolitikotzat du eta oinarri demokratiko bat sortzearen alde lan egin du. Horretarako, sentsibilitate guztien topagune bihurtu nahi izan du. Eta gizartean dagoen behar bati bide eman nahi izan dio ekimenak giza katea antolatuz.
Etzi
Dagoeneko 60.000 pertsonak erosia dute giza kateko metro bana. Eta izanen da azken orduan parte hartzea erabakiko duenik ere. Lizarrustitik sartu eta Aizkorbetik aterako da giza katea Sakanan, 30 bat km eginez. Sakandarrek haietako bi beteko dituzte. 83 eta 84, Lizarragabengoako trenbide gaineko zubitik Arbizuko bidegurutzera arte bat eta bestea Lakuntzako industrialdeko bidegurutzera arte. Aurrenekoan Aizkorbe, Errotz, Etxeberri, Egiarreta, Etxarren, Ekai eta Satrustegikoeikin batera
Irurtzundarrak eta burundarrak izanen dira. Bigarrenean Urritzola, Izurdiaga, Zuhatzu, Hiriberri eta Ihabarkoekin batera, Irañeta eta Etxarri Aranatz bitarteko herritarrak izanen dira.
Kalejiran
Km-tarako gertutasunatik bi kalejira antolatu dira sakandarrak elkarrekin dagokien tokira elkarrekin joateko. Igandean, 10:15ean Lakuntzako udaletxean jarri dute hitzordua. Uharte Arakilgo erraldoi eta buruhandi konpartsa, Lakuntza Kantuz eta trikilariak lagunduta abiatuko da kalejira hori. Beste kalejira Etxarri Aranaztik aterako da, 10:00etan abiatuko da errotondatik, ordu erdi geroago Arbizuko kiroldegian egoteko.
Gero festa Etxarrin
Katea bukatu ondoren, hainbat herritan ospakizunak antolatu ditu Gure Esku Dago ekimenak. Haietako bat Sakanan izanen da. Hasiera batean Arbizun aurreikusia bazegoen ere festa Etxarri Aranatzera lekualdatu da.
Egitaruau
14:00etan Ekitaldi nagusia.
15:00etan Bazkaria*.
15:30ean Kontzertua: Xaiko, Vendetta eta Tximeleta.
Haurren gunea, tailer eta puzgarriekin.
Oharra: barra, bokatak… izanen dira.
*1000 pertsonarendako da, bi txandatan. Azken txartelak gaur Leku Ona Tabernan izanen dira salgai.
Pintxoak
Igandeagoizetik eta giza katea pasa arte, Lizarragabengoako Bordatxo elkartea zabalik egonen da taberna gisa eta pintxoak eodta bokatak ere izanen dituzte. Ateratako dirua isunak ordaintzeko izanen da.